Hasiera » arnasguneak » “Herritarrak euskalduntzearen zama ekonomikoa ezin dugu udalen gain utzi. Erabaki ausartak hartzeko ordua da”

“Herritarrak euskalduntzearen zama ekonomikoa ezin dugu udalen gain utzi. Erabaki ausartak hartzeko ordua da”

Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur eguerdian UEMAko lehendakari Josu Labaka. Doakotasunak euskalduntzean izan dezakeen eraginaz hitz egin du, “erabaki ausartak hartzeko ordua” dela nabarmenduz.

Hemen audioa entzungai (irudiaren gainean klik eginda).

Josu-GureazBlai
Hitzez hitz, berriz, honakoa da esan duena:

“Urriak aurrera egin ahala, irailean hasitako ikasturte berriko matrikulazio datuak heldu zaizkigu bateko eta besteko euskaltegietatik. Aurten, bada nabarmentzeko zerbait: doakotasunerako urratsa egin duten herrietan, laukoizteraino iritsi da matrikulazioa. Oriokoa da kasurik esanguratsuena, baina ez da bakarra. Zestoak aspaldi abiarazitako bideari heldu dio orain Oriok, eta tartean Tolosa edo Azpeitia bezalako udalek ere erabaki zuten gurdi horretara igotzea eta euskara ikasi nahi duten ikasleei doan eskaintzea euskalduntzeko aukera. Bide-erakusleak dira, euskalgintzan azkenaldian gero eta sendoagoa den aldarriarentzat: euskalduntzearen doakotasuna.

Orain arte euskara ikasteko diru-laguntza ematen zuen Orioko Udalak, beste udal askok bezala. Ikasturte honetan, ordea, euskara ikastea doan izatea bermatu du Udalak, eta jasotako erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Aurreko urteetakoarekin alderatuta, ikasle kopuruak lau aldiz egin du gora, eta azkenean matrikulazioa itxi behar izan dute. Aurrekontu arazoa ere sortu zaie, baina kontuan hartuko dute hurrengo ikasturterako.

Orio, Tolosa edota Azpeitia, ordea, ez dira Zestoako abiarazitako gurdira igo diren herri bakarrak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ekimenez, Altzo, Berastegi, Berriatua, Ikaztegieta edo Segura bezalako herri txikiagoetan ere, esaterako, ikasturte honetan herrian betan euskara ikasleen taldeak sortzeko ahalegina egin dute, ikasleek herri handiagoetako euskaltegietara joan behar izan ez dezaten, beti ere euskara ikastea doan eskainiz. Herri horietan erantzun ona izan du deialdiak, eta inoiz baino talde gehiago sortu dira ikasturte honetan.

Euskal Herria erabat euskalduntzeko, euskalduntzea doakoa izatea urrats estrategikoa da. Euskalduntze prozesuak erabat doakoa izan beharko lukeela, gainera, HABEren legeak dio. Legea betetzeko ordua dela gaineratu beharko genuke, beraz. Eta legea bete behar denean, aurrekontuak ezin du aitzakia izan. Borondate politikoa besterik ez da behar. Herritarrak euskalduntzearen eskumena ez da udalena eta, beraz, ezin dugu zama ekonomikoa udalen gain utzi. Erabaki ausartak hartzeko eta dirua horretara bideratzeko ordua da.

Egun batetik bestera ezin bada egin doakotasunerako urratsa, hemen proposamena: duten garrantziagatik eta normalizazioan duten eraginagatik, eman diezaiegun lehentasuna udalerri euskaldunetako herritar guztiei. Gero, beste herrietan, administrazio publikoan eta jendaurrean lanean ari direnei, langabetuei eta ikasleei, eta azkenik gainerako herritar denei. Urte bakarrean ezin bada lortu erabateko doakotasuna, legealdia amaitzerako behintzat bermatu beharko genuke. Ez da gutizia edo kapritxoa, datuek erakusten duten moduan, Euskal Herria benetan euskalduntzeko ezinbesteko erabakia baizik”. 

 Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Doakotasunerako urratsa egin eta euskara ikasleak laukoiztu egin dira Orioko euskaltegian (uema.eus, 2015-10-08).
· 60 ikasle inguruk eman du izena euskaltegian, inoiz baino gehiago (orio.eus, 2015-09-28).
· Sekula baino euskara ikasle gehiago (karkara.eus, 2015-10-01).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.