Hasiera » hezkuntza » Xabi Aizpuruak jaso du Hausnartu Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin

Xabi Aizpuruak jaso du Hausnartu Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin

Gaur banatu dituzte Soziolinguistika Klusterrak urtero antolatzen dituen Hausnartu Soziolinguistika sariak, Donostiako San Telmo museoan egin den ekitaldian. UEMAko teknikari Xabi Aizpurua Ugartek (Oikia, 1982) jaso du lehen saria. Zehazki, Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lanarengatik jaso du saria Aizpuruak. Lan horretan oinarritutakoa da, hain zuzen ere, UEMA eskoletan zabaltzen ari den hezkuntza proiektua, Xabi Aizpuruak berak diseinatu zuen, ikasgeletan euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia lantzeko asmoarekin.

Sariaren eta landu duen hezkuntza proiektuaren nondik norakoakĀ bideo honetan azaldu ditu Aizpuruak:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra amaituta, master amaierako lana eta eguneroko lanbidea uztartzen dituen egitasmoa landu zuen Aizpuruak, UEMAren ildo estrategikoetako bati erantzuteko. Zehazki, udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea da oinarrietako bat, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko.

Gai hau udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko egitasmoa prestatu zuen Aizpuruak, eta proba moduan zenbait herritan abian jarri du ikasturte honetan UEMAk. Datozen urteetan, euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia ikasgeletan zabaltzea da UEMAren asmoetako bat. Bide horretan, DBHrako eta Batxillergorako materiala sortu eta ikasturte honetan Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako sei ikastetxetan landu da, ehunka ikaslerengana iritsiz. Lehen hilabeteotan izan duen erantzuna ikusita eta heldutako eskaera berriak ezagututa, aurrera begira hezkuntza sistema modu integralean landuko duen egitasmoa prestatzea izango da UEMAren erronketako bat legealdi honetan. Ildo horretan, orube sendoa da Aizpuruaren egitasmoa, hortik abiatuta zabaldu baitaitezke udalerri euskaldunetako eskoletan ikasleak sentsibilizatzeko eta ahalmentzeko proiektu berriak.

Sozionliguistika Klusterraren izenean, Belen Urangak, saria jaso duten lanen maila nabarmendu du. Ekitaldian, besteak beste, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Berdintasunerako zuzendaria ere izan dira, sariak banatzen.

Photo 29-1-16 13 51 49
Saridunak, antolatzaileak, eta Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, sariak banatu eta berehala.

Photo 29-1-16 13 51 54
Xabi Aizpurua Ugartek jaso du lehen saria, Patxi Baztarrikaren eskutik.

Photo 29-1-16 13 51 59
Jaime Altuna, Mikel Irizarren eskutik jaso duen bigarren sariarekin.

Photo 29-1-16 13 52 03
Haritz Etxeberria abokatu azpeitiarrak, hirugarren saria jaso du Gehiengo euskalduna duten EAEko udalerriak epaitegi erdaldunetan. Besteak beste, “administrazioan euskara lan hizkuntza bihur dadin lege mailako arau organiko bat beharrezkoa” dela nabarmendu du Etxeberriak.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.