Hasiera » arnasguneak » Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an, Leitzan

Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an, Leitzan

Udalerri euskaldunen Eguna Leitzan izango da aurten, maiatzaren 28an, eta udalerri euskaldunek egindako ekarpena aitortzeko hainbat ekitaldi izango da

UEMAko kide diren udalerriekin ez ezik, Euskal Herri osoko gainerako udalerri euskaldunen parte-hartzearekin ospatuko da aurten ere Udalerri Euskaldunen Eguna. Leitzako Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Leitzako hainbat elkarte. Guztien artean, adin guztietarako eta egun osorako egitaraua osatu dute: UEMAren batzar nagusia eta ekitaldi instituzionala izango da, baina baita herrien arteko kirolak, haurrentzako ikuskizuna, bazkari herrikoia eta kontzertuak ere. 

kartela-TX

Udalerri Euskaldunen Eguna aurten Leitzan ospatzeko aukera mahai gainean izan orduko, Leitzako Udalak eta bertako hainbat elkartek eta kultur eragilek bat egin zuten eguna antolatzeko talde-eragilean. Honela, azken hilabeteotan,  UEMAz, Leitzako Udalaz eta Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Euskara Zerbitzuaz gain, beste hainbat eragile ere buru-belarri aritu dira Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko bileretan. Besteak beste, Aurrera Dantza Taldea, Jeiki abesbatza, Karrape irratia, Kiliklon, Atekabeltz Gazte Asanblada, Denok bat Guraso Elkartea, Koskagain, edota Kaxkabeltza elkartea.

Guztien artean, egun osorako hainbat ekitaldi antolatu dituzte maiatzaren 28rako, adin eta gustu guztietarako eskaintza eta festa eguna osatu nahian: zenbait udalerri euskaldunen arteko herri kirolak, bazkari herrikoia, bazkalostean kantaldia eta haurrentzako ikuskizuna, egun osoan zehar kale animazioa, elektrotxaranga, eta eguna amaitzeko baita kontzertuak ere.

Ekitaldi instituzionala eta UEMAren batzar nagusia ere izango dira

Euskararen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea izan ohi da Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat, hasieratik. Festa giroko ekitaldiez gain, beraz, izaten da ekitaldi instituzionalik ere.

Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Leitzako udaletxean, eta eguerdian, berriz, ekitaldi insituzionala izango da herriko plazan.

Batzar nagusian, azken hilabeteotan UEMAn sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartzea espero da: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita azken 25 urteotan euskararen normalizazioari egin dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da ekitaldian.

p005_f02ekitaldia[1996an ere Leitzan ospatu zuten Udalerri Euskaldunen Eguna. Azkena, berriz, Tolosan izan zen, 2014an].

EGITARAUA

· 09:00. Diana txistulariekin. herriko kaleetan zehar.
· 10:00. Arnasguneen tailerra. Atekabeltz gaztetxean.
· 10:00 UEMAren batzar nagusia. Udaletxean.
· 11:30. Herrien arteko kirolak. Herriko Plazan.
· 12:30. Ekitaldia: ‘Udalerri euskaldunak, 25 urte euskara hauspotzen’. Leitzako Aurrera Dantza Taldearen eta Jeiki abesbatzaren parte-hartzearekin.
· 13:15. Flash moba: ‘Euskara hauspotzen’.
· 14:30. Bazkari herrikoia.
· 15:30ak aldera. Kantaldia, Angel Mariezkurrena abeslariarekin.
· 18:00. Haurrentzako ikuskizuna: DJ Porru. Kiliklon ekoizpenak.
· 19:30. R Ke R elektrotxaranga, herriko kaleetan barrena.
· 23:30. Kontzertua: Lur J eta Akort. Atekabeltz gaztetxean.

Oharrak:
· Eguraldi onarekin, ekitaldi nagusiak herriko plazan izango dira. Euria egingo balu, berriz, Leitzako frontoian.
· Bazkari herrikoirako txartelak eskuratzeko modua: aldez aurretik Leitzan erosita, UEMAren 943-816699 telefonora deituta ala 662-307903 whatsapp zenbakira idatzita. Egunean bertan ezingo da txartelik eskuratu. 

txartelak-oharrarekin

bazkaria-txartelak-orokorra

Hainbat herritako esperientziak ere trukatuko dituzte, arnasguneei buruzko mintegian

p005_f03

Festa eta aldarrikapena uztartuz, ondo pasatzeko eguna izan ohi da Udalerri Euskaldunen Eguna, baina lanerako eta hausnarketarako tartea ere izaten da egunean zehar. Goizean, zehazki, hainbat herritako esperientziak konpartitzeko aukera izango da, arnasguneei buruzko mintegian.

UEMAk, udalekin elkarlanean, arnasguneei buruzko tailerrak antolatu ohi ditu udalerri euskaldunetan. Hauetan, euskararen normalizazio prozesurako giltzarriak diren elementuak aurkezten dira, eta baita herri mailan eragiteko aintzat hartzeko esparruak definitu ere.

Ondoren, identifikatzen diren  hutsuneak gainditzeko, herrian bertan egin daitekeenari buruz hausnartzen dute parte-hartzaileek. Herri ezberdinetan hausnartutakoaz elkarrekin hitz egiteko eta esperientzia konpartitzeko aukera izango da Leitzan izango den arnasguneen mintegian.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 28an, Leitzan (PDFa).
· Udalerri Euskaldunen eguneko bideoklipa maiatzaren 15ean grabatuko dute Leitzan (erran.eus, 2016-05-13).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.