Hasiera » udalerriak » Udalerri Euskaldunen Eguna, 25 urtez euskara hauspotzen

Udalerri Euskaldunen Eguna, 25 urtez euskara hauspotzen

Maiatzaren 28an Leitzan izango den Udalerri Euskaldunen Eguna aurkeztu eta bertara joateko deia egin dute gaur hainbat ordezkari eta eragilek Donostian, hedabideen aurrean egindako agerraldian.
· Prentsaurrekoa, audioan, hemen entzungai.

Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak, Eneka Maiz Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekideak, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak, Sonia Ezkerra abestiaren eta bideokliparen egileak, eta Onintza Bengoetxea Leitzako Aurrera Dantza Taldeko kideak hartu dute parte agerraldian.

KM
Hemen prentsaurrekoa ikusgai.
Irudiak: Koldo Mitxelena kulturunea.

Etxarri-Aranazko alkate Eneka Maizek nabarmendu duenez, Udalerri Euskaldunen Egunarekin batera sortu zen UEMA ere. “Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten lehen aldiz 1991ko maiatzaren 5ean, eta egun hartan egin zuten lehen batzarra UEMA sortu zuten udal ordezkariek. Aurten, beraz, UEMAk ez ezik Udalerri Euskaldunen Egunak ere 25 urte betetzen ditu”. UEMAk ekitaldi instituzionala egin zuen Aizarnazabalen maiatzaren 5ean, urteurrena gogoratzeko. Maiatzaren 28an, berriz, Leitzan, “ekitaldi herrikoia egin nahi dugu, festa eta aldarrikapena uztartuz. Festa, udalerri euskaldunek herri honi egin dioten ekarpena gogoratzeko, eta 25 urtean egindako lana eta bidea aitortzeko. Aldarrikapena, euskaraz bizi nahi dugula gogoratzeko eta udalerri euskaldunok babes berezia eta hizkuntza politika aurrerakoia merezi dugula esateko”.

Mikel Zabaleta Leitzako alkateak, berriz, Udalerri Euskaldunen Egunaren antolaketan Leitzako herria oso pozik eta inplikatuta dagoela adieari du. Duela 22 urte Leitzan ospatu zen UEMA eguna, eta orain, “UEMAk mende laurdena bete izana ere Leitzan ospatuko dugu, udalerri euskaldunetako herritarrekini, eta horrek ilusio handia egiten dio bai Leitzako Udalari eta baita herriari ere”.

Maiatzaren 28rako dena prest izateko herriko eragileen ordezkaritza zabala lanean musutruk aritu dela jakinarazi eta horien ekarpena eskertu nahi izan du Mikel Zabaleta alkateak: besteak beste, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Euskara Zerbitzua, Denok Bat Guraso Elkartea, Aurrerako dantzariak, Aurrera elkartea, Kultur Taldea, Atekabeltz gaztetxea, Karrape irratia, Kiliklon ekoizpenak, edota Leitzako Bertso Eskola, hainbat herritarrekin batera.

Hauen guztien izenean, Leitzako Aurrera Dantza Taldeko Onintza Bengoetxeak hartu du hitza, denen artean egindako lana nabarmendu eta osatu duten egitaraua aurkeztu du. Honakoa:

Haurrentzako ikuskizunak eta ekitaldiak antolatzen dituen Kiliklon ekoizpenak etxeko Sonia Ezkerrak, berriz, Udalerri Euskaldunen Egunerako prestatu duten abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu.

EUSKARA HAUSPOTZEN

Ikusita zeudela gabezi ugari
beldurrik izan gabe zetorren lanari
pentsatzen hasi ziren zenbait ameslari
arnasa nola eman gure hizkuntzari.

Aitzindarien lana eskertu beharko
bidea zabaltzea lortu dutelako.
Urtetan egin dute lan dotore asko
arnasguneak sortzen euskararentzako.

Euskara sustatzeko behar duen gisara
udalerriak gero eta gehiago gara
indarrez berritzeko euskararen galda
UEMAren hauspoa bikaina izan da.

Elkarlan dotorean irrikaz eta gogoz
euskaratik eta euskaraz jarduteko asmoz
ausardiaz ereiten buru eta bihotz
ereindako hazien emaitzak badatoz.

HAUSPOTZEN, HIZKUNTZAREN SUA INDARTZEN
HAUSPOTZEN, EUSKARA MAITATZEN
HAUSPOTZEN, LANEAN, PASIOZ, ADOREZ
HAUSPOTZEN, 25 URTEZ.

Hitzak: Miel Mari Elosegi, ‘Luze’, Leitzako Bertso Eskolako kidea.
Musika:
· Txistuak: Unai Zabaleta.
· Ahotsak: Leitzako Erleta eskola eta Dj Porru.
Tomson Gorostegi, Kiliklon ekoizpenak.
Irudiak: Juanpe Murillo, Pablo Feo, Tomson Gorostegi.

· · · · · ·

aurkezpena

Agerraldia amaitzeko, zenbait ohar ere eman dituzte antolatzaileek, Udalerri Euskaldunen Egunari buruzko informazio osagarriarekin batera:

· Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egingo du maiatzaren 28an, Leitzan, eta UEMAko udal ordezkariek hainbat aztergai izango dituzte. Besteak beste, Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorretak UEMAra sartzeko egindako eskaerak onartzea.

· Hiru udal hauek gehituta, 76 udalerri izango dira UEMAko kide.

· Bazkari herrikoirako txartelak aldez aurretik eskatu behar dira, maiatzaren 25a baino lehen. 943-816699 telefonora deituta edo 662-307903 whatsapp zenbakira idatzita. Leitzako Astitz, Maimur, Torrea eta Peritza tabernetan ere eskuratu ahal izango dira. Egunean bertan ez da txartelik salduko.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Leitzan ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna (berria.eus, 2016-05-18).
· Leitzan ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 28an (naiz.eus, 2016-05-18).
· Leitzan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua eta bideoklipa aurkeztu dituzte (erran.eus, 2016-05-19).
· Udalerri Euskaldunen Egunean Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta onartuko dituzte (argia.eus, 2016-05-20).
· Leitzan ospatuko da Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an (Europa Press, 2016-05-18).
· Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an, Leitzan (uema.eus, 2016-05-16).
· Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an, Leitzan (PDFa).
· Udalerri Euskaldunen eguneko bideoklipa maiatzaren 15ean grabatuko dute Leitzan (erran.eus, 2016-05-13).
· Euskara hauspotzen: entzun edo jaitsi abestia, mp3an >

· Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako prentsaurreko agerraldia. Audioa:

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.