Hasiera » arnasguneak » Batzar Nagusia egin du UEMAk Zarautzen, eta 25. urteurrena erakundea sendotzeko mugarria izango dela nabarmendu dute

Batzar Nagusia egin du UEMAk Zarautzen, eta 25. urteurrena erakundea sendotzeko mugarria izango dela nabarmendu dute

Batzar Nagusia egin du Zarautzen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta 2016ko lan ildoak eta helburuak finkatu ditu. Maiatzaren 28an ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna, Leitzan. Urtea amaitzerako “80 bat udal” izango dira UEMAn. Gaur udal berri bat gehitu da mankomunitatera: Ea.

Zuzendaritza prentsaurreanUEMAko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten alkate eta zinegotziak prentsaurrean agertu dira Zarautzen, Batzar Nagusiaren ostean. Mahaian, ezkerretik eskuinera: Nekane Iribar (Zarauzko zinegotzia, EAJ), Josu Labaka (Azpeitiko zinegotzia, EH Bildu), Onintze Amezaga (Gatikako zinegotzia, EAJ) eta Eneka Maiz (Etxarri Aranazko alkatea, EH Bildu). Goian, ezkerretik eskuinera: Lierni Altuna (Aramaiko alkatea, EH Bildu), Josetxo Mendizabal (Zestoako alkatea, EAJ), Amaia Azkue (Berastegiko alkatea, EH Bildu), Manuel Labaka (Beizamako zinegotzia, independentea), Andere Enbeita (Muxikako zinegotzia, EH Bildu) eta Mikel Ansotegi (Aulestiko alkatea, EH Bildu).

Batzar Nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gaur Zarautzen. Agintaldi honetako bigarren batzar nagusia izan arren, Zuzendaritza Batzorde honentzat lehenengoa izan da. Izan ere, urriaren 3an Azpeitian egindako batzarrean izendatu zuten udal ordezkariek Zuzendaritza Batzorde berria eta, beraz, hilabete hauetan lanean hasi ondoren, hartutako lehen erabakiak berresteko batzarra izan da gaurkoa.

Zarauzko Aritzbatalde udal kiroldegian bildu dira UEMA osatzen duten 73 udaletako ordezkariak gaur goizean, eta Batzar Nagusia amaitu ondoren, prentsaurrean agerraldia egin dute Zuzendaritza Batzordeko kideek. Hedabideen aurrean, UEMAko lehendakari Josu Labakak hartu du hitza guztien izenean.

Batzar Nagusia

Labakaren hitzetan UEMAk zalantza artean hasi zuen agintaldia, “UEMAra udal berriak gehitu edo lehen zeuden batzuk UEMAtik aterako ote ziren. Karguak hartu eta berehala esan genuen Azpeitian, ezberdintasunen gainetik, euskararen inguruan eta hizkuntza eskubideen defentsan oinarrizko kontuetan ados jarri eta euskararen normalizazioan esateko eta egiteko asko dugula udalerri euskaldunok, euskararen arnasguneak garen heinean. Horretan aritu gara hilabete hauetan. Sentsibilizazio ezberdinetako kideok elkarrekin eseri eta lehentasunak finkatzen. Orain, aurrera egiteko adostasunarekin, badugu zeregina agintaldi honetan”.

 Zehazki, agintaldi hau UEMA sendotzeko eta UEMAren ildoak finkatzeko giltzarria izango dela nabarmendu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak: “hurrengo lau urteotako plana osatu dugu, eta hori urtez urte aletu, erabateko adostasunez. Lau urteotako plan horren berri eman diogu gaurko Batzar Nagusiari, eta plan horren baitan, baita 2016 honetarako lehentasunak eta helburuak finkatu ere”. Labakak zehaztu duenez, “izan ere, urte berezia da 2016a UEMArentzat. 25 urte beteko ditugu maiatzean. UEMA sortu zenetik 25 urte igaro dira. Orduko ilusioa, lanerako gogoa eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko premia, ordea, bizi-bizirik daude oraindik. Indarberrituta, esango genuke”.

25 urteko jardunean UEMAk euskarari eta euskararen normalizazioari egin dion ekarpena ere gogoratu nah izan du lehendakariak: “25 urtean, egundoko ekarpena egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. 17 udalek sortu zuten duela 25 urte, eta egunez egun, euskaraz eskubide osoz bizitzeko hautua egin duten udalak gehituz eta gehituz joan dira. 73 udalek osatzen dute gaur egun UEMA, eta aurreratu dezakegu, aurten, urtea bukatzerako, 80 bat izango garela. Gero eta gehiago baitira euskarari eusteko eta euskara babesteko, arnasguneen sare honetara gehitzeko asmoa agertzen ari zaizkigun udalak”.

