Hasiera » Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa » Lurraldea eta Hizkuntza III. jardunaldiak, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna aztertzeko

Lurraldea eta Hizkuntza III. jardunaldiak, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna aztertzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk “Hizkuntza eta Lurraldea. Oraina & Geroa” jardunaldiak antolatu dituzte hirugarren urtez. Edizio honetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna irudikatu nahi da, esperientzia zehatzak aurkeztuz, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartuz, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea iradokiz. Honokoarekin hiru urteko zikloa itxi egiten da, eta antolatzaileek egindako lanak ondarea utzi duela azpimarratu dute.

Topaketak maiatzaren 12an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da. Izena emateko: www.ueu.eus

 

Prentsaurrekoan Mikel irizarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak; Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak; Josu Labakak, UEMAko Lehendakariak eta Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak hartu dute parte.

Mikel Irizarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasunerako Zuzendari Nagusiak abiatu du prentsaurrekoa: “Hirigintzak edo herri lanek ingurumenean zuten eragina neurtzen hastea zerbait exotikoa izan zen, 70eko hamarkadan. Orain, ordea, legez egin beharrekoa da eraginaren neurketa eta, emaitzen arabera, neurri zuzentzaileak hartu behar dira. Eta gerta daiteke egitasmo bat bertan behera geratzea, eragin hori gehiegizkoa eta saihestezina izan badaiteke. Duela hiru urte lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren arteko loturak aztertzen hasi ginenean, hura ere ezin exotikoagoa suertatu zen. Baina denbora erakusten ari da norabide egokian egindako lana zela, dagoeneko eragin linguistikoa ebaluatzeko lehen saioak egin dira eta aurtengo jardunaldian esperientzia horietaz arituko gara. Gaia dagoeneko euskal agendan dago, Lekarozko Aroztegia lekuko. Eta gure legedian ere sartu da: onartu berri den Tokiko erakundeen legeak eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzen du. Eta Galesko Bangor herrian gelditu berri dute 366 etxebizitza egiteko proiektu bat. Han ez da bat ere exotiko.Eta gurean ere eragin linguistikoaren ebaluazioa hasi da exotiko ez izaten”.

Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak, jardunaldiak egin diren hiru urteko ziklo honen baliagarritasuna azpimarratu duten arrazoiak azaldu ditu:

  1. Euskalgintzaren eta instituzioen arteko konplizitateak eta elkarlanak zer-nolako eragina izan dezakeen ikusteko
  2. Eragiteari begira prozesuen urratsak zein diren finkatzeko:
  • Lehenik eta behin kezka partekatu genuen.
  • Bigarrenik, kezka horren hari-mutur guztiak zehazten saiatu ginen, are gehiago, hizkuntzaren gaiaren zeharlerrotasuna agerian jarri genuen, eta lortu genuen hainbat diziplinatako adituak ere gurera ekartzea.
  • Hirugarrenik, gure mugetatik kanpo fenomeno honi nola egin izan dioten aurre aztertu genuen.
  • Laugarrenik, arazo horri aurre egiteko tresna baten beharra plazaratu.
  • Ondoren, tresna hori sortu eta esperientzia pilotuak abiarazi.
  • Tresna hori corpus juridikoan eranstea lortu, alegia, balio legala esleitu.
  • Aurrera begira arazo horri aurre egiteko neurri zuzentzaileak proposatu.

Era berean, Bilbaok jarritako xedeak lortu direla azaldu du: “Hirugarren jardunaldi hauekin zikloari amaiera emango diogu, baina azpimarratu nahiko nuke jardunaldi hauek, honez gero, arrakastatsuak izan direla eta helburu nagusia bete dutela. EAEn onartu berri den Udal Legeak jaso egiten du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharra, hain zuzen ere, jardunaldi hauen lehen urtea definitu genuenean geure helburua jarri genion helburuetako bat bete egin da, eta, beraz, hiru urtetako lan honek ondarea utzi du”.

UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez, “azken urteotan GFAk,  Kontseiluak eta UEMAk abiatu genuen bidea eta egindako lana ari da emaitzak ematen, eta Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ibilbidea eta horrek izan duen eragina da horren lekuko. Lurraldeak eta hizkuntzak lotura bazutela uste genuen, eta azterketek eta egindako bideak hori horrelaxe zela baieztatu digute. Udalerri euskaldunetan gertatzen ari den hizkuntzaren bilakaeran badu lurralde antolaketak eta hirigintzak zer esanik. Baina hori horrela dela esateaz gain, hizkuntzaren gaia zeharlerrotasunez lantzen hasi, eta egoera berrirako behar genituen tresnak sortu ere egin ditugu. Lehenengoz Euskal Herrian, eragin lingusitikoaren ebaluazioa neurtzeko tresna sortu dugu. Iazko jardunaldien ondotik, UEMAk bere udaletan tresna hori erabiltzen hasteko konpromisoa hartu zuen, eta baita bete ere. Eragin linguistikoaren ebaluazioa errealitatea da gaur gaurkoz: Lekarozen, Orion, Alegin, Orexan, Munitibarren eta atzetik tantaka tantaka datozen beste hainbat udaletan aitzindari lana egin dugu. Eta lan horri esker, besteak beste, lortu dugu udalerri euskaldunetan egoera soziolinguistikoan eragina izango duten proiektuetan eragin linguistikoaren ebaluazioa EAEko udal legean bertan txertatzea ere. Oraindik ere, ordea, lan handia dugu gai hau jendarteratzen eta gai honen inguruko pedagogia egiten. Udalerri euskaldunetan horretan ari gara. Izan ere, gizarte osoaren sentsibilizazioa ezinbestekoa da, hizkuntzaz ari garenean, ekologian eta beste esparru batzuetan hain ohikoak diren kontzeptuak ulertezinak bihurtzen direlako askorentzat”.

Azkenik, Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak maiatzaren 12an egingo diren jardunaldien egitaraua aurkeztu du. Hiru zati nagusi izango ditu: ELE tresnaren esperientzia zehatzak aurkeztuko dira, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileei buruz hausnartuko da, eta ELE tresnaren txertaketa legal posiblea ere aztertuko da. Bestetik, Iñaki Alegriak aurreratu du datorren ikasturtean antolatzaile guztiek gai honi buruzko graduondoko bat prestatu dutela EHUrekin batera.

9:00-09:30: Jardunaldien sarrera.

  • 9:30-10:30: Gaitasunaren bilakaera udalerri euskaldunetan, non-zer, faktoreen itsasoan. Imanol Esnaola (GAINDEGIAko koordinatzailea eta hizkuntzalaria).
  • 10:30-11:00: Orioko HAPOaren ELEa. Imanol Azkue (Elhuyarreko aholkularia) eta Miren Vives (Projekta estudioko arkitektoa).
  • 11:00-11:30: Lekarozko proiektuaren ELEa. Goizane Arana (UEMAko teknikaria) eta Marta Chamorro (baztango Euskara teknikaria).
  • 11:30-12:00: Kafe etena
  • 12:00-13:30: Mahai ingurua. Ereduak eta urrats berriak. Imanol Esnaola, Miren Vives (arkitektoa) eta Jabier Zabaleta (Orioko Euskara teknikaria).
  • 13:30-15:00: Bazkaria
  • 15:00-16:00: Neurri zuzentzaileak. Iker Salaberria (Kontseiluko koordinatzailea) eta Miren Segurola (UEMAko koordinatzailea eta jardunaldien batzorde akademikoko kidea).
  • 16:00-16:30: Txertatze legala. Unai Fernandez de Betoño (Arkitekturan doktorea eta jardunaldien batzorde akademikoko kidea) eta Iñigo Urrutia (Zuzenbidean doktorea eta jardunaldien batzorde akademikoko kidea).
  • 16:30-17:00: Ondorioak. Batzorde akademikoko kideek jardunaldien ondorioak plazaratuko dituzte.

