Hasiera » arnasguneak » UEMAn jarraitzea erabaki du Tolosako Udalak

UEMAn jarraitzea erabaki du Tolosako Udalak

Tolosako Udalak UEMAn jarraitzea erabaki duela jakinarazi zuen atzo euskara batzordean Jokin Azkue Tolosako zinegotziak, eta albisteak oihartzuna izan du hedabideetan. Gaur, esaterako, Berria egunkariak bi orrialde eskaini dizkio gaiari.

Hemen ikusgai, PDFan:
· Ueman izango da Tolosa, oraingoz (PDFa. Berria, 2015-12-16).

Hemen, berriz, Garikoitz Goikoetxea kazetariak sinatutako testua, bere horretan:

· · ·

Ueman izango da Tolosa, oraingoz

Datorren urtean behintzat mankomunitatean egotea onartu du EAJren gobernuak. Uemarekin elkarlanerako zein bide egon daitekeen aztertzen hasi dira. Lekeitio da duda orain

Urtebetez behintzat jarraituko du Tolosak (Gipuzkoa) Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean. Udalak zer egingo zuen airean egon da azken hilabeteetan; irteteko asmoa zehatz ere adierazia zuen udal gobernuak orain bi aste, baina atzera egin du. Beste urtebete behintzat taldean segituko du, eta tarte horretan erabakiko du Ueman jarraitzeko biderik badagoen. Mankomunitateak berak proposamen bat bidali dio udalari, lan ildoak zehazteko —udalaren argudioa da zerbitzu aldetik Tolosak ez duela Ueman egon behar—. Gisa horretan, EAJren gainontzeko udalen bide bera hartu du Tolosak ere: Uemako kide izatea. Lekeitioko Udala (Bizkaia) bakarrik dago dudan momentu honetan.

Aurreko agintaldian sartu zen Tolosa Ueman, alkatetzan Bildu zegoelarik. EAJk ez zuen babestu erabakia, oraingo argudio berberarekin: Tolosak badituela nahiko euskara zerbitzu, eta ez duela beharrik Ueman egoteko. Maiatzeko hauteskundeetan aldaketa iritsi zen, eta jeltzaleek hartu zuten udal gobernua. Irailean, Tolosaldeko Ataria-n, Olatz Peon alkateak iragarri zuen udalak ez lukeela Uema barruan egon beharko. Ez zuen zehatz esan atera egingo zirela, baina duda handia sortu zen.

Aste gutxiren buruan, udaletan izandako aldaketen ondotik, Uemaren batzar berria osatu zuten. Hark hautatzen du zuzendaritza. Tolosako Udalak ez zuen inor bidali bilkurara. Salbuespena zen EAJren udalen artean; gehienek parte hartu zuten bileran, eta hiru zuzendaritza taldean ere sartu dira —Gatika, Zarautz eta Zestoa—.

Ezezkoan zegoen Tolosa. Izatez, orain bi aste, udaleko euskara batzordean, irteteko proposamena egin zuen Jokin Azkue zinegotziak; aurrekontuetan ez zuten jarri diru sailik Uemari pagatzeko.

Berriro elkartu zen euskara batzordea atzo, eta erabakia aldatuta agertu zen udal gobernua. Uemari berari bilera aurretik jakinarazi zion albistea Azkuek. Ondoren, batzordeko kideei azaldu zien urtebeteko luzapena onartu dutela, tarte horretan ikusiko dutela elkarlan ildoak posible ote diren, eta hartuko dutela erabakia. Uemak berak egin dio proposamena udalari jada. Hizketan hasiko dira.

Mugimendu handiak

Zer gertatu da bi astean erabakia hainbeste aldatzeko? Azkue zinegotziak ukatu egin du alderditik agindurik jaso dutela. Mugimendu batzuk izan direla jakin du BERRIAk. Publikoak izan dira horietako batzuk. Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek, adibidez, Uemaren aldeko jarrera argia azaldu du, eta, areago, aldundiaren ildoarekin ere lotu du, garrantzitsua delakoan Uemaren lana.

Bide beretik, kontuan izatekoak dira Markel Olano ahaldun nagusiak orain bi aste, Abadia sarien banaketan, esandakoak. Euskalgintza eta erakundeak elkarlanean aritzeko «esfortzua» eskatu zuen, eta alderdikideei ere utzi zien mezua: «Nahi nuke guztiok barneratzea bidegurutze une batean gaudela. Nire alderdiari eta nire soziologiari begira, batik bat. Izan gaitezen horren jabe eta kontsekuente gure jarreretan ere». Agintaldiko ildoak aurkeztean, elkarlana aipatzeaz bat, Uema propio aipatu zuen Olanok. Aintzat hartu behar da ere Uemaren zuzendaritzan sartu diren udalen artean Zarauzkoa dagoela; udal gobernu horretan dago Imanol Lasa, aldundiko bozeramailea.

Azkuek berak ardura postuak ditu hizkuntza politikan; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria da. Horrek berak ere zeresan handia ematen dio Tolosako Udalaren erabakiari.

Azken asteetan Tolosako mugimendu euskaltzaleak izandako rola ere nabarmentzekoa da. Uematik joatea atzerapausoa litzatekeela ohartarazi dute. Uemarentzat ere zeresan handia du, Tolosa taldeko herri nagusietakoa baita.

Lekeition, negoziaziorik ez

Tolosa beste urtebetez behintzat Ueman izango dela ziurtaturik, Lekeitio (Bizkaia) dago zalantzan —dudako hirugarrenak, Lesakak (Nafarroa), irtetea erabaki du, Geroa Bairen botoekin—. Erabakirik ez dute hartu oraindik Lekeitioko Udalean, nahiz udal gobernuak Uema uzteko nahia azaldua duen.

Mugimenduak izan dira. Udaleko bi taldeak, EAJ eta EH Bildu, negoziatzen aritu dira, gobernu itun bat lortzeko. Uematik ez irtetea jarri zuen baldintzen artean koalizioak, eta erabakia atzeratu egin zen. Baina orain bi aste hautsi egin ziren negoziazioak. Ikusteko dago orain udal gobernuak Uematik irtetea erabakiko duen.

JOKIN AZKUE. TOLOSAKO EUSKARA ZINEGOTZIA
«Etorkizuna baduela ikusten badugu, ikusiko dugu zer urrats egiten ditugun»

UEMAn jarraitzeko erabakia udal taldeak berak hartu duela azaldu du Jokin Azkue zinegotziak (Asteasu, Gipuzkoa, 1961), agindurik ez dutela jaso alderdiaren aldetik.

Zer asmo urtebete honetarako?

Orain dela hamabost egun Euskara Batzordean esan genuen Tolosako Udalari ez ziola inolako balio erantsirik ematen Uemak. Tolosan badugu euskara zerbitzu indartsu bat, euskaltegia… Ez genuen ikusten balio erantsirik zegoenik. Uemak ere ez du bestelakorik eman. Ateratzea proposatu genuen. Iritzi kontrajarriak suertatu ziren. Guk esan genuen birpentsatuko genuela, baina ez genuela ikusten aukera handirik.

Tarte horretan Uemak bidali digu zer eskaintza egingo ligukeen, beste inork eskainiko ez lukeena. Uemarekin ez dugu hitz egin oraindik. Zenbait zerbitzu planteatzen dira, eta hitz egingo dugu bide hori nola jorratu. Ikusten badugu baduela etorkizuna, ikusiko dugu zer urrats egiten ditugun. Hori da hartzen dugun konpromisoa. 2016an Ueman jarraituko dugu, eta ea zer bide egiten dugun. Horrek erakutsiko digu aurrerantzean zer izango den.

Ateratzeko atea ez dago itxita.

Ez. Planteatzen dugu 2016an jarraitzea. Gero aztertuko dugu.

Uemaren batzarrerako ordezkaririk izendatuko duzue orain?

Ez dugu oraindik ezer erabaki. Aurren-aurrena nahi duguna da Uemako zuzendaritzarekin bildu, eta ikusi egin duten eskaintza nola gauzatu litekeen eta horko zerbitzuekin zerekin gauden ados eta zerekin ez. Gero aztertuko dugu. Bidea egin egin beharko da.

Oinarria arazo teknikoa da, edo badago osagai politikoa ere?

Ez ditugu planoak era horretan bereizi behar. Ueman egotea edo ez egotea udalbatzak erabakitzen du; erabaki politikoa da. Baina erabaki politiko hori sostengatu behar da txosten tekniko batean. Esparru teknikoari erreparatzen badiogu, nahikoa da irakurtzea Uemaren estatutuak, zer zerbitzu eskaintzen dituen, nori eskaintzen zaizkien. Hor Tolosak ez dauka leku garbi bat. Hori gertatzen da, azken batean. Ueman sartzeko erabakia hartu zenean, Inaki Irazabalbeitia Euskara zinegotzi zenak esaten zuen erabaki politikoa zela. Erabaki politiko horrek behar du sostengu teknikoa, eta ez dauka. Hemen euskarako azpiegitura handiak ditugu. Uemak egin digu zerbitzu teknikoen eskaintza bat. Baldin badago adostasun bat, hor euskarri tekniko bat egongo da. Horren baitan dator erabaki politikoa.

Jarrera aldaketa bat egon da hamabost egunean udal taldean?

Orain bi aste ateratzea proposatu genuen, eta orain pentsatu dugu jarraitzea. Guk geuk proposatu genuen ateratzea.

Alderdiaren aldetik aholkurik edo agindurik jaso duzue?

Ez. Udalaren erabakia izan da. Udalak askatasun osoa izan du erabakia hartzeko. Badira atera direnak ere.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.