Hasiera » arnasguneak » Xabi Aizpuruarentzat 2015eko Hausnartu Soziolinguistika saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin

Xabi Aizpuruarentzat 2015eko Hausnartu Soziolinguistika saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin

UEMAko teknikari Xabi Aizpurua Ugarte gailendu da aurten Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen HAUSNARTU Euskal Soziolinguistika Sarietan. Zehazki, “Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia” lanarengatik jaso du lehen saria Aizpuruak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra amaituta, master amaierako lana eta eguneroko lanbidea uztartzen dituen egitasmoa landu zuen Aizpuruak, UEMAren ildo estrategikoetako bati erantzuteko. Zehazki, udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea da oinarrietako bat, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko.

[Xabi Aizpurua Ugarte]

Gai hau udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko egitasmoa prestatu zuen Aizpuruak, eta proba moduan zenbait herritan abian jarri du ikasturte honetan UEMAk. Datozen urteetan, euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia ikasgeletan zabaltzea da UEMAren asmoetako bat. Bide horretan, DBHrako eta Batxillergorako materiala sortu eta ikasturte honetan Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako sei ikastetxetan landu da, ehunka ikaslerengana iritsiz. Lehen hilabeteotan izan duen erantzuna ikusita eta heldutako eskaera berriak ezagututa, aurrera begira hezkuntza sistema modu integralean landuko duen egitasmoa prestatzea izango da UEMAren erronketako bat legealdi honetan. Ildo horretan, orube sendoa da Aizpuruaren egitasmoa, hortik abiatuta zabaldu baitaitezke udalerri euskaldunetako eskoletan ikasleak sentsibilizatzeko eta ahalmentzeko proiektu berriak.

ikasleak [Udalerri euskaldunetako ikasleentzat berariaz prestatutako egitasmoa ari da lantzen UEMA, Xabi Aizpurua teknikariarekin].

Xabi Aizpuruaren lana, Hausnartu sarietan parte hartu duten beste artikulu batzuekin batera, BAT aldizkariaren 97. zenbaki monografikoan argitaratuko du Soziolinguistika Klusterrak abenduan. Saritutako lanen artean, bada udalerri euskaldunei dagokien beste bat ere. Zehazki, Haritz Etxeberria abokatu azpeitiarrak landu duena eta hirugarren saria jaso duena: “EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan”.

Honakoak dira aurtengo saridunak eta saritutako lanak:

Lehen saria: 1.500 € eta Zumetaren litografia bat
Izenburua: Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia.
Egilea: Xabi Aizpurua Ugarte

Bigarren saria: 1.000 €
Izenburua: Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan.
Egilea: Jaime Altuna Ramirez

Hirugarren saria: 700 €
Izenburua: EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan.
Egilea: Haritz Etxeberria Bereziartua

GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· VIII. HAUSNARTU – 2015eko Euskal Soziolinguistika Sarietako irabazleak (soziolinguistika.eus).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.