Hasiera » arnasguneak » “Euskara da munduari egiten diogun ekarpena: gure marka, gure kolorea, bereizten gaituena”

“Euskara da munduari egiten diogun ekarpena: gure marka, gure kolorea, bereizten gaituena”

UEMAko lehendakari Josu Labaka solasean aritu da gaur eguerdian Info7 irratiko Gureaz Blai saioan. Donostian pasa den astean izan zen Hitzargiak topaketei eta UEMAk bertan aurkeztu zuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari buruz aritu da, gai honek azken urteotan egin duen bidearen garrantzia nabarmenduz.

ELE-hitzargiak[Hitzargiak topaketan, Aland uharteetako Elisabeth Naucler-ekin batera egin zuen saioan aritu zen UEMAren koordinatzaile Miren Segurola Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari buruzkoak aurkezten].

Horri buruz, hona Josu Labakak gaur Info7 irratian esandakoa.
Irudiaren gainean klik eginda entzun daiteke audioa.

Josu-info7

Hemen, berriz, testua, bere horretan:

“Euskara da munduari egiten diogun ekarpena:  gure marka, gure kolorea, bereizten gaituena”

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak antolatuta, Hitzargiak, elkar argitzen duten hizkuntzak izeneko topaketa egin zen pasa den astean. Europako hizkuntza aniztasuna ikusarazteko ez ezik, Europako hizkuntza gutxituak biziberritzeko batean eta bestean egindako lanaren berri emateko ere balio izan zuen topaketak, batzuen eta besteen esperientziak, proiektuak eta arrakastarako gakoak konpartituz. Azken batean, hizkuntza gutxituen arteko harremanak, elkarlanak eta sinergiak sortzeko eta aktibatzeko asmoa zuen topaketak, batzuek egindakoa besteentzat baliagarria izan daitekeelakoan.

Korrika, esaterako, euskararen aldeko aldarri gisara sortu zen, Euskal Herrian, eta haren arrakastaren ildotik sortu zituzten hainbat urte geroago Kataluniako Correlingua, Irlandako Rith, Bretainiako Redadeg edota Galesko Ras Iaith, batzuk aipatzearren. Hizkuntza bat sustatzeko nonbait arrakasta izan duen formula beste leku batzuetara esportatzearen adibidea besterik ez da.

Horrelakoei bide emateko eta arrakastarako gakoetatik ikasteko topaketa izan zen Hitzargiak. Kontu interesgarri asko aletu ziren bertan, eta udalerri euskaldunek ere izan zuten lekua. Zehazki, lehen aldiz adiskide galestarrei entzundako kontu bati buruzkoak aurkezteko: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. UEMAk, Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEUk 2014an gonbidatu zituzten galestarrak, Lurraldea eta Hizkuntzari buruzko lehen jardunaldietara. Lehen aldiz orduan aritu ginen haiekin batera foro ‘ofizial’ batean Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaz hitz egiten: esanez hirigintzak hizkuntza batean egundoko eragina izan dezakeela, eta hizkuntza baten arnasguneak zaindu nahi badira, ekologian bezala, ingurune zehatz batzuk zaintzeko neurriak hartu behar direla.

Ordudanik, gaia mahai gainean izan dugu Udalerri Euskaldunon Mankomunitatean, eta hiru urtean egundoko bidea egin du gurean. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek, urtero izan dute segida, arkitektoak, udalak, erakunde publikoak eta euskalgintza gai beraren inguruan solasean jarriz. Udal Legeari egindako ekarpenetan, udalerri euskaldunentzat ezinbesteko gakoetako bat zela aldarrikatu genuen, eta baita lortu ere: dagoeneko, EAEn legez bermatuta daukagu hirigintza proiektu baten aurrean Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko beharra, euskara babesteko.

Ez da harritzekoa, bada, Hitzargiak topaketan proiektu berritzaile gisara aurkeztea Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Udalerri euskaldunen errealitatea aintzat hartuta sortutako proiektua. Epe motzean, lorpen handiak izan dituena, bai jendarteratzeari dagokionez eta baita arautzeari dagokionez ere.

Euskaraz gara, esaten dugu udalerri euskaldunok. Zerbait bagara eta izango baldin bagara, euskaraz garela eta izango garela gogoratuz. Euskara da gure marka. Euskara da gure kolorea. Euskara da bereizten gaituena. Euskara da munduari begiratzeko daukagun leihoa, eta munduari egiten diogun ekarpena. Munduari gure hitzetik ematen diogun argia. Gure hitzargia.

Horregatik, hitzargi horrek argia lau haizetara zabaltzen segi dezan, ezinbestekoa dugu gure hizkuntza babesteko eta sendotzeko lanean segitzea, besteengatik ikasiz, ondo egindakoei eutsiz, eta munduari ematen diogun kolorea zabalduz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.