UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7ko Gureaz Blai saioan aritu da gaur eguerdian, larunbatean Leitzan izango den Udalerri Euskaldunen Egunaz eta beste zenbait kontuz solasean.
Hemen entzun ditzakezue Labakaren hitzak:
· Josu Labaka: “Edozein aldaketak, hitzen gainetik, benetako erabaki politikoak behar ditu”.
Testua, berriz, hemen, bere horretan:
“Edozein aldaketak, hitzen gainetik, benetako erabaki politikoak behar ditu”
Ekimenez beteta dator asteburua. Gaurtik aurrera, Amurrion, euskal kultur sorkuntzaren transmisioan eta komunikazioan zerk huts egiten duen aztertuko dute hainbat lagunek, Jalgi jardunaldietan. Larunbatean, Leitzan, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko dugu bazter batetik eta bestetik heldutako euskal herritarrek, udalerri euskaldunek herri honi egiten dioten ekarpena aitortzeko eta aldarrikatzeko. Eta larunbatean bertan, Bilbon, prekarietatea salatzeko mobilizazio nazionala ere iragarri du sindikatu abertzale batek.
Batean edo bestean ezingo duela egon entzun diot egunotan bati baino gehiagori, hona etorri behar duelako, ala hara joan behar duelako. Ezin guztietan egon. Herri hau eraikitzeko, hausnartzeko, aldarrikatzeko… zenbat kontu, ekitaldi eta aukera, gehienak elkarren osagarri izan arren, gehienak egun eta leku ezberdinetan.
Xabier Gantzarain lagunari irakurri diot egunotan, sare sozialen batean, aspaldian denok mintzo garela euskal kulturaren edo euskararen egoeraz, eta hutsuneez, gabeziez, zailtasunez, ezinez. Zikloa amaitu delakoan, diagnostikoa egiten ari garela ematen orduak, egunak, urteak. Baina sendabidea jartzeko orduan kulturarengan jartzen dugula fokua, oinarria ahaztuta: politika. “Eta kontua politikoa da”, dio adiskideak. Ez du arrazoirik falta. Alferrik ibiliko gara ahaleginak eta bi egiten arlo batean edo bestean, egoera iraultzeko erabaki politiko sendorik ezean.
Guk Leitza izango dugu asteburuan elkargune. Festa eta aldarrikapena uztartuz, Udalerri Euskaldunen Eguna bertan antolatzea erabaki zuen UEMAk, 25. urteurrena herritarrekin ospatzeko. Leitzako Udalak bat egin zuen proposamenarekin, eta azken hilabeteotan, herriko hainbat talde, elkarte eta norbanako buru-belarri aritu dira larunbaterako ekitaldi oparoa eta herrikoia antolatzen. Euskararen arnasgunea dela sinetsita, beste hainbat herriren eredu eta bide-erakusle izan daitekeela ohartuta, udalerri euskaldun izatearen harrotasuna lau haizetara aldarrikatzeko erabaki politikoa hartu zuen Leitzako Udalak, eta ezin ederragoa izan da hilabete hauetan guztietan elkarlanean egin dugun bidea.
Egin, eta gero esan. Lanean aritu, eta gero emaitzaren berri eman. Eta ez alderantziz. Borondate politikoa alferrikakoa baita erabaki politiko sendorik ezean. Nafarroan bertan, horixe gogoratuko du euskalgintzak hurrengo asteburuan ere, ekainaren 4an, Kontseiluak antolatuta, ‘Eman bide euskarari’ lelopean antolatu duten manifestazio erraldoian. Edozein aldaketak, hitzen gainetik, benetako erabaki politikoak behar dituela.
Horrela soilik gaindituko dugu prekarietatea euskarari eta euskal kulturari dagozkion alorretan ere: erabaki politiko sendoak hartuz eta eredu izanez. Ez hitz hutsekin. Erakunde publikoek, alderdiek eta sindikatuek, behingoz, euskararena lehenengo mailan jokatu beharreko partida dela ulertu behar dugu. Alferrik gabiltza afizionatuen mailako erabakiekin, ordezkaritzarekin eta jarrerekin ezer aldatu nahian. Kontua politikoa da, eta lehen mailakoa.