Hasiera » Administrazioa » Nafarroako Gobernuari izandako jarrera aldaketa eskertu, eskua luzatu, eta urrats ausartagoak eskatu dizkio UEMAk

Nafarroako Gobernuari izandako jarrera aldaketa eskertu, eskua luzatu, eta urrats ausartagoak eskatu dizkio UEMAk

UEMAko kide diren Nafarroako udalerrietako alkate eta ordezkariek agerraldia egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikari buruz aritzeko. Gaur egun, Nafarroako 13 udalerri dira UEMAko kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun eta Leitza. 

Nafarroa-prentsaurrekoa1
Herri horietako hainbat alkate eta udal ordezkari izan da gaurko agerraldian. Bertan izan dira, besteak beste, Araitz (Jose Manuel Zubillaga), Baztan (Joseba Otondo), Bera (Josu Irazoki) eta Etxarri Aranazko (Eneka Maiz) alkateak, eta Berako (Aitor Elexpuru) eta Arantzako (Ander Almandoz) zinegotzioak. Guztien izenean UEMAko zuzendaritza batzordeko kide diren Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkateak eta Aitor Elexpuru Berako zinegotziak hartu dute hitza.

Honakoa da gaurko prentsaurreko agerraldiaren edukia:
· audioa:

· PDFa:
· Nafarroa-prentsaurrekoa

Testu arrunta:

SARRERA

Erakunde publikoa den heinean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ez du ohikoa beste erakunde publiko baten jardunaren balorazioa egitea. Duela urtebete Nafarroan emandako aldaketa politikoaren ondoren, ordea, zenbait gogoeta helarazi nahi dizkiogu iritzi publikoari.
Izan ere, Nafarroako udalerri euskaldunok, eta batez ere UEMAko kide garenok, urte askoan euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta aurrerakoiak garatu ditugu, gure herrien egoera soziolinguistikoa gure udaletan eta administrazio publikoan ere isla zedin. Nafarroako Gobernuaren aldetik, ordea, bidelagunak baino gehiago oztopoak aurkitu izan ditugu gehiegitan eta, beraz, edozein aldaketak hoberako ekar dezakeen ilusioarekin ikusi genuen duela urtebete kargua hartu zuen Nafarroako Gobernu berria.

Lehen urtea igarota, udalerri euskaldunekiko hizkuntza politikak eman duenaz eta aurrera begira elkarlanerako izan ditzakegun kontuez hitz egitea da agerraldi honen asmoa.

NAFARROAKO GOBERNUAREN HIZKUNTZA POLITIKA, UDALERRI EUSKALDUNEKIKO

Ezer baino lehen, lehen urtean dagoeneko jarrera aldaketa sumatu dugula nabarmendu nahi dugu. Administrazio publikoen artean hautsita zeuden zubiak modu natural eta egokian osatuz, UEMAk eta Nafarroako Gobernuak lehen aldiz bilera egin zuten otsailean, eta elkarlanean aritzeko borondatea agertu genuen bi aldeek, hainbat alorretan lankidetzarako aukera dagoela iritzita.

Nafarroako Gobernuaren aldetik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi eta Euskaren Plangintza eta Sustapen Zerbitzuko zuzendari Paula Kasares izan ziren bilera hartan.Otsailean nabarmendu genuen bezala, bi erakundeok etorkizunean izan dezakegun lankidetzaren lehen urratsa besterik ez zen izan bilera hura. Harremanak normalizatu, eta euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko pausoa. Elkarlanerako hiru ildo aurreikusi genituen, horiek lantzen hasteko konpromisoarekin:

1. Administrazioa euskalduntzeko bitartekoak eta hizkuntza politikak aztertzea.

2. Udalerri euskaldunen zaintzari arreta berezia eskaintzea: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa eginez behar den kasuetan, eta euskarari eusteko neurriak aztertuz.

3. Herritarrak ahalduntzeko zein kontzientziatzeko ekimenak kontuan hartzea: euskararen arnasguneei buruzko tailerrak jendarteratzea eta, batez ere, UEMAren hezkuntza proiektua kontuan hartzea, udalerri euskaldunetako ikasleak eta irakasleak kontzientziatzeko.

