Hasiera » arnasguneak » Doakotasunerako urratsa egin eta euskara ikasleak laukoiztu egin dira Orioko euskaltegian

Doakotasunerako urratsa egin eta euskara ikasleak laukoiztu egin dira Orioko euskaltegian

Sekula baino euskara ikasle gehiagok ekin dio ikasturte berriari Orioko euskaltegian. Izan ere, Orioko Udalak apustu argia egin du euskalduntzea sustatzeko: euskara ikastea doan izatea Orion. Erantzuna ez da nolanahikoa izan: euskaltegiak inoiz izan duen matrikulazio-kopuru handiena du ikasturte honetan, 60 ikasle baino gehiagorekin.

Orain arte euskara ikasteko diru-laguntza ematen zuen Orioko Udalak, udal gehienek bezala. Orain, ordea, Zestoak aspaldi abiarazitako bideari heldu, eta euskara ikastea doan izatea bermatu du Udalak, eta jasotako erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Zerbitzuak emateko kontratua irailaren 28an sinatu zuten Udalak eta AEK-k. Taldeak osatuta, gainera, sekula gertatu ez dena ere egin behar izan dute: matrikulazioa itxi. Orioko Udalak zituen aurreikuspenak bikoiztu egin ditu aurtengo matrikulazioak, eta horrek aurrekontu arazoa ere sortu die, baina kontuan hartuko dute hurrengo ikasturteetarako.

Datuei dagokienez, goizeko eta arratsaldeko hiru talde presentzialetan 35 lagun ariko dira euskara ikasten Orion ikasturte honetan, eta horrez gain beste 32 ikaslek eman dute izena autoikaskuntzarako. Azken hau eskaintza berria da Orion, eta arrakasta izan du: plaza guztiak bete dira, eta itxaron-zerrenda ireki behar izan du AEK-k. Autoikaskuntzaren bidez, ikasleek etxean zein euskaltegian dute ariketak egiteko aukera, eta horrez gain astean behin tutorearekin dute hitzordua, ariketak zuzentzeko eta zalantzak argitzeko.

Doakotasunaren aldeko apustua egin eta jaso duten erantzunarekin gustura daude Orion, baina argi dute ez dutela ezer asmatu. “Guk Zestoako eredua Oriora ekarri baizik ez dugu egin. Zestoan urteak daramatzate eredu hau aplikatzen eta euskaltegiaren aldeko apustu indartsua egiten, oso emaitza txukunarekin. Guk haiena ikusi, aztertu eta kopiatu egin dugu. Meriturik bada honetan, zestoarrena da”, nabarmendu dute Orioko Udaleko Euskara Zerbitzutik.

Era berean, aurten matrikulazioa laukoiztearena, doakotasunari ez ezik beste zenbait faktoreri ere lotuta dagoela nabarmendu dute. Batetik, euskaltegiak lehen lehen ez zuen toki fisiko propiorik, baina orain lokal bat egokitu du Udalak horretarako. Era berean, autoikaskuntza eskaintzen ere hasi dira, eta hori ere berria da. Autoikaskuntzak, doakotasunari lotuta, arrakasta handia izan du, eta ikasle erdiak eredu horretan matrikulatu dira.

Zestoako euskaltegia inauguratu dute

Zestoa aitzindaria da euskara ikastea doan izan dadin. Urte asko eta asko daramatzate horretan, aspaldidanik. Hamabost urte baino gehiago dira orain beste herrientzat eredua dena Zestoan errotu zenetik, herriak euskalduna izaten segi dezan euskalduntzeak duen garrantziaz ohartuta, horretarako ahalik eta erraztasun gehien emanez.

Egindako bide emankorrari segida emateko, ikasturte honetan, gainera, baliabide berriak ere badituzte. Zehazki, atzo inauguratu zuten Zestoako euskaltegia. Kultur Etxean du bulego berria, eta gaur hasiko dituzte ikasturte berriko klaseak. 


[ atzo inauguratu zuten Zestoako Euskaltegia. Argazkia: danbolin.eus ]

Azpeitia, Tolosa eta hainbat herri txiki ere ere doakotasunaren bidetik

Zestoak abiarazitako bideari ikasturte honetan heldu dio Oriok, eta erantzun nabarmena jaso du ikasleen aldetik. Oriok baino lehenago, ordea, doakotasunaren aldeko apustua egin dute beste zenbait udalek ere.

Azpeitian, esaterako, kuota ordaintzen dute euskara ikasleek, baina ikasturtea amaitzean %85eko asistentzia bermatuta izanez gero, ordaindutako guztia itzultzen zaie. Urte asko dira dagoeneko euskalduntzearen inguruko erabaki hau hartu eta horrela bideratzen dutenetik. Duela pare bat urte, berriz, langabetuentzat hasieratik doan izatea erabaki zuten, eta langabezia-txartela aurkeztuz gero, ondoren itzuliko litzaizkiekeen kuotak ere ez dituzte ordaintzen langabeek.

Tolosan, berriz, euskara ikasleek ikasturtearen hasieran ordaintzen dute matrikula, baina ordaindu eta berehala Udalak erdia bueltatzen die. Ikasturtean zehar asistentzia egokia izanez gero, beste erdia itzultzen die Udalak ikasturtearen amaieran. Euskara ikastea doan izatea bermatzen du honela Udalak Tolosan ere.

Altzo, Berastegi, Berriatua, Ikaztegieta edo Segura bezalako herri txikiagoetan ere, besteak beste, ikasturte honetan herrian bertan euskara ikasleen taldeak sortzeko ahalegina egin dute, ikasleek herri handiagoetarako euskaltegietara joan behar izanik gabe, beti ere euskara ikastea doan eskainiz. Herri horietan erantzun ona izan du deialdiak, eta ikasle taldeak sortu dira ikasturte honetarako.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· 60 ikasle inguruk eman du izena euskaltegian, inoiz baino gehiago (orio.eus, 2015-09-28).
· Sekula baino euskara ikasle gehiago (karkara.eus, 2015-10-01).
· Euskara ikasteko zerbitzu berritua eskainiko du Udalak Orion, AEKren bitartez (orio.eus, 2015-09-15).
· Zestoako Euskaltegia inauguratu da (danbolin.eus, 2015-10-07).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.