 

  1. eranskina

2014: ABIAPUNTUA ETA GAIAREN GARRANTZIA

2014an egindako lehen jardunaldietan (Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea) antolatzaileek harreman honen inguruan hausnartu eta konpromisoa hartu zuten ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) tresna definitzeko, eta ondorio eta erronka hauek adostu zituzten:

  1. ONDORIOA: Arnasguneak ez dira herri euskaldunak soilik, baina arnasguneen multzoan oso azpimultzo garrantzitsua dira, euskararen erabileraz eta hegemoniaz betetzen dituzten baldintza horiez gain, euskararen transmisioa edo sozializazioa modu bete-betean egiten dutelako, horrek kualitatiboki duen garrantziarekin
  2. erronka

            Politika publiko guztietan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontuan            hartzeko eskatzen diegu Administrazio guztiei

 

  1. ONDORIOA: Lurralde-antolakuntza eta hirigintza ez dira neutroak eta eragin zuzena dute berezko hizkuntzan. Haien eragina ez da inoiz kontuan hartu Euskal Herrian: lurralde-antolakuntzako araubideak ez dio arretarik jarri
  2. erronka

            Eragin hori aztertzea, alde kuantitatibotik eta alde kualitatibotik.

  1. erronka

            2.1- Azterketa kuantitatiboa (zenbat):

            Ikerketa zehatz eta objektibo bat egitea, datuen bidez frogatzeko   hirigintza-hazkundearen (etxebizitza berrien) eta euskararen galeraren             arteko harremana

 

  1. erronka

            2.2- Azterketa kualitatiboa (nola):

            Ikerketa bat egitea aztertzeko Euskal Herriko hirigintza-eredu(ar)en          (etxebizitza-poligonoak, suburbanizazioa, zonifikazioa, merkataritza-   zentro handiak, azpiegiturak) eta euskararen galeraren arteko harremana

  1. erronka

            Euskal Herriko lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren alorretatik         konturatu behar dira ezin dutela kultura-ondareaz eta tokiko identitateaz           ganoraz hitz egin euskara (eta euskal hiztunen komunitatea) kontuan        hartu gabe

 

  1. ONDORIOA: Europako beste herrialde batzuetan aspalditik daude kezkatuta gai honekin (hirigintzaren eta hizkuntzaren arteko harremanarekin)
  2. erronka

            Beste herrialde horiekin harremana lantzea, eredu teoriko eta praktiko    eragingarrien bila

 

  1. ONDORIOA: Egungo ordenamendu juridikoak ez dio beharrezko arreta jarri izan hizkuntza eta lurraldearen arteko harremanari. Batzuetan, gainera, aurrerapausuak eman nahi izan direnean (UEMA), auzitegiek oztopo juridikoak jarri dituzte.
  2. erronka

            Hizkuntza-politika territorializatzea, alegia, lurraldetasun-printzipioari       begira jartzea

 

  1. erronka

            Gaia Euskal Herriko politikaren agendan sartzea, gutxienez EAEko l       urralde- antolakuntzako tresnetan (Lurraldea Antolatzeko Gidalerroetan          eta Lurralde Plan Partzialetan, bereziki) kontuan har dadin

 

  1. ONDORIOA: Egungo paradigmek mugak dituzte euskal komunitatea osorik babesteko eta indarberritzeko
  2. erronka

            Hizkuntza babesteko paradigma berrien bila, ingurumenaren alorrean baliagarriak izan diren tresnak aztertu behar dira, eta, ahal dela, baliatu

 

  1. ONDORIOA: Gaia sozializatu edo gizarteratu behar da. Jendea kontzientziatu eta jendearekin landu. Arriskuez ohartaraziz, baina baita aukerez eta indargune posibleez ere

 

AZKEN ERRONKA ETA KONPROMISOA

Jardunaldiotako antolakuntzak eta batzorde akademikoak konpromisoa hartzen dugu ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitzeko, eta bigarren jardunaldi batzuetan aurkezteko

 

 

  1. eranskina

2015: ELE TRESNA ETA ARKITEKTURA JURIDIKO BERRI BATEN BEHARRA

Bigarren jardunaldietan ELE tresna aurkeztu eta euskararen arnasguneak babestu eta indartuko dituen arkitektura juridiko berri bat sortzeko beharra ikusi zen. Hauek izan ziren bertatik eratorritako ondorio eta erronkak:

 

1.go ONDORIOA: Udalerri euskaldunetan izandako aldaketa sozioekonomikoek eta soziokulturalek gune horietako egoera soziolinguistikoaren atzerakada eragin dute; besteak beste, lurralde-antolaketari eta –garapenari lotutako politikek ez diotelako erreparatu udalerri horien izaera linguistikoari. Erronka: Udalerri euskaldunek hizkuntzaren normalizazioan duten estrategikotasuna kontuan hartuta, politika berezituak abiaraztea.

