1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek Aizarnazabalen egindako batzarrean
Sorrera eta lehen urratsak
Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten inguruan. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.
Onartutakoa bete nahian hastean, ordea, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) eskaini zien hura, horretarako Birreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.
Elkartzen hasi ziren udal haiek Udalerri Elebakarrak izena hartu zuten, baina elebakar hitzarekin nahasmena sor zitekeela iritzita eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu nahi zituztela kontuan hartuta, Udalerri Euskaldunak bihurtu ziren.
UEMA: 1991ko maiatzaren 5ean, Aizarnazabalen
Hurrengo pausoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea eta estatutuak onartzea izan zen. 1991ko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzea erabaki zuten, festa eta aldarrikapena uztartuz, eta UEMA osatu zuten lehen 19 udaletako hautetsiek egun hartan egin zuten bilera eta UEMAren sorrerako batzarra.
Honako 19 udalak izan ziren UEMA sortu zutenak:
Abaltzisketa
Aizarnazabal
Altzo
Arbizu
Aulesti
Baliarrain
Dima
Errezil
Etxebarria
Gatika
Ikaztegieta
Leaburu-Txarama
Lizartza
Munitibar
Muxika.
Nabarniz
Orendain
Urdiain
Zaldibia
Estatutuak onartu ondoren, 1992ko apirilean erregistratu zuten mankomunitatea. Urrats horrekin, hasieran mugimendua zenak izaera juridikoa hartu zuen, eta UEMA udalak biltzen zituen mankomunitatea izanik, erakunde publikoa ere bihurtu zen. Lehenengo 19 udal haiek udalerri txikietakoak ziren, eta ez zuten baliabide handirik, eta UEMA hasi zitzaien udala euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen.
Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.
Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten.
25 urteko ibilbide emankorra
Hasieran dena egiteko aurkitu zuten udalek, eta behar horri erantzun zion UEMAk: inprimakiak, aktak, txostenak, kartelak, errotuluak, irudiak eta abar euskaraz eskainiz. 25 urteko bidean, eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskaraz funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaini izan ditu, beharren arabera.
Hasierako 19 udal horiek 73 dira gaur egun, eta herri txikiak ez ezik tartean dira Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia edo Oñati bezalakoak ere. Azken asteotan, Legorretak, Dimak eta Ziortza-Bolibarrek ere UEMAn sartzeko eskaera egin dute. 76 udalerri izango dira laster, beraz. Guztien artean, 200.000 biztanle baino gehiagoko lurgunea osatzen dute UEMAn dauden udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.
Gaur egungo ildoak eta etorkizuna
UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.
Hau dena herriz herri bideratzeko lan-talde teknikoa du UEMAk, udal ordezkariek osatutako zuzendaritza batzordeak zehazten dituen ildoei erantzuteko.
ANTTON IZTUETA, UEMAko LEHEN LEHENDAKARIA: “UEMA bide urratzailea izan da”.
[ Antton Iztueta 1991-1995 urteen artean izan zen UEMAko lehendakaria,
Altzoko zinegotzia eta udal ordezkaria zenean ].
Nola gogoratzen dituzu lehen urrats haiek?
Gure udalerriak euskaldunak ziren, baina udalak erdaraz aritzen ziren. Guk, ordea, euskaraz bizi nahi genuen eta eskubide hark bazuen instituzionalizazioaren beharra. Horrela hasi ginen lehenengo urratsak ematen eta biltzen, Aizarnazabalen. Halako batean, udalek euskaraz aritzeko erakutsi genuen asmo hari forma legala eta instituzionala eman behar geniola ikusi genuen, eta hortik sortu zen UEMA.
Lehenengo urte haietan bidaia ugari egin behar izan genituen harremanak zabaltzearren. Bai udalekin, bai gobernuarekin, alderdi politikoekin, eta abar. Indar abertzaleen artean konfrontazio handi samarra zegoen garai hartan, eta elkar hurbiltzeko ahalegina egin behar izan genuen. Ez zen erraza izan. Alderdi espainolistek, berriz, ez zuten gurekin biltzeko borondaterik ere erakutsi. Zailtasunak eta trabak hasieratik izan ziren, beraz. Estatua ere gure kontra hasi zen, egiten genituenak ezin genituela egin esanez, gaur egun ere oraindik erabiltzen dituen argudio berdinekin. Baina guk aurrera egitea erabaki genuen, eta bidea eginez joan ginen.
25 urte geroago, zer nabarmenduko zenuke UEMAk herri honi egin dion ekarpenetik?
UEMAk gazteleraz bizitzearen inertziatik atera ditu udalerri euskaldunak. Erakutsi digu gure hizkuntza normaltasunez erabili behar dugula, hizkuntza gutxitua dela, eta gainetik kendu behar ditugula inertziak eta lotsak. Gu ere bagarela nor. Euskaldunak garela. Bide horretan, UEMA laguntzailea eta bide urratzailea izan da.