Hasiera » Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa » “Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla dira”

“Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla dira”

· Pasa den asteaz geroztik indarrean den EAEko Udal Legeari buruzko balorazio positiboa egin du UEMAk, udalei euskararen inguruko hizkuntza politika garatzeko eskumena eta lege babesa ematen diela iritzita.

· Nafarroako Gobernuari ere bertako udalerri euskaldunak zaintzeko antzeko urratsak eskatu dizkio.

Orio1
[ Behean, ezkerretik eskuinera: Eneka Maiz (Etxarri Aranazko alkatea), Josu Labaka (UEMAko lehendakaria) eta Joxe Mendizabal (Zestoako alkatea). Goian, ezkerretik eskuinera: Amaia Azkue (Berastegiko alkatea), Miren Segurola (UEMAko koordinatzailea) eta Manuel Labaka (Beizamako zinegotzia). UEMAko zuzendaritza batzordearen izenean agertu dira gaur hedabideen aurrean, Orioko udaletxean].

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko zuzendaritza batzordeko hainbat alkatek eta zinegotzik pasa den asteaz geroztik indarrean dagoen EAEko Udal Legearen inguruko balorazioa egin dute gaur UEMAren izenean, Orioko udaletxeko batzar aretoan hedabideen aurrean egindako agerraldian. Josu Labaka UEMAko lehendakariak hitz egin du guztien izenean.

Hemen gaurko agerraldia entzungai:


Hemen, berriz, agerraldian adierazi dutena:

“Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla dira”

Apirilaren 15az geroztik indarrean da Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien jardunbidea arautzen duen Udal Lege berri honek hainbat leiho zabaltzen dizkie udalei, euskararen inguruko hizkuntza politikan erabakiak hartu ahal izateko. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, 25 urtean euskararen aldeko politika ausartak garatzen arituta, oztopo handiak ezagutu ditu antzeko lege batek ematen duen lege babesik gabe.

Udalerri euskaldunek, euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta garatzeko, beharrezkoa zuten lege honek hainbat arlotan ematen dien babesa. EAEko Udal Legeari buruzko balorazio positiboa egiten dugu, beraz, eta Gasteizko Legebiltzarrak lege hau onartzeko denbora luzean sukaldean aritu diren alderdien lana aitortu eta eskertu nahi dugu. Iaz, UEMA Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean izan zen bere ekarpenak egiten Udal Legeari buruzko lan-saioan, eta pozik gaude egindako hainbat ekarpen kontuan hartu direlako.

Izan ere, EAEko Udal Legea udalerri euskaldunetan abian ditugun hizkuntza politikentzat urrats garrantzitsua dela iruditzen zaigu, hainbat arrazoirengatik:

  • Derrigorrezko elebitasun orekatua arindu da.
  • Euskararen inguruko hizkuntza politika zehatzetarako eskumena aitortzen zaie udalei.
    · Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko aukera legez babesten du.
    · Kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeko aukera zabaltzen du.
    · Euskara hutsezko akta, agiri eta dokumentuei balio juridiko argia ematen die behingoz.
  • Udalerri euskaldunak subjektu gisara aipatzen dira lehen aldiz.
  • Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari ere lege babesa ematen dio, hirigintza planek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarrita.

 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen dugun bateko eta besteko udal ordezkariok, eta horien guztien izenean, hemen bildutako zuzendaritza batzordekideok, honaino iristeko 25 urtean egindako lana nabarmendu nahi dugu gaur, bidea zabaltzen aitzindari izateak azkenean uzta biltzea ekarri duela ikusita.

Oraintsu beste nonbait nabarmendu dugun moduan, udalerri euskaldunen zaintzaren inguruan pedagogia egitea dagokigu oraindik. UEMA horretan ari da, arnasguneei buruzko erakusketarekin eta tailerrekin, udalerri euskaldunetarako hezkuntza proiektu zehatzarekin, eta arnasguneetan lantzen ditugun egitasmoekin. Izan ere, herritarren eta erakunde publikoen sentsibilizazioa ezinbestekoa da, hizkuntzaz ari garenean, ekologian eta beste esparru batzuetan hain ohikoak diren kontzeptuak ulertezinak bihurtzen direlako askorentzat.

Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu, arnasguneen zaintzarako UEMAk egindako bidearen eta lanaren isla dira. Duela 25 urte sortu zen UEMA, euskaraz bizi nahi zuten hainbat udalen ekimenez, oztopo guztiei aurre egin eta herrian zuten egoera soziolinguistikoa administrazio publikoan ere islatzeko borondate irmoarekin. Lana ez da amaitu. Udalak euskaldunagoak dira orain, baina udalerri euskaldunak erdalduntzen ari zaizkigu. Horri aurre eginez, Udal Lege honetan bildutako hainbat artikuluk erakusten dute, oraindik ere, zein beharrezkoa den euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egitea. Ildo horretan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bere egitekoa du: bidea zabaltzen segitzea, elkarlanean, udaletatik herri honen orube nagusia zaintzeko eta sendotzeko ahaleginean, euskara baita herri honen oinarri eta orube nagusia, beste alor batzuetan gehiegitan ahazten den arren.

Udal Lege honek ematen du horretarako aukera. Bere horretan, ez da UEMAk hainbat aldiz aldarrikatu duena ere. Baina UEMAk egindako hainbat ekarpen biltzen ditu, eta aurrekari oso garrantzitsua iruditzen zaigu. UEMAren iritziz udalerri euskaldunen ohiko jarduna bermatzeko eta udalerri euskaldunen zaintzarako, oraindik ere, irizpide zehatzagoak  behar dira, lege honek bere baitan bildu ez dituenak. Udal Lege honek, beraz, bere garapena ere beharko du, eta bide horretan elkarlanerako borondate osoa agertu nahi diegu herri honen errealitatea islatzen duten alderdi guztiei. UEMAren eskua luzatuta izango dute aurrerantzean ere, udalerri euskaldunen zaintza bermatzeko.

Izan ere, udalerri euskaldunek hizkuntza politika berezitua behar duten modu berean, hizkuntza politika hori ahalbideratuko duen lege babes propioa ere behar dugu gure herrietan. Euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak berdinak baitira Euskal Herri osoan, baina gaur egungo errealitate soziolinguistikoak hizkuntza politika ezberdinak egitea eskatzen du, ezinbestean.

Amaitzeko, EAEn Udal Lege berri honek arnasguneen zaintzarako zabaldu dituen ateak ezagututa, Nafarroan ere antzeko urratsak emateko deia egiten diogu Nafarroako Gobernuari, bertako udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoa aitortuz eta euskaraz bizi nahi duten udalei eta herritarrei horretako bitartekoak bermatuz.

Orio2
Hemen agerraldia bideoan, Erlo Telebistaren eskutik:

EAEko Udal Legeari buruzko balorazio positiboa egin du UEMAk from Erlo Telebista on Vimeo.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· EAEko Udal Legea “urrats garrantzitsutzat” jo du UEMAk (Berria, 2016-04-19).
· Udal Legeak arnasguneen zaintzan lagun dezake, UEMAren ustez (El Diario Vasco, 2016-04-19).
· Udal Legearen balorazio positiboa egin du UEMAk (Erlo Telebista, 2016-04-19).
· Uemak uste du EAEko Udal Legea “urrats garrantzitsua” izango dela (Berria, 2016-04-17).
· UEMAk positibotzat jo du Udal Legea, udalei euskararen inguruko hizkuntza politikak garatzeko babesa eman dielako (Urola Kostako Hitza, 2016-04-19).
· UEMAk egokitzat jo ditu EAEko Udal Legeak euskararen inguruan jasotako neurriak (Gara, 2016-04-20).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.