  1. ONDORIOA: Gaur egungo hizkuntza-politiketan aldaketak eman behar dira udalerri euskaldunetan euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetzeko, eta edozein politikak hizkuntzaren zeharlerrotasuna izan behar du.

Erronka:

  • Hizkuntza-askatasun hutsetik, berezko hizkuntzaren eremu funtzionalak indartzeko jauzia egitea. Hizkuntza-politika euskara zerbitzuetatik harago, hizkuntzan eragina duten politika publiko guztietara zabaltzea.
  • Hizkuntza-politika lurralderatzeko jauzia ematea, lehentasunezko hizkuntza bihurtuz ohiko jardueretan.

 

  1. ONDORIOA: Egungo marko juridiko zurrunak elebitasuna helburu izanik, euskaraz jarduten duten udalei mugak ezartzen dizkie, tratamendu homogeneoa baitakar.

    Erronka:

  • Aurrera begirako eztabaidetan euskararen zentralitatea bermatzea: Status juridiko eta politiko berriaren definizioan, euskarari zentralitatea ematea; lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko.
  • Eusko Legebiltzarrean Udal Legearen proposamena aztertzen ari diren alderdiei, ausardiaz eta erantzukizunez joka dezatela eskatzea. Udalerri euskaldunei trataera berezia eskaintzea, euskarazko funtzionamendua babestu eta sutatzeko. Eskumenaz harago, Udal Legeak betebeharrak ezarri beharko lizkieke udalei euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadin.
  • 10/1982 Legea berrikustea Legea udalerri euskaldunetarako zurrunegia dela kontuan harturik, beharrezko aldaketak egitea.

 

 

  1. ONDORIOA: Euskal komunitatea suspertuko duten parte-hartze dinamika eraldatzaileak martxan jartzea. Erronka: Arazoa gizarteratzea eta herritarren kontzientzian eragitea.
  2. ONDORIOA: Hizkuntza-ekologiaren paradigma barneratzea: Aniztasuna = aberastasuna Erronka: Ekologiak baliatzen dituen tresnak, kontzeptuak, babes-teknikak eta eskuhartze-baliabideak hizkuntzaren berreskurapen zerbitzura ekartzea.
  3. ONDORIOA: Lurralde-antolaketek eta hirigintza-planek hizkuntzaren egoeran eragina dute, baina, era berean, tresna eragingarriak izan daitezke hizkuntza biziberritzeko.

    Erronka:

  • LAG-Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek udalerri euskaldunak berariaz jasotzea eta 17. atalean aipatzen den hizkuntza-eragina modu berezituan jorratzea eta loteslea izatea.
  • Euskararen Lurralde Plan Sektoriala egitea.
  • Oraindik egiteke dauden paisaia-katalogoetan hizkuntzaren gaia aintzat hartzea.

 

  1. ONDORIOA: Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresna baliagarria da hizkuntzan eragin negatiboak izan ditzaketen neurriak aurreikusteko.

    Erronka:

  • Lurraldean eragina duen edozein proiektu zein planetan ELEren aplikazioa beharrezkoa izatea.
  • Bertan jasotako neurri zuzentzaileak lotesleak izan daitezen marko juridikoa aldatzea.

ZORTZIGARRENA ETA KONPROMISOA: Batzorde Akademikoaren konpromisoa Eusko Jaurlaritzako talde desberdinei ondorio hauek aurkezteko. 


GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:

· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresnaren oraina eta etorkizuna aztertuko dute (kontseilua.eus, 2016-04-28).
· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren oraina eta etorkizuna aztertuko dute (berria.eus, 2016-04-28).
· Lurraldea eta Hizkuntza: Oraina & Geroa jardunaldiak, maiatzaren 12an (zuzeu.eus, 2016-04-28).
· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egiten ari den bidea aztertuko dute jardunaldietan (naiz.eus, 2016-04-28).
· Hirigintzaren eta euskararen arteko harreman orekatuaren bila (El Diario Vasco, 2016-04-29). 
· 

 

· 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.