Komunikazioan eta solaskidetzan zubiak eraikitzeaz harago, beraz, lankidetzarako ildoak ere zehaztuta geratu ziren, eta ildo horietan sakontzen aritu gara bi aldeok azken hilabeteotan:

· Hezkuntza Departamentuak interesa agertu zuen arnasguneei buruzko tailerrak bertatik bideratzeko, eta UEMAren hezkuntza proiektua ezagututa, azken hilabeteotan hurrengo ikasturterako ekimenak lotzen aritu gara bi aldeen artean.

· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa laguntzea aurreikusi da. Hirigintza egitasmoek
hizkuntzan izan dezaketen eragina aztertzen da tresna honekin, eta ondorioen arabera, neurri zuzentzaileak ere proposatzen dira. EAEko Udal Lege berriak, esaterako, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko beharra legez bermatu du, eta UEUk graduondokoa ere sortu du datorren ikasturterako, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari buruz.

· Euskara sustatzeko politikak kontuan izango dituzten laguntzak ere abian dira. Esaterako, Euskarabideak pasa den astean argitaratu zituen “Udal esparruan euskara erabiltzeko eta
sustatzeko laguntzak”, 147.00 eurotik 300.000 eurora igo dira iaztik hona.

Horrez gain, dagokion moduan, bi aldeen arteko harreman instituzionala erabat normalizatu da. Nafarroako Gobernuak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena jaso dugu, eta Nafarroako Gobernuak ere ordezkaritza bidali zuen UEMAren 25. urteurrena ospatzeko
maiatzaren 5ean Aizarnazabalen egin zen ekitaldi instituzionalera, zein Leitzan maiatzaren 28an ospatutako Udalerri Euskaldunen Egunera.

Aldaketa, beraz, forma kontuetan ez ezik, edukietan ere ikusten ari gara, eta hori, benetan, eskertzekoa da Nafarroako udalerri euskaldunen izenean.

BIDEAN AGERI DIREN HAINBAT MUGARRI

Hilabete hauetan guztietan, hizkuntza politikan eragin nabarmena duten hainbat gai izan ditu esku artean Nafarroako Gobernuak. Horietako zenbait, udalerri euskaldunon eskaera eta lanketa luzeen isla dira. Hona hiru arlo nagusi jorratzeko ditugunak:

1-Liburuzainen afera: ez dugu informaziorik

Gaur egun, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko liburuzain lanpostuek ez dute hizkuntza eskakizunik (HE), liburuzainaren hautaketa Nafarroako Gobernuaren esku dagoelako. Liburutegi horiek udal liburutegiak dira, baina hitzarmen bidez liburuzaina Gobernuak hautatzen du, bere irizpideen arabera. Eremu euskalduneko liburuzain lanpostuetan euskara meritua da, baina ez da ezinbestekoa euskara jakitea. Ondorioz, eremu euskalduneko liburutegi publikoetako zenbait liburuzain ez dira elebidunak, herritarren hizkuntza eskubideak urratuz. Zenbait udalek egoera salatu dute (esaterako, Berak 2010 urtean epaitegira jo zuen, eta aldeko epaia lortu zuen).
Aurreko legealdian Nafarroako Gobernuak lekualdatze lehiaketa deitu zuen, eta orduan ere ez zen euskara nahitaezko izan. Prozesu horren ondoren, zenbait liburuzain lanpostu hutsik gelditu ziren. Zehazki, eremu euskaldunean, Bera, Lesaka, Etxarri Aranatz eta Olaztikoa. Beste batzuetan, berriz, liburuzaina ez da elebiduna.

Gure harridurarako legealdi honen barnean, apirilaren 4ko ebazpen baten bidez, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak liburutegiko arduradun lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onestu zuen: bata, aldi baterako kontratazioak egiteko eta, bestea, zerbitzu berezien egoeran prestakuntza izateko. Horietan ere euskara ez zen nahitaezko izan udalerri euskaldunetako liburuzain lanpostuetarako.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2015eko uztailean lanpostu deialdia egin zuen Bera eta Lesakan bi liburuzain lanposturako. Probak 2016 urte hasieran egiteko asmoa zegoen. Udalak 2015eko iraileko plenoan deialdia bertan behera uzteko eskatzen dio Nafar Gobernuari euskara bermaturik ez dagoelako eta hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa paratzeko eskatu zitzaion. 2016ko martxoko plenoan eskaera hauek berretsi zituen. Nafarroako Gobenuak ateratako oposaketa ofizioz berrikusi behar du eta oraingoz suspentsoan utzi dute (105/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa). Helburua da oposaketa baloratzeko puntuazioa aldatzea euskara jakitea 30 puntu arte baloratu ahal izateko. Hau da baloratzen ahal den gehienezkoa. Ezin omen da euskara ezinbertzeko baldintza bezala jarri jadanik oposaketaren deialdia egina dagoelako.

