Hasiera » iritzia » Maren Belastegiren agurra, lau urtean UEMAko lehendakari izan ondoren

Maren Belastegiren agurra, lau urtean UEMAko lehendakari izan ondoren

Lau urte eman ditu Maren Belastegi bergararrak UEMAko lehendakaritzan. Larunbat honetan, ordea, batzar orokorrean Zuzendaritza Batzorde berria eta lehendakari berria hautatuko ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta, beraz, azken egunak ditu karguan Belastegik.

Info7 irratiari egindako adierazpenetan, atzera begiratu, lau urteotako jarduna gogoratu eta helduko direnek izango dituzten erronkak aipatu ditu, hurrengo lehendakariari lekukoa eman aurretik.

Irudi honen gainean klik eginda entzun daiteke audioa.

mareninfo7

Hona, berriz, audioaren transkripzioa:

Maren Belastegi: “lege-babesa falta zaigu euskaldunoi, ofizialtasuna erabatekoa eta benetakoa izan dadin. Hori bermatzeko lan egitea izango da, besteak beste, Zuzendaritza Batzorde berriaren eta lehendakari berriaren lehenengoetako erronka”

Udalerri Euskaldunon Mankomunitatearentzat, 2011-2015 legealdiko azken astea da honakoa. Gaur egun 73 udalerri biltzen ditu bere baitan UEMAk, eta behin udalerri horiek UEMArako ordezkariak hautatuta, batzar orokorra egingo dugu larunbat honetan, Azpeitiko San Agustin kulturgunean.

Zuzendaritza Batzorde berria hautatuko dute bertan hautetsiek, eta baita hurrengo lau urteotan UEMAren lehendakaria izango dena ere. Lau urteko ibilbidearen ondoren, kargua uzteko eta beste norbaiti lekukoa emateko ordua heldu zait, beraz.

Lau urtean, asko aldatu da UEMAren jarduna. Euskararen arnasgune txikienetatik sortu zen udalerri euskaldunen mankomunitatea, eta gaur egun ere herri txikiek garrantzia handia dute UEMArentzat, eta herri horiei zerbitzu berezitua eta hurbila eskaintzen zaie. Bermeo edota Bergara bezalako herri handiagoak ere heldu ziren geroago, eta aste honetan amaitutzat emango dugun legealdian, berriz, OƱati, Tolosa edo Zarautz bezalako herrien sarrerarekin, UEMAren funtzioaz, zerbitzuez eta ildoaz hausnarketa egin behar izan dugu.

Betiko norabidea argi izanda, euskaraz bizitzeko eskubideari sendo eutsi eta euskaratik eta euskaraz bidea eginez, hizkuntza politika aitzindaria eta ausarta izan du UEMAk azken urteotan ere. Eta horren aurrean, ez da kasualitatea, Espainiako Gobernu Ordezkaritza izan dugu, euskaraz bizitzeko eskubidea mugatu eta oztopoak jarriz, udalak auzibidera eramanez eta salaketak eta helegiteak pilatuz udalerrietan eta abokatuen mahaietan.

Azken asteotan albiste onak ari zaizkigu heltzen epaitegietatik, euskara hutsean aritzeko aukerari ateak zabalduz, udalerri euskaldunen aldeko epaiekin. Oraindik, ordea, lege-babesa falta zaigu euskaldunoi, ofizialtasuna erabatekoa eta benetakoa izan dadin. Hori bermatzeko lan egitea izango da, besteak beste, Zuzendaritza Batzorde berriaren eta lehendakari berriaren lehenengoetako erronka.

Ongi etorriak, beraz, larunbatetik aurrera Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gidatuko duten hautetsi guztiei. Badute lana. Soberan. Besteok, bitartean, beste egiteko batzuetara itzuliko gara. Ohorea izan da bide honetan hainbat euskaltzalerekin batera ibiltzea. Atzera begiratu, eta bidean lagun izan ditudan guztiei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Beste bide batzuetan ikusiko gara aurrerantzean, gelditzeko asmorik gabe.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.