Udalek euskara hutsean aritzeko eskubidea dutela nabarmendu du epaiak, eta abokatu eta prokuradoreen ordain-sarien kostak ere ordaintzera zigortu du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza
Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Amezketako eta Gaintzako udalen aldeko epaiak plazaratu ditu, Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak egindako errekerimenduen harira. Udal horiek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren dozenaka udalek bezala, euