Hasiera » Administrazioa » “Neurriak hartzeko ordua da, euskarari eutsiko badiogu behintzat”

“Neurriak hartzeko ordua da, euskarari eutsiko badiogu behintzat”

Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur eguerdian UEMAko lehendakari Josu Labaka. 
Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko Arartekoak Nafarroako Gobernuari proposatutako neurriak izan ditu hizpide, oraindik euskaldunon eskubideak sistematikoki urratzen direla eta eskubideak bermatzeko Arartekoak proposatutako neurriak hartzea ezinbestekoa dela iritzita.

Audioa entzungai (irudiaren gainean klik eginda).

Labaka-info7

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hitzez hitz, berriz, honakoa da esan duena:

“Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen iritziz garrantzitsua den arren, hedabideetan oihartzun apal samarra izan duen zerbait gogorarazi nahiko nuke gaur. Izan ere, duela zenbait egun Nafarroako Parlamentuko lan saio batean parte hartu zuen UEMAk, Nafarroan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu daitezen Arartekoak egin duen txostena aurkeztuz alderdi guztietako parlamentariei.

Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia ulertzeko, zenbait hilabete egin behar dugu atzera. Uztailera, zehazki. Orduan, Etxarri Aranazko alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea den Eneka Maizek, Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailari eta Hezkuntza Sailari zuzendutako kexa aurkeztu zuen, beste 592 herritarren eskaerekin batera, Etxarri Aranatz udalerri euskalduna den heinean, bertan osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatuz. Izan ere, Etxarri Aranazko osasun-etxean herritarrek ez dute inolaz ere bermatuta zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera. Egoera salatuz, kexa hori bera Hizkuntza Eskubideen Behatokian eta Nafarroako Arartekoan ere aurkeztu zuen Etxarriko alkateak.

Jasotako ia 600 kexa eta eskaerei erantzunez, txostena egin du Nafarroako Arartekoak, ondorio argiekin: adierazi du legeak eskubide hori aitortzen diela herritarrei eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza Departamentuei zenbait eskaera egin dizkie herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Ez nolanahikoak, gainera. Besteak beste, plantilla organikoa aldatzeko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.

Gaiak duen garrantzia eta pisua ikusita, Nafarroako Gobernua sustengatzen duten aldaketaren indarrek, Arartekoaren txostena eta proposamenak aurkezteko agerraldia eta lan saioa eskatu zuten parlamentuan, eta horixe egin zen pasa den azaroaren 13an. Eneka Maizek berak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Teknikari Izaskun Errazkinek aurkeztu zieten gaia eta txostena parlamentariei, aldatu beharreko foru dekretuak aldatzeko eskatuz. Nabarmendu zuten euskaldunon hizkuntza eskubideak sistematikoki urratu direla Nafarroan azken 30 urteotan, gaur egun ere urratzen direla, eta aurrera begira hori ekiditeko ezinbestekoa dela Arartekoaren eskaerak aintzat hartzea eta legea betetzea, herritarren eskubideak bermatzeko, horretarako aldatu beharreko foru dekretuak aldatuz. Datu esanguratsu bat nabarmendu zuten: Nafarroa osoan %20 dira euskaldunak eta, aldiz, plantilla organikoaren %1ari soilik eskatzen zaio euskara jakitea.

Horri buelta emateko, bai gobernukideei eta baita gainerako parlamentariei ere, euskarari eusteko hizkuntza politika bereziak eta aurrerakoiak eskatu zizkieten, euskararen arnasguneetan behintzat. Euskara ere arriskuan dauden munduko hizkuntzen artean kokatzen duen UNESCOren mapa ekarri zuten gogora, eta Nafarroako ekosistemarentzako Irati, Urbasa, Bertitz edo Bardea bezalako babestutako naturguneak neurri bereziekin babestea beharrezkoa den modu berean, euskararen arnasguneak ere bereziki zaindu eta babestu behar direla aldarrikatu zuten, horretarako hizkuntza politika berezituarekin eta aurrerakoiarekin.

Ez da ezer berria. Logika hutsa besterik ez. Baina hedabideetan inolako oihartzunik ezean, behin eta berriro gogoraraztea dagokigu, neurriak hartzeko ordua da, euskarari eutsiko badiogu behintzat”.

GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Hizkuntza eskubideak bermatzeko Arartekoak egindako txostena aurkeztu du UEMAk Nafarroako Parlamentuan (uema.eus, 2015-11-13).
· Hizkuntza eskubideak bermatzeko eskariak Nafarroako Parlamentura eraman ditu Uemak (Berria, 2015-11-13).
· Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea eta plantilla organikoa egokitzea eskatu dio Arartekoak Nafarroako Gobernuari (uema.eus, 2015-10-07).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.