· Goizean batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, eta hiru udal berri onartu dituzte UEMAn: Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar UEMAko kide dira gaurtik aurrera.
· Eguerdian ekitaldia egin dute Leitzako plazan, eta bertan izan dira euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari. Etxarri Aranazko alkate Eneka Maizek lege babesa eskatu du Nafarroako udalek euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak egin ahal izateko.
· UEMAko lehendakari Josu Labakak euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko elkarlana sendotzeko beharra nabarmendu du, gaurko Udalerri Euskaldunen Eguna bera eredutzat jarriz
1991ko maiatzean sortu zen UEMA, 19 udalek Aizarnazabalgo Udalerri Euskaldunen Egunaren baitan egindako batzarraren ostean. Gaur, 25 urte geroago, Leitzan ospatu du urtemuga Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Leitzako Udalarekin eta herriko hainbat elkarterekin batera prestatutako egun osoko egitarauarekin.
Bi ekitaldirekin eman diote hasiera Udalerri Euskaldunen Egunari, 10:00etan.
Batetik, UEMAren batzar nagusia izan da Leitzako udaletxean. Euskal Herri osotik heldutako ehun bat alkate eta zinegotzi bildu dira bertan. Aztergaien artean zituzten azken hilabeteotan UEMAra sartzeko zenbait udalek egindako eskaerak, eta horiek onartuta, Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar gaurtik aurrera UEMAko kide bihurtu dira. 76 udalek osatzen dute dagoeneko mankomunitatea. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 232.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.
Hiru udal berrien izenean, Legorretako alkate Zelai Amenabarrok hitz egin du batzar nagusian. Amenabarrok udal berrien poza eta ilusioa nabarmendu du: “Pauso garrantzitsua da guretzat, eta UEMArentzat ere bai”.
Legorretako alkatearen hitzetan, “arnasguneak indar handia hartzen ari dira azken urteetan euskalgintzan. Eta inork ez du dudan jarriko euskararentzat berebiziko garrantzia dutela. Euskara osasuntsu egotea gure herriak ere osasuntsu egotea delako, azken finean. Egoera horretan gatoz UEMAra, guretik emanez eta besteenetik jasoz. Espero dugu elkarren bidelagun izango garela bide horretan”.
Udal ordezkariak batzar nagusian zeuden bitartean, udalerri euskaldunetako hainbat herritar bildu dira euskararen arnasguneei buruzko mintegian. Hainbat herritako esperientziak trukatu dituzte. UEMAk, udalekin elkarlanean, arnasguneei buruzko tailerrak antolatu ohi ditu udalerri euskaldunetan. Hauetan, euskararen normalizazio prozesurako giltzarriak diren elementuak aurkezten dira, eta baita herri mailan eragiteko aintzat hartzeko esparruak definitu ere. Ondoren, identifikatzen diren hutsuneak gainditzeko, herrian bertan egin daitekeenari buruz hausnartzen dute parte-hartzaileek.
Gaur, Leitzan, herri ezberdinetan hausnartutakoaz elkarrekin hitz egiteko eta esperientziak konpartitzeko aukera izan dute Dima, Zestoa, Bergara, Oiartzun, Larraun, Etxarri Aranatz, Basaburua, Amezketa eta Leitzako herritarrek.
Festa giroan, herrien arteko kirolak ere izan dira Leitzako plazan, eta horien ostean, eguneko ekitaldi nagusia egin dute. Oholtzatik, 25 urteko lanaren uztari begiratu, ospatu, udalerri euskaldunen ekarpena aitortu, egiteko asko geratzen dela onartu, eta lanean segitzeko konpromisoa adierazi dute udalerri euskaldunetako ordezkariek.
Etxarri Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kide den Eneka Maizek, euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko udalek dituzten mugak salatu ditu, aste honetan epaitegiek Baztango Udalaren euskara plana bertan behera utzi dutela gogoratuz. “EAEn urrats bat egin da aurrerantz, Udal Legearekin. UEMAk aipatu ditu bertako onurak, oraindik gehiago beharko litzatekeen arren benetan euskarkaren aldeko politika aurrerakoiak lasai egin ahal izateko. Nafarroan, ordea, horraino ere ez gara heldu oraindik, eta gutxienez babesa behar dugu. Antzeko lege baten aldeko urratsak emateko deia egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari, eta hau sustengatzen duten alderdiei. Udalerri euskaldunek hizkuntza politika lasai bideratu ahal izateko lege babesea behar dugu Nafarroan ere. Hitz hutsen gainetik, erabakiak hartzeko eta aurrera egiteko garaia da”.
UEMAko lehendakari Josu Labakak ere benetako edozein aldaketa hitz hutsetatik harago heltzen dela nabarmendu du. “Horixe da UEMAk erakutsi duena urte hauetan guztietan, bidea eginez, eta horretan segi behar dugu, etenik gabe, euskaraz garela aldarrikatuz. Herri honen izaerarentzat eta etorkizunarentzat udalerri euskaldunen ekarpena egundokoa dela jakinda, hizkuntza politika aurrerakoiak eginez”. Aurrean oraindik zailtasun asko eta egiteko bide luzea egon arren, lortutako guztia harro egoteko modukoa dela nabarmendu du Labakak. “Elkarrekin bidea eginez, geldiezinak gara. Leitza eta gaurko Udalerri Euskaldunen Eguna eredu dira: erakunde publikoak, euskalgintza eta bateko eta besteko taldeak, elkarlanean, denak norabidea berean, euskararen arnasguneak sendotuz”, adierazi du.
Ekitaldira bildutako euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari ondoan dituela egin ditu adierazpenok UEMAko lehendakariak. Ondoan izan ditu, besteak beste, udalerri euskaldunetako dozenaka alkate eta zinegotzi, Nafarroako Gobernuko Mikel Arregi Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Arrosa Sestorain Ika Euskaltegietako ordezkaria, Iker Salaberria Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko koordinatzailea edota Azaitz Gartzia Euskal Herrian Euskaraz erakundeko ordezkaria.
Bateko eta besteko ordezkariez gain, udalerri euskaldunetako herritar askok ere bat egin nahi izan du gaurko festa eta aldarrikapen egunarekin, eta ehunka lagun elkartu da Leitzan. Eguerdian, herri bazkarian ia 300 lagun elkartu dira, eta festa egunak arratsaldean zehar jarraituko du, haurrentzako ikuskizunarekin, herriko kaleak girotzen ibiliko den elektrotxarangarekin, eta gaua heltzean izango diren rock kontzertuekin.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri Euskaldunen Eguna, 25 urtez euskara hauspotzen (uema.eus, 2016-05-18).
· Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an Leitzan (uema.eus, 2016-05-16).
· Leitzan ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna (berria.eus, 2016-05-18).
· Leitzan ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 28an (naiz.eus, 2016-05-18).
· Udalerri Euskaldunen Egunean Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta onartuko dituzte (argia.eus, 2016-05-20).
· Leitzan ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an (Europa Press, 2016-05-18).