Hasiera » Administrazioa » Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea eta plantilla organikoa egokitzea eskatu dio Arartekoak Nafarroako Gobernuari

Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea eta plantilla organikoa egokitzea eskatu dio Arartekoak Nafarroako Gobernuari

Etxarri Aranazko alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea den Eneka Maizek Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailari eta Hezkuntza Sailari zuzendutako kexa aurkeztu zuen uztailean, 592 eskaerarekin batera, Etxarriko osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatuz. Kexa hori Behatokian eta Nafarroako Arartekoan ere aurkeztu zuen.

Orain, kanpaina aurrera eraman zuten erakunde batzuetako ordezkariek balorazioa egin dute hedabideen aurrean.
Iturria: Sakanako Mankomunitatea


[Ainhoa Zabala (AEK), Itsaso Ganboa (EHE), Aitziber Etxaiz (Iñigo Aritza ikastola), Iñaki Mundiñano (Aralarko Mikel Donea institutua), Izaskun Errazkin (Mank-eko Euskara Zerbitzua) eta Eneka Maiz (Etxarriko alkatea). Argazkia: guaixe.eus]

Jasota kexa eta eskaerei erantzunez, Nafarroako Arartekoak adierazi du legeak eskubide hori aitortzen diela herritarrei. Horrela, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza Departamentuei iradokizun hauek egiten dizkie:

  1. Batetik, kexaren sinatzaileek nahiz gainerako herritarrek hala erabakitzen dutenean, osasun zerbitzuko eta Emakumeen Laguntza Zentroko langileekin harremanak euskaraz izateko eta orientazioa psikopedagogikoa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak hartu ditzatela lehenbailehen.
  2. Eta, bestetik, Departamentuekin elkarlanean, 203/2001 Foru Dekretua, uztailaren 30ekoa, egokitzea. Dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako (Hezkuntza Departamentuko irakasle lanpostuak izan ezik) zein lanpostutan den euskaraz jakitea nahitaezko eta zer jakite maila behar duten, eta zehazten du zein lanpostutan hartu behar den euskaraz jakitea merezimendutzat. Zehazki, Etxarriko OOLT-ri dagokionez, 18 lanpostutatik 5ek bakarrik dute euskara eskakizuna (% 27,7) eta Emakumeen Laguntza Zentroan bakar batek ere ez. Arartekoak dio dekretu hori egokitu beharko litzatekeela eremu euskalduneko errealitate soziolinguistikora, herritarren eskaerara eta herritarrei aitortutako hizkuntza-eskubidetara.

 

Nafarroako Gobernukoak bi hilabeteko epea du erantzuteko (urriaren erdialdera arte).

 

Herritarren eskubideak, Administrazioaren betebeharra

13/1982 Lege Organikoa eta 18/1986ko Foru Legea oinarri hartuta, Arartekoak dio: “herritarrek Administrazio publikoarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beraz, eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean atendituak izateko eskubidea dute” (10.1. art). Herritarrei aitortutako hizkuntza eskubideek berarekin dakarte Administrazio Publikoen betebehar hauek (kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak): “beharrezko neurriak hartuko dituzte eta beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituzte progresiboki eskubide horiek bermatzeko” (15.1. art.), eta “euskara eskakizuna duten lanpostuak zehaztuko dute” (15.2 art.).

 

Arartekoak azpimarratzen du legeak aipatzen duen progresibotasuna gaur egun ezin dela herritarren eskubidea betetzeko muga izan, “1986an onartutako legea baita, eta 30 urte pasatu baitira”.

 

Legearekin batera, Arartekoak dio aintzat hartu beharko liratekeela, kexak duen “babes handia” eta Etxarriko zerbitzuak hartzen duen eremuko errealitate soziolinguistikoa, bertan euskara “hedapen eta erabilera handiko hizkuntza baita”.

 

Osasun eta Hezkuntza kontseilarien erantzuna

Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza kontseilariek, abuztuaren 13ko datarekin bidalitako txostenean diote, “203/2001 Foru Dekretua jarraiki, ezin zaiela euskara eskakizuna jarri Etxarriko OOLT-ko lanpostu guztiei”.

 

Egungo errealitatea hori izan arren, aipatzen dute 2015-2019 legegintzaldirako Nafarroako Gobernurako programa-hitzarmenean Etxarriko alkatearen eskaerekin lotutako zenbait neurri daudela, Etxarri Aranaztik at ere eragina dutenak. Besteak beste, diote “Nafarroako Gobernuak herritarrak administrazioarekin euskaraz komunikatzeko aukera bermatu behar duela, herritarrak hala aukeratzen duenean”, eta horretarako “plantillaren diagnostikoa” eginen dela eta “zirkuitu elebidunak” ezarriko direla.

 

Orain bi departamentuek Arartekoaren txostenari erantzun beharko diote.

 

Kexei erantzuteko ordua

Etxarri Aranazko alkate Eneka Maizek uztailaren 8an salaketa jarri zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuan eta Hezkuntza Departamendutan, herritarrek sinatutako 592 eskaerekin eta Sakana-Larraun-Leitza hezkuntza barrutiko orientatzaileen eta Sakanako ikastolen eskaerekin batera.

 

Herritarren aldarrikapena Etxarri Aranazko osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzea zen, Osasun Etxean, nola Emakumeari Laguntzeko Zentroan. Horretarako hiru neurri proposatzen ziren:

  1. Zerbitzu horietako lanpostuek plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela.
  2. Dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea.
  3. Idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila.

 

Gainera, ikastetxeek aldarrikatzen zuten Emakumeari Laguntzeko Zerbitzuko hezitzaileek ematen duten sexu-hezkuntzaren arloko orientazio psikopegadogikoa euskaraz izan dadila Sakana, Larraun eta Leitza-Goizueta udalerrietan.

 

Arartekoaren txostena eskuetan, Etxarriko alkateak zera adierazi du: “30 urte luzez Nafarroako Gobernua lege murriztaileak jarri eta horiek bete eta garatzeko oztopoak jartzera mugatu da. Bada garaia behingoz herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzeko. Horretarako ezinbestekoa da plantilla organikoan hizkuntza eskakizunak aldatzea. Aukera hori du Nafarroako Gobernu berriak”.    

Gaineratu du “Halaber 30 urtez Vascuenceren Legeak  bide eman badu arau eta lege agindu are diskriminatzaileagoak egiteko, bada garaia Lege hori aldatzeko indarra egiteko. Nafarrok zatitu egiten gaitu eskubideak jaio edota bizi garen tokiaren arabera aitortuz. Ez da gai izan gainera aitortutako eskubide horiek gauzatzeko: ezin dugu euskara ezta euskaraz ikasi hainbat eta hainbat eskualdetan; hainbat komunikabide euskaldun itxi dira azken urteetan; administrazioak baztertuak…  Zertarako orduan lege hori?  Euskaldunok bigarren edo hirugarren mailako nafar izaten jarraitzeko?”

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.