Hasiera » arnasguneak » Euskara Plus ekimena abiarazi dute Alegian, Iruran eta Villabonan

Euskara Plus ekimena abiarazi dute Alegian, Iruran eta Villabonan

Euskarak lan merkatuan duen presentzia indartu nahian eta lan munduan euskaraz komunikatzeko gaitasuna areagotzeko, Euskara PLUS egitasmoa jarriko dute martxan Tolosaldeko hiru herritan: Alegian, Iruran eta Villabonan. Banaiz Bagara elkartea da egitasmoaren sustatzailea, Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko Garatzenen laguntzarekin.

lanean-euskaraz

[ Lan merkatuan euskara balio erantsia dela nabarmendu nahi du ekimen berriak. Iturria: aiurri.com ].

 

Egitasmo hau beren lan ingurunean euskara erabiltzera ohituta ez daudenei zuzenduta dago; bertakoak izan eta euskaraz jakin arren erabili ohi ez dutenei, eta kanpotik etorri eta euskaraz ezer gutxi dakitenei:

Bi helburu nagusi ditu egitasmoak: alde batetik, langileen eta lan bila dabiltzanen komunikazio gaitasunak hobetzea, eta bestetik, enplegatzaile edo enplegu-emaile euskaldunei euskara erabiltzeko gaitasuna eta kontzientziazioa duten langileak eskaintzea.

Lau atal ditu Banaiz Bagara elkartearen Euskara PLUS egitasmoak: ikastaroa, parte-hartzaileen jarraipena, euskara baloratzen duten enplegu-emaileen datu-basea eta lana bilatzen ari diren parte-hartzaileen lan-poltsa.

 

Ikastaro trinkoak

Hogei orduko iraupeneko ikastaro trinkoak egingo dira, bereziki langabeei zuzendutakoak, nahiz eta langileek ere parte har dezaketen. Merkataritza eta ostalaritza, pertsonen zaintza eta industria arloetan dihardutenentzat, edo arlo horietan jardun nahi dutenentzat izango dira ikastaroak, eta arlo horiei lotutako instalazioetan egingo dira: ostalaritza arlokoa jangela edo elkarte batean, zaintza arlokoa zaharren egoitza batean, eta industria arlokoa Tolosaldeko Goi Mailako Institutuan. Talde bakoitzean gehienez hamar parte-hartzaile izango dira, lan pertsonalizatua egiteko.

Ikastaro hauetan oinarrizko hiztegia eta egoera errealen simulazioak landuko dira; bezeroaren arabera, zein hizkuntzatan atenditu, jarrera positibo bat nola azaldu, lantalde bat nola antolatu edo agindu errazak ulertu. Kontzientziazio lan bat ere egingo da, gaztelania ez ezik euskara ere normaltasunez erabiltzeko.

Oraindik euskaraz gutxi dakitenak, lanean dakitenak erabiltzera motibatzea da helburua. Halaber, ikasten ari direnei segurtasuna eta konfiantza hartzen lagunduko zaie, aurrerantzean lantokia «etengabeko ikasleku» izan dezaten.

 

Gainontzeko atalak

Langile nahiz langabeentzako eskaintzez gain, euskara kontuan hartzen duten enpresekin zubi-lana ere egiten du Banaiz Bagara Elkarteak, enpresa hauek langile berriren bat kotratatzerako unean ikastaroetan parte hartu duten pertsonak kontuan har ditzaten.

Bestalde, jarraipen tailerra egingo da ikastaroetako parte-hartzaileekin: curriculuma prestatu eta eguneratu, lana bilatzen lagundu, informazioa eman, etab. Izan ere, asmoa ez da ikastaro soil batean geratzea.

Azkenik, sare bat osatu nahi da ikastaroetako parte-hartzaileekin. Elkartearen webgunea eta buletina jarraitzeko aukera izango dute, baita saretze eta motibatze ekitaldietan parte hartzeko aukera ere.

Izena emateko epea irekita dago, urriaren 19tik urriaren 30a arte. Ikastaroak doakoak dira.

Izena emateko lekuak eta telefonoak:

Villabona: Udaleko Euskara Zerbitzua, Tel: 943 693501 Email: euskara@villabona.net

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara.

Alegia: Udaleko Gizarte Zerbitzua, Tel: 943 654768 Email: gizarte@alegia.eus

Ordutegia: Asteartetik ostiralera 9:00etatk 13:00etara.

Irura: Udaletxeko harrera, Tel: 943 691333 Email: euskara@irura.eus

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara.

Tolosaldea Garatzen: Enplegu zerbitzua, Tel: 943 653501 Email: lan@tolosaldea.net

Ordutegia: Astelenetik ostegunera 09:00-13:00 eta 15:00-18:00. Ostiraletan 09:00etatik 15:00etara.

Informazio gehiagorako: Banaiz Bagara elkartea, 943 331 445

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.