Galesko Mentrau Iaith Cymru elkarteko koordinatzailea eta ordezkariak Azpeitian izan dira gaur, UEMAren lana, helburuak eta egitekoa ezagutu nahian. Hizkuntzan oinarrituta, komunitateak berpizteko mugimenduak dira Mentrau Iaith-ak. 22 daude Galesen, eta horiek guztiak biltzen ditu Mentrau Iaith Cymru elkarteak.
Euskararen aldeko politika ausartak Galesko hizkuntza politikara eramateko aukerari helduta, jakin-minez bilera luzea egin dute bi aldeek Azpeitian, UEMAko lehendakari Josu Labakak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak harrera egin ondoren.
[ Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta UEMAko lehendakari eta Azpeitiko Euskara zinegotzi Josu Labakak egin diete harrera Galesko Mentrau Iaith elkarteetako ordezkariei ].
Mentrau Iaith Cymru elkarteko koordinatzaile Meirion Lllywelyn Davies-ekin batera, Galesko zenbait eskualdetako Mentrau Iaith-etako ordezkariak Azpeitiko udaletxean bildu dira UEMAko ordezkariekin. Zehazki, Josu Labaka lehendakaria eta Miren Segurola koordinatzailea aritu dira galestarren galderei erantzuten. UEMAren nondik norakoez, ildo estrategikoez eta gaur egungo erronkez aritu ondoren, gai baten inguruko interesa nabarmendu dute bi aldeek: Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna.
Izan ere, UEMAk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna ederki ezagutzen du Meirion Llywelyn Davies-ek. Donostian 2014an lehen aldiz izan zen Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan parte hartu zuen, eta ELE tresnak Galesko hizkuntza politikan duen garrantzia nabarmendu zuen. “Gaur egun, Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna Galesen legez bermatzea lortu dugu eta hau aurrera begira gaelikoaren zaintzan mugarria izango da”, nabarmendu du gaur Azpeitian. Kontu horren harira, UEMAko lehendakari Josu Labakak aipatu dio udalerri euskaldunak gero eta erdaldunagoak izateak kezka eragiten duela UEMAn eta euskalgintzan, eta udalerri euskaldunen zaintzarako ezinbestekoak diren politika ausarten baitan, lehentasunezkoa dela Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna legez bermatzea, Galesen bezala.
[ Mentrau Iaith Cymru elkarteko koordinatzaile Meirion Llywelyn Davies aritu da Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresnak Galesen duen lege babesa azaltzen UEMAko ordezkariei ]
[ Miren Segurola eta Josu Labaka UEMAko koordinatzaileak eta lehendakariak arretaz entzun dituzte Meirion Llywelyn Davies-en azalpenak ]
Euskararen eta gaelikoaren normalizaziorako hizkuntza politikez ez ezik, Mentrau Iaith Cymru elkarteak aurten antolatuko duen Ras Iaith 2016 ekimenaz ere aritu dira. Korrikaren eredua oinarri hartuta, aurten, bigarren aldiz antolatuko dute Gales zeharkatuko duen lasterketa herrikoia: Ras Iaith (‘hizkuntza korrika’, gaelikoz).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Elebitasunaren arazoak eta erronkak Galesen (Collin H. Willian, 2009. euskara.euskadi.eus).
· https://www.mentrauiaith.cymru/ (Mentrau Iaith Cymru elkarteari buruzko informazioa, beraien webgunean).
· Ras yr Iaith 2016 running from Bangor to Llandeilo (mentrauiaith.cymru).