Uste dugu egoera oso kezkagarria dela, eta aurrera jo behar dugula. Plantilla organikoak bere horretan jarraitzen duen bitartean, arazoak hor jarraituko du. Euskararen Legea beteko bada, ezinbestekoa da Liburutegi Publikoko Sareko eremu euskalduneko liburuzain lanpostuei (Bera, Lesaka, Elizondo, Leitza, Olazti, Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun eta Aurizberri) HE gehitzea, euskara jakitea nahitaezko izanik.

Gaur hemen publiko egiten dugu Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Libutegien Sareko udalen eskaera bateratuak bideratzen ari garela, eskatzeko gure liburutegietan Euskararen Legea bete dadin.

2- Osasungintza: emandako urratsa txikiegia da

Osasungintzari dagokionez, aurreko legealdian hainbat eskaera egin genituen baina ez genuen aurrerabiderik izan. Udalerri euskaldunetan %70etik gora gara euskaldunak, baina gure Osasun Etxeetan % 27ri bakarrik eskatzen zaio elebiduna izatea. Eta gainontzeko osasun
zerbitzuetan ezta hori ere.

Legealdi honetan, azaroaren 13an Parlamentuko lansaio batean UEMAko ordezkariok agerraldi bat egin genuen osasun zerbitzuetako arreta euskaraz jasotzeko eskaera eginez, Nafarroako Arartekoak arrazoia eman baitzien gure udalei, Nafarroako Gobernuari igorritako txostenaren bidez. Kontuan hartuta, besteak beste, luze gabe Osasunbideak OPE bat (Lan Eskaintza Publiko) atera behar duela, hiru eskaera egin genituen:

1. Arartekoak txosten bidez Nafarroako Gobernuari proposatutakoa bete dadila. 1986ko euskararen legea ez da bete 30 urteotan, osasungitza arloari dagokionez. Eta honekin batera, beste 3 eskaera:
2. 203/2001 FORU DEKRETUA aldatzea: plantillako zein lanpostutan den euskaraz jakitea nahitaezko eta zer jakite maila behar duten arautzen duena
3. 29/2003 FORU DEKRETUA aldatzea: Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen legea arautzen duena.
4. 55/2009 FORU DEKRETUA aldatzea: Nafarroako Gobernuko langileen plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena.

Gai honetan izan da aurrerapausorik. Maiatzaren 25ean, 35/2016 FORU DEKRETU bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomaen plantilla organikoa aldatzen da, eta osasun arloko 12 lanpostutan euskara eskakizuna gehitzen da, “1 mailakoa”. 12ak udalerri euskaldunetakoak, hain zuzen ere. Izan ere, perfil horiek aipatutako Lan Eskaintza Publikoan jasoko dira.

Baina 12 lanpostu elebidun jartzea, ordea, oso aurrerapauso txikia da. Oraingoz ez dago lehen aipatutako FORU DEKRETUEN aldaketarik edo bertan behera uzterik, Euskarabidean iragarri ziguten arren. Eta horiek dira, hain zuzen ere euskararen normalizazioa oztopatzen dutenak. Ez dago plantilla organikoan euskarazko perfila jartzeko baliatuko diren irizpideen aipurik, Euskarabideko arduradunek iragarri ziguten arren.

Kontuan hartuta Osasunbideko Lan Eskaintza Publiko hori zabala izango dela, eta hainbat urtetarako osasun arloko langileen sarea finkatuko duela, oso aurrerapauso txikia da. Ez da nahikoa urrats 30 urteotan egondako galgari amaiera emateko.

