Hasiera » UEMA » 25. urteurrena maiatzean ospatuko du UEMAk

25. urteurrena maiatzean ospatuko du UEMAk

Maiatzaren 5ean 25 urte beteko ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta egun horretan bertan gogoratuko du urteurrena, ekitaldi instituzional batekin.

GonbidapenaiM5
[ UEMAk Euskal Herriko askotariko eragileei egunotan bidalitako gonbidapena, maiatzaren 5eko ekitaldi instituzionalaren berri emanez].

UEMA, ofizialki, 1991ko maiatzaren 5ean sortu zen, Aizarnazabalen egindako batzarrean. UEMAren sorrera bultzatu zuen mugimendua, ordea, hiru urte lehenago hasi zen, 1988an. Urte horretan Euskal Herrian Euskaraz elkarteak kanpaina bat abiatu zuen “udalerri elebakarren alde”, mozio bat aurkeztuz udalerri euskaldunetako udaletan. Mozioa onartu zuten hainbat udal elkarren artean koordinatzen hasi ziren, eta mozioan esaten zirenak abian jartzeko lehen urratsak ematen. Lan horren ondorioz sortu zen UEMA.

25 urte geroago, egun eta herri berean ospatuko du UEMAk urteurrena, ekitaldi instituzional batean.
25 urtean egindako bidea gogoratzeaz gain, UEMAren garrantzia eta aurrera begirako erronkak ere nabarmenduko dituzte bertan. Euskalgintzako eragileez eta Euskal Herriko alor askotariko ordezkariez gain, bateko eta besteko hizkuntza politiketako arduradunak, gaur egun UEMAko kide diren udaletako alkateak, eta urte hauetan guztietan UEMAren lehendakaritzan eta ardura postuetan aritu direnak ere gonbidatu dituzte. Besteak beste, Iñaki Arregiren ekarpena gogoratuko dute ekitaldian.

Maiatzaren 28an, Udalerri Euskaldunen Eguna Leitzan

Leitza-1-kartela

Maiatzaren 5ean Aizarnazabalen ekitaldi instituzionala egingo baldin bada, maiatzaren amaieran izango da urteurrena modu herrikoiagoan eta jai giroan ospatzeko aukera. Izan ere, maiatzaren 28an Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko dute Leitzan. Sasoi batean UEMA Eguna izaten zena, Udalerri Euskaldunen Eguna bilakatzea erabaki zuten aurreko agintaldian, 2014an Tolosan egin zuten festa egunaren harira. Izan ere, UEMAko kide diren udalez gain, Euskal Herrian barrena badira beste hainbat udalerri euskaldun ere, eta horien guztien bilgune eta festa eguna izan nahi du Udalerri Euskaldunen Egunak.

UEMAk, Leitzako Udalak eta Leitzako hainbat herri eragilek hilabeteak daramatzate elkarlanean festa eguna izango dena prestatzen. Maiatzaren 18an aurkeztuko dute egitarau osoa, eta egun horretarako berariaz prestatutako abestia eta bideoa.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.