Hasiera » Administrazioa » Lehen aldiz bilera egin dute UEMAk eta Nafarroako Gobernuak, eta lankidetzan aritzeko borondatea agertu dute

Lehen aldiz bilera egin dute UEMAk eta Nafarroako Gobernuak, eta lankidetzan aritzeko borondatea agertu dute

UEMAk eta Euskarabideak, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Nafar Institutuak, bi aldeen arteko lehen bilera egin dute gaur Iruñean, euskararen inguruko hizkuntza politikan hainbat alorretan lankidetzan aritzeko aukera dagoela iritzita.

UEMA · NG

Josu Labaka (UEMAko lehendakaria eta Azpeitiko euskara zinegotzia) eta Eneka Maiz (UEMAko zuzendaritza batzordekidea eta Etxarri Aranazko alkatea) izan dira UEMAren ordezkariak bileran. Nafarroako Gobernuaren aldetik, berriz, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi eta Euskaren Plangintza eta Sustapen Zerbitzuko zuzendari Paula Kasares izan dira.

UEMA sortu zenetik 25 urte betetzen diren urtean bildu dira bi erakundeak lehen aldiz, bi aldeen arteko harremana normalizatzeko eta elkarrekin lankidetzan euskarari egin diezaioketen ekarpena aztertzeko. Bilera amaitu ostean UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez, lankidetza batez ere hiru esparrutan eragiteko abiarazi dute, eta hurrengo bileretan esparru horietan aritzeko ekimenak zehaztuko dituzte.

Batetik, UEMA 25 urtean bereziki udalak euskalduntzen nabarmendu denez eta administrazioa euskalduntzeko politiketan esperientzia duenez, administrazioa euskalduntzeko politikak eta bitartekoak aztertuko dituzte, UEMAren lana eta esperientzia Nafarroako Gobernuaren beharrei erantzuteko eskainiz.

Bestetik, udalerri euskaldunen zaintzari arreta berezia eskainiko diote bi erakundeek. Euskara herritarren arteko zubia dela ulertuta eta euskararen normalizazioan eta bizikidetzan udalerri euskaldunek jokatzen duten papera aintzat hartuta, bi aldeek bat egin dute euskararen arnasguneak diren herriek arreta eta zainketa berezia behar dutela nabarmentzerakoan. Errealitate horri erantzuteko ildoak ere aztertuko dituzte, beraz.

Azkenik, UEMAren hezkuntza proiektuaren ildotik, herritarrak ahalmentzeko beharra ere aztertu dute, udalerri euskaldunetako herritarrak kontzientziatzeko eta euskararen garrantziaz jabetzeko. Honi erantzuteko ekimenak aztertzea izango da lankidetzaren hirugarren ildoa.

Josu Labakak nabarmendu duenez, “bazen ordua UEMAtik aspaldi luzatutako eskuari heltzeko Nafarroako Gobernua bezalako eragile garrantzitsu batek. Bi erakundeok etorkizunean izan dezakegun lankidetzaren lehen urratsa besterik ez da gaurko bilera. Harremanak normalizatu, eta asmo onenarekin euskararen erabilera sustatzeko eta bermatzeko pausoa da”.

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.