Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaria elkarrizketatu du gaur Berria egunkariak. Argi aritu da euskalgintzaz, hizkuntza politikaz, arnasguneez eta UEMAz, besteak beste. Gari Goikoetxea kazetariak galdera zehatzak ere egin dizkio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateaz. Honakoak dira Mikel Irizarren erantzunak, UEMAn “denak eroso” egotearen inguruko esperantza agertuz eta horren alde egingo duela nabarmenduz.
Euskalgintzarekin elkarlanean aritzea aipatu duzue, tartean Uemarekin. Tolosak ez du argi jarraitu edo ez. Kezkaz bizi duzu?
Lan bat dago egin beharra. Bi elementu daude. Bat, teknikoa: herri txikien mankomunitate bezala sortu zen Uema, zerbitzuak partekatzeko; horretara mugatuko balitz, ez luke zentzu handirik udal handiagoak egoteak. Bestetik, politikoa: lubakitik dator. Uemako bazkideak gehiago izan direnez kolore batekoak, Uemak ere ondorioz hartu du kolore bat. EAJ ez da beti eroso egon. EAJko alkatea duten udaletan posizio ezberdinak daude. Nire proposamena da Uema indartzea, orain arte baino zerbait gehiago izatea. Defektuz euskaraz funtzionatuko duen Gipuzkoa horretan, Uema oso inportantea da. Baldintzak zein dira? Batetik, Uemak nahi izatea; bestetik, Ueman kolore politikoak orekatzea edo lausotzea, denak eroso egotea. Badut esperantza. Horren alde egingo dut.
Aldundiak animatuko ditu udalak Ueman sar daitezen?
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak animatuko ditu, eta saiatuko da diputazioak ere anima ditzan. Horraino esan dezaket.
Hautatu berritan, Josu Labaka Uemako lehendakariak «zoru komuna» aipatu du. Zuk ere sarritan adierazi duzu. Sintonia bat nabari da?
Uste dut baietz. Hizkeran bat etortzeak ere errazten ditu gauzak. Hiztun komunitatea eraikitzen da zoru komun baten gainean. Zoru komuna existitzen da, eta gauza askotan erabili dugu; falta da formulatzea.
Zertan oinarritu behar da zorua?
Behar dugu diskurtso multzo bat, denok eroso egoteko. Egon daiteke diskurtso euskaltzalea, euskaran zentratua: orain arte gehien zabaldu dena da, baina badago pertzepzioa esparru batean duela argia, eta itzal asko sortzen dituela bueltan. Ideia da beste foku zabalago bat piztea, diskurtso demokratikoa, berdinzalea: pertsonei aitortu askatasuna hizkuntza hautatzeko, baina gogoratu askatasunak berdintasuna eskatzen duela, eta hori bakarrik dela posible denok elkar ulertzen badugu bakoitzak egindako hautuan. Gutxienez ulertzeko obligazioa dago. Maila kolektiboan, ezin denez egon gaztelaniaren eta euskararen arteko berdintasun kuantitatiborik, gehienez ere orekatu daiteke euskarari funtzio berezko batzuk emanda. Hor dago oinarria esateko Gipuzkoako erakundeek lehentasunez edo defektuz euskaraz funtzionatu behar dutela. Hain zuzen ere, oreka bila.
——————————————————————————————————————————–
ELKARRIZKETA, OSORIK, HEMEN:
· Mikel Irizar: «Bada kezka apalaldian gaudela, eta hausnarketa hasi nahi dugu» (Gari Goikoetxea, Berria, 2015-10-13).