Gipuzkoako Hitza egunkariak Mari Jose Kortaren elkarrizketa plazaratu du gaur. UEMAren sorreraz eta hastapenaz aritu da orduan Aizarnazabalgo alkatea zena. Hemen bere horretan Julene Frantzesenak egindako elkarrizketa.
Duela 25 urte, Aizarnazabalen sortu zen Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Euskal Herriko hainbat udalerrik parte hartu zuen mankomunitatearen sorreran; Aizarnazabalgo orduko alkate Mari Jose Kortak (Aizarnazabal, 1961) ondo gogoan ditu hastapenak.
Nolakoa izan zen Uema sortzeko prozesua?
Uema sortu baino lehen, Euskal Herrian Euskaraz taldean ibiltzen nintzen. Han atera zen Uema sortzeko ideia, udalek euskaraz funtzionatu behar zutela uste zelako. Batzorde haietan esaten zen kalean eragiteaz gain udaletxeetan ere zerbait egin behar zela. Izan ere, Aizarnazabalgo alkate kargua hartu nuenean, udaleko paper guztiak-eta gaztelaniazkoak ziren; euskarazkorik ez zen bat ere. Denborarekin sortu zen mankomunitatea, udalen funtzionamendua gorpuzteko. Herri txiki askok parte hartu zuen sorreran, eta tartean ziren Aizarnazabal eta Errezil.
Aizarnazabalen egin zen Uemaren sorrera ekitaldia.
Mankomunitatearen sorrera ekitaldia eta festa eguna Aizarnazabalen egin zen. Emozioz betetako eguna izan zen; urduri geunden, baina oso ondo joan zen dena. Gainera, Galesko ordezkari batzuk etorri ziren, eta Uema sortzen zela zioen dokumentua sinatu genuen haiek eta guk. Aizarnazabaldarrek eta inguruko herrietakoek asko lagundu zuten. Oso egun garrantzitsua izan zen Aizarnazabalentzat.
Mankomunitatea sortzeak zertan eragin zuen?
Herri txikiak hasi ginen martxan, udaletxeetan dena gaztelaniaz egiten zelako. Erabaki zaila izan zen; dena gaztelaniaz egiten zen lehen, eta euskaraz eskatzera igaro ginen. Idatzi sinple bat euskaraz eskatzea ez zen hainbestekoa, baina herritarrek proiektu bat ekarri behar zutenean… Dena den, erraztu egiten genien lana, testuak non itzul zitzaketen esanez eta. Pixkanaka, herri gehiagok hartu zuten erabaki bera.
Urteotan zer lortu du Uemak?
Lorpen asko egin ditu. Lehen, udalak gaztelera hutsean aritzen ziren, eta euskaraz lan egiten dute orain. Ez da hain erraza euskara hutsean egitea, baina mankomunitateak indar handia egin du horretan. Uema oso garrantzitsua da udalentzat. Izan ere, ez da udal barruko planteamendua soilik; herritarren hizkuntz eskubideei ere eragiten die.
Zer erronka izan ditzake Uemak aurrera begira?
Ni orain Uematik kanpo nago. Gu bere garaian, agian, erradikal xamarrak izan ginen herritarrekin. Derrigortuta egiten diren gauzen emaitzak ez dira oso onak izaten, eta hori ikusi genuen. Udala fuerteegi jartzen bada, igual, kontra jarriko dira herritarrak. Lana egin behar da, jendeari insistitu behar zaio, baina ez hain gogor. Bizitzaren esperientziak erakutsi dit hori, baina hor egon behar da, jardun, insistitu, mezuak kaleratu… Uemari aurrera jarraitzeko esan nahi diot. Hor egon behar du sendo, lanean. Eutsi behar dio orain artekoari, eta jarraipena eman.
Zertarako balio izan du Uemak?
Herritar guztiei begiak irekitzeko, eta ez udalei bakarrik. Udalak zutabe bat izan dira bide horretan, baina Uemak balio izan du eragiteko eta herritarrak kontzientziatzeko.