Horren aurrean, hurrengo lau urteotarako plana diseinatu du Zuzendaritza Batzordeak, eta gaurko Batzar Nagusiak onartuta, honako ildoak izango dira 2016an bereziki landuko direnak, Josu Labaka lehendakariaren arabera:

  1. Udalerri euskaldunen lurgunea osatzeko helburuarekin, udal berriak sartzea UEMAra.
    2016a amaitzerako UEMAko kide 80 udaletik gora izango direla aurreratu dute. Gaur egun, 73 udal dira UEMAko kide.
  2. UEMA erakunde gisa sendotzea. Hainbat ekimen izango dira horren inguruan urte osoan zehar. Udaberrian aurkeztuko dira, 25. urteurrena eta UEMAren nondik norakoak behar bezala gogorarazteko. Nabarmentzekoa: maiatzaren 28an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna. Aurten, Leitzan izango da, egun osoko egitarau zabalarekin.
  3. Udalerrien erabateko euskalduntzea lortu nahian, udalak euskalduntzeko lanean jarraituko du UEMAk, baina batez ere arreta berezia eskaini nahi die udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzeko beharrezkoak diren lan-ildoei, “kezka sumatzen baitugu erabilera kopuruaren datuen aurrean. Ildo horretan, herritarren sentsibilizazioan eta ahalduntzean eragiteko ekimenak sendotuko ditugu udaletan, eta arreta bereziz eragiten ahaleginduko gara hezkuntzan eta komunikazioan, tailer eta kanpaina zehatzekin.
  4. Udalerri euskaldunak behar bezala zaintzea, arnasgune diren heinean. Arreta berezia eskaini nahi dio UEMAk Eragin Lingustikoa Ebaluatzeko tresnari agintaldi honetan, udalerri euskaldunak areago erdalduntzeko arriskuari aurre hartuz.

UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatzen duten alkate eta zinegotzien arabera, “hau guztia elkarlanean egingo dugu. 73 herri horien artean, sentsibilizazio ezberdinetako alderdiak daude agintean, eta Zuzendaritza Batzorde honetan ere horrela dago islatuta. Euskara herri honen izaera erakusteko dugun ondare nagusia dela ulertuta, giltzarria da ildo hauetan elkarrekin egitea aurrera. Bai udal berriekin, eta baita eragile gehiagorekin ere”.

Ea ere UEMAko kide izatea onartu du Batzar Nagusiak

Eako udal ordezkariak 2[Eako udal ordezkariak, dagoeneko Ea UEMAko kide bihurtu ondoren, Zarauzko Batzar Nagusiaren ostean]

Busturialdeko herriak azaroko udal osoko bilkuran erabaki zuen UEMA-n sartzea, eta eskaera gaur berretsi du batzar nagusiak.

Bizkaiko beste herri bat gehiago da gaurtik aurrera Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide: Ea. Busturialdean dago kokatuta Ea, kostaldean, eta 865 biztanle ditu.

Ea, Natxitu eta Bedaroan euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da azken 30 urtean, baina hala ere udalerri euskalduna da Ea oraindik. Gaur egun, %77,1 da euskararen ezagutza indizea. Eako Udalaren arabera “arnasgunea da, oraindik ere modu naturalean euskaraz hitz egin daitekeelako, askorik pentsatu gabe. Belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du euskarak Ean”.

Azken urteotako joerak, ordea, kezka sortu du herritarrengan eta udal ordezkariengan, eta horri erantzun nahi izan diote UEMAra sartzeko erabakiarekin: “Orain bidegurutzean gaude, eta UEMAn sartzeko erabakiak datozen urteotako norabidean eragina izango du dudarik gabe. Arnasgune izaera horri eusteko ahalegina egin beharrean gaude, eta azken urteotako joerari buelta eman behar diogu”, nabarmendu du Arritxu Zelaia Eako alkateordeak, euskara zinegotziak eta udalak aurrerantzean UEMAn izango duen ordezkariak.

Ea+Josu Labaka[Eako udal ordezkariak, UEMAko lehendakari Josu Labakarekin batera]

GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· “Sendotzeko” asmoa du UEMAk (berria.eus, 2016-01-23).
· UEMA indartzea da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen 2016ko helburuetako bat (Urola Kostako Hitza, 2016-01-23).
· Urtea amaitzerako 80 udaletik gora izango dira UEMAn (naiz.eus, 2016-01-23).
· La mancomunidad de municipios vascos alcanzará los 80 ayuntamientos este año (Noticias de Gipuzkoa, 2016-01-24).
· UEMA sendotzeko urtea  (El Diario Vasco, 2016-01-24).
· Gaurtik UEMAko kide da Eako Udala (Busturialdeko Hitza, 2016-01-23).
· Erakundea sendotzea izango da UEMAren helburua, 25. urteurrenean (bizkaie.eus, 2016-01-25).
· UEMAk erakundea sendotzea du helburu 25. urteurrenean (argia.eus, 2016-01-25).
· “25 urte eta gero gaurkotasun handia duen erakundea da UEMA” (Info7 irratia, 2016-01-25).
· Mankomunitatea sendotzea da UEMAren aurtengo helburuetako bat (Urola Kostako Hitza, 2016-01-26).
· UEMAren asmoak eta 2016rako egitasmoa. UEMAren 25. urteurrena eta Udalerri Euskaldunen Eguna (Erlo Telebista, 2016-01-25).
· Zarautzen egin da UEMAko Batzar Nagusia (El Diario Vasco, 2016-01-27).
· Josu Labaka: “Udalerri euskaldunak duela 25 urte baino erdaldunagoak dira” (Azpimarra, ETB, 2016-01-29).
· Josu Labaka: “Desbardinen arteko alkarlana sustatu behar da” (Bizkaie!, 2016-02-01).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.