Ostegun honetan 25 urte beteko ditu UEMAk. 1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Aizarnazabalen, euskaraz bizitzeko hautua egin zuten 19 udalek. Ostegun honetan, egun eta leku berean, urteurrena ospatuz, UEMAren ibilbidea gogoratzeko eta hemendik aurrerako erronkak aurkezteko ekitaldia izango da.
[ 1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, Aizarnazabalen elkartu ziren 19 udalerri euskaldunetako ordezkariek. Argazkia: Euskaldunon Egunkaria ].
Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten inguruan. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Onartutakoa bete nahian hastean, ordea, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta 19 udalean artean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zuten.
Ostegun honetan Aizarnzabalen egingo den ekitaldian, 25 urte hauetan udalak euskalduntzen egindako bidea, Iñaki Arregi bezalako euskaltzaleen ekarpena, alderdien arteko lankidetza eta adostasuna, udalerriei begirako sentsibilizazio egitasmoak, gaur egungo ildoak eta erronkak, etorkizunerako asmoak eta abar gogoratuko dituzte.
[ Iñaki Arregi UEMAren lehen koordinatzailea ez ezik,
euskaltzale sutsua eta langile nekaezina izan zen ].
UEMA euskalgintzatik sortutako erakundea denez, osteguneko ekitaldia ere horren isla izango da. Besteak beste, gaur egun UEMA osatzen duten 73 udalerrietako alkate, zinegotzi eta ordezkariez gain, ekitaldian izango dira UEMAren ibilbidean lehendakaritzan zein zuzendaritza batzordean aritu diren kideak ere, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, euskalgintzako, alderdi politikoetako, foru aldundietako eta euskal jendartearen alor askotariko ordezkariekin batera.
Ekitaldia 19:00etan izango da, Aizarnazabalgo Basakaitz Herri Eskolan.