Hasiera » arnasguneak » UEMAn sartzea onartu du Eako Udalak

UEMAn sartzea onartu du Eako Udalak

Atzo ilunabarrean udal osoko bilkura izan zuen Eako Udalak, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen. EH Bilduko 4 zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJko bi zinegotzien abstentzioarekin hartu zuten erabakia. Behin Udalak erabakia hartuta, UEMAra bideratuko dute eskaria, eta honek urtarrilean egingo duen batzar orokorrean onartuko ditu eskaera berriak. Gaur egun, 73 udalek osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

IMG_5681

                          (Eako udal ordezkariak, atzoko udalbatzarrean. Argazkia: Andoni Landa)

UEMAko kide izatea onartzeaz gain, udalak UEMAko batzar orokorrean izango duen ordezkaria ere izendatu zuten. Zehazki, Arritxu Zelaia alkateordea eta Euskara eta Kultura batzordeburua izango da ordezkaria. Ordezkoa, berriz, Aitor Okamika zinegotzia.

Ea, Natxitu eta Bedaroan euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da azken 30 urtean, baina hala ere udalerri euskalduna da Ea oraindik. Gaur egun, %77,1 da euskararen ezagutza indizea. Eako Udalak jakinarazi duenez “arnasgunea da, oraindik ere modu naturalean euskaraz egin daitekeelako, askorik pentsatu gabe. Belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du euskarak Ean”. Azken urteotako joerak, ordea, kezka sortu du herritarrengan eta udal ordezkariengan, eta horri erantzun nahi izan diote erabakiarekin: “Orain bidegurutzean gaude, eta UEMAn sartzeko erabakiak datozen urteotako norabidean eragina izango du dudarik gabe.  Arnasgune izaera horri eusteko ahalegina egin beharrean gaude eta azken urteotako joerari buelta eman behar diogu”, nabarmendu du Arritxu Zelaia alkateorde eta Euskara zinegotziak.

“Horregatik erabaki dugu UEMAn sartzea, indar handiagoz ekiteko, elkarrekin indar handiagoa izango dugulako. Natxitu, Bedaroa eta Ea euskaldunak izaten jarraitu nahi dugu gerora, eta izango dira horrela nahi baldin badugu”.
 
 
 
 
 
Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.