3- Baztango Euskara Plana: udal lege berria behar dugu

Berriki Euskal Autonomia Erkidegoan Udal Lege berria jarri dute indarrean, eta bertan arnasguneetan hizkuntza politika ausarta egiteko lege babesa jaso dute udalerri euskaldunek.
Nafarroan, ordea, ez dago hnelako lege babesik. Izan ere, aurten, maiatzean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Baztango Euskara Plana. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak «legez kanpokotzat» jo du 2014ko abuztuan onartutako Baztango euskara plana eta bertan behera utzi du. Iazko urtarrilean, UPNren Gobernuak salaketa jarri zuen, udalean hizkuntza irizpideak jartzea «legez kanpokoa» dela iritziz eta Auzitegiak arrazoia eman dio orain.

UEMAtik gogoratu nahi dugu udalerri euskaldunok ez daukagula autonomiarik asnasguneetan beharrezkoak diren neurri ausartak garatzeko. Horretarako udal lege berria eskatzen dugu. Orain Nafarroako Kontzejuen eta Udalerrien Mankomunitatea (FNMC) lanean ari da Udal Mapa berri baten proposatzeko. Pentsatzekoa da horren ondotik Udal Lege berria etor litekeela, eta eskatzen dugu euskararen gaia eta euskararen arnasguneen beharrak jaso daitezela. Berriz ere ez dadin gerta Baztanen gertatutakoa.

ONDORIOAK: URRATS AUSARTAK EMAN BEHARRA

Badakigu, jakitun gara, gai hau kudeatzea korapilatsua dela. Eta eskertzekoa da orain arte izandako elkarlana. Baina urte bat pasatuta, urrats esanguratsuagoak emateko garaia ere bada. Hizkuntza eskubideez ari gara. Udalerri euskaldunetako ordezkariak garenez, gure herritarren eskubideen defentsan ari gara, besterik gabe. Euskaraz gara, euskaraz bizi gara, eta administrazio publikoak horri erantzun egin behar dio.

Orain erabaki ausartak hartzea dagokio gobernuari. Baina euskaldunok Nafarroan bigarren mailako herritar izateari uzteko erabakiak dira. Udalerri euskaldunok babes berezia ere behar dugu, gure egoera soziolinguistikoagatik. Euskararen arnasguneak zaintzea behar-beharrezkoa da.

Argi utzi nahi dugu udalerri euskaldunekiko hizkuntza politikak aldaketa izan duela
Nafarroako Gobernu berriarekin. Lehen urtean, UEMAren eta Nafarroako Gobernuaren artean zubiak eraiki eta lankidetzarako ildoak zehaztu ditugu. Aspaldian luzatuta genuen eskuari heldu dio gobernu honek, eta udalerri euskaldunetako ordezkari publikoak garen heinean, zintzoki eskertzen dugu zabaldu den bidea.

Oraindik, ordea, erabaki ausartak eta aurrerakoiak behar ditu Nafarroako hizkuntza politikak. Urte bat pasatu da Gobernu berria hasi zenetik, baina beste hiru urte gelditzen dira urratsak emateko. Eta asko dago egiteko, batez ere aipatutako hiru arlo nagusiotan: liburuzainen afera, osasungintza eta udal legea. Bestalde, eskatzen dugu Arartekoak txosten bidez Nafarroako
Gobernuari proposatutakoa bete dadila. Eta baita ere 203/2001 FORU DEKRETUA aldatzea, 29/2003 FORU DEKRETUA aldatzea, 55/2009 FORU DEKRETUA aldatzea.

Bide horretan bidelagun izango gaitu Nafarroako Gobernuak. Euskalgintzak ekainaren 4an Iruñeko karriketan nabarmendu zuen moduan, hau ez da inoren aurkako agerraldia, bestelakoa baizik: aldakataren alde egindako bidea eskertu, eta eskua luzatuta dugula gogorarazteko parada da, euskarak lege babesa eta politika aurrerakoiak behar dituela nabarmentzeko. Horiei atea zabalduz, udalerri euskaldunen babes guztia izango du Nafarroako Gobernuak.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk erabaki “sakonagoak” exijitu dizkio Euskarabideari (Berria, 2016-06-23).
· Aurrerapausuak onartuta, urrats ausartak eskatu dizkio UEMAk Nafarroako Gobernuari (naiz.eus, 2016-06-22).
· Euskarari dagokionez “urrats ausartagoak” egiteko eskatu dio UEMAk Nafarroako Gobernuari (Euskalerria Irratia, 2016-06-23).
· Hamahiru udalerri euskaldunek urrats gehiago eskatzen dizkiote Gobernuari (Noticias de Navarra, 2016-06-23).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.