Hasiera » hezkuntza » UEMAk eta EHUk lankidetza hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, elkarlanerako ildoak adostuta

UEMAk eta EHUk lankidetza hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, elkarlanerako ildoak adostuta

Udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten papera aintzat hartuta, unibertsitateak eta UEMAk elkarlanean ekarpen ezin hobea egin dezaketeela nabarmentzen du hitzarmenak

image(Miren Segurola koordinatzailea eta Josu Labaka lehendakaria izan dira gaurko agerraldian eta sinadura ekitaldian UEMAren izenean.
Iñigo Urrutia eta Iñaki Lasagabaster, berriz, EHUren izenean).

Fernando Plazaola Euskal Herriko Unibertsitateko jarduneko errektoreak eta Josu Labaka UEMAko lehendakariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta bi aldeek agerraldia egin dute gaur Leioan, hitzartutakoaren berri emanez. Ekitaldian, Iñigo Urrutia eta Iñaki Lasagabaster aritu dira EHUren ordezkari gisara, eta Josu Labaka lehendakaria eta Miren Segurola koordinatzailea, berriz, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen izenean.

Hitzarmenean nabarmentzen den moduan, “udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten papera aintzat hartuta, unibertsitateak eta UEMAk elkarlanean ekarpen ezin hobea egin dezakete euskararen berreskurapenean”. Zentzu horretan, bi erakundeen arteko lankidetza harremana iraunkorra izan dadin, hainbat puntu zehaztu dituzte hitzarmenean bi aldeek. Besteak beste, hitzarmenaren harira sortuko diren lankidetza motak zein izango diren esaten da, lankidetzarako arloak zein izango diren zehaztearekin batera.

Lankidetza hitzarmen honen jarraipena egiteko eta lankidetzarako akordio zehatzak garatzeko, bi aldeen arteko Jarraipen Batzorde bat eratu da, EHUko bi ordezkarik eta UEMAk beste bi ordezkarik osatutakoa.

Hitzarmena gaur sartu da indarrean, 2015eko abenduaren 16an, behin bi aldeek hitzarmena sinatu ondoren. Bost urteko indarraldia izango du, eta bi aldeek ados daudela idatziz agertuz gero, beste lau urterako berritu ahal izango da.

Lankidetza motak

Hitzarmenak honako lankidetza motak aurreikusi ditu.

  • Ikaskuntza guneak bultzatzea, baita udalerrietako herritarren parte-hartzea sustatze aldera hitzaldiak eta dibulgazio zientifikoa bultzatzea ere.
  • UEMAko udalerrien zerbitzura dagoen pertsonalari zuzendutako formakuntza ikastaroak antolatzea.
  • Bi aldeek adostutako gaiei buruzko jardunaldiak antolatzea eta eskaintzea.
  • UEMAri eta UEMAko kide diren udalerriei laguntza teknikoa eta juridikoa eskaintzeko akordioak finkatzea.
  • Euskararen erabilera sustatzeko jarduerak bultzatzea.
  • Akordioak finkatzea ikasleek UEMAn zein UEMAko udaletan praktika hezigarriak egin ditzaten.
  • Bi erakundeak lankidetzan jardutea udalerri euskaldunentzat eta unibertsitate komunitatearentzat interesgarriak diren azterlanak egiterakoan, bi erakundeek eskura dituzten baliabideak erabiliz.

Aurrerantzean, hitzarmen honen baitan, bi aldeen arteko programa edo proiektu zehatzak ere garatu ahal izango dira.

Lankidetza arloak

Lankidetza arloei dagokienez, bi erakundeen arteko lankidetza UEMArentzat zein EHUrentzat interes komunekoak diren arloen baitan garatuko da. Honakoetan, besteak beste: euskararen sustapena eta erabilera, hezkuntza, prestakuntza, administrazio-zuzenbidea, toki erregimenak barne hartzen dituen arloak, ingurumen zuzenbidea eta bi aldeen interesekoak izan daitezkeen ikerketa esparruak.

Arlo horietan, bi aldeen eskumenen baitan sartzen diren programa, proiektu eta jarduerak planifikatuko eta egingo dira, eta berariaz zehaztuko dira hitzarmen edo akordio zehatzetan.

Bereziki bi ekimen zehatz nabarmendu dituzte lehen urterako. Batetik, udalerri euskaldunak euskararen bilakaerarekin eta egoera soziolinguistikoarekin kezkatuta ageri direnez, ikasleek udalerri euskaldunetan azterketa soziolinguistiko zehatzak egiteko praktikak bideratzea izango da lan ildoetako bat. Bigarrenik, Administrazio eta Prozedura Legea (39-40/2015) dela-eta, udalerri euskaldunetako idazkarientzat formakuntza ikastaroak antolatzea, lege zaharraren eta berriaren arteko aldeak nabarmenduz eta egokitu beharrekoen berri emanez. Bi hauez gain, bi aldeen arteko Jarraipen Batzordeak erabakiko ditu lehen urterako beste lan arloak ere.

EHU2 EHU3

GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena (PDFan).
· Prentsa oharra (PDFan).
· Lankidetzan ariko dira UEMA eta EHU, eta ikerketa lanak bultzatuko dituzte (Berria, 2015-12-16).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.