Hasiera » udalak » ‘Euskaraz bizi nahi dut’ lehiaketako film labur onenak UEMAko herrietan izango dira ikusgai

‘Euskaraz bizi nahi dut’ lehiaketako film labur onenak UEMAko herrietan izango dira ikusgai

Kontseiluak eta Donostia Zinemaldiak antolatutako lehiaketan gailendu diren lanak udalerri euskaldunetan zabaltzea da asmoa

Kontseiluak Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen ‘Euskaraz bizi nahi dut’ film labur lehiaketaren laugarren edizioaren sari-banaketa gala irailaren 19an egin zen, Donostian, Zinemaldiaren baitan. Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak, Donostia Zinemaldiko zuzendaritzako kide Maialen Belokik eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok osatu dute aurten epaimahaia, eta pofesionalen eta amateurren kategoriatan banatu dituzte sariak. Hiruna sari banatu dira kategoria bakoitzean.

Iker Azkoitiaren ‘Semeak’ film laburra gailendu da aurten profesionalen kategorian, eta Mattin Zeberioren ‘Nire eguneroko hautuak’, berriz, amateurrenean. Hona bi bideoak, ikusgai: 

Behin sariak banatuta, film labur horiek, aurtengo saridun guztiak, eta aurreko ediziotako irabazleak emanaldi bakarrean ikusteko aukera emango dute orain Kontseiluak eta UEMAk elkarlanean.

Zehazki, UEMAko kide diren udalerriei film laburrak herrian bertan doan ematea eskaini die UEMAk, Kontseiluaren ekimena udalerri euskaldunen sarera zabaltzeko aukera ikusita. Hartara, zinema aretoetan hain urria den euskarazko eskaintza garaikidea osatzeko modua izango dute udalek, nahi izanez gero. Era berean, euskarazko zinema, egile berrien lana eta ‘Euskaraz bizi nahi dut’ lehiaketa bera zabaltzeko ere baliagarria da ekimena. Donostia Zinemaldiaren laguntzaz gain, hainbat hedabide eta erakunderen babesa ere izan du aurten euskarazko film laburren lehiaketak.

UEMAko kide den edozein herrik film labur hauek herrian eman nahi izanez gero, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin harremanetan jarri (komunikazioa@uema.eus) eta laster jasoko dituzte euskarri digitalean eta kalitate onean, herriko aretoetan doan eskaini ahal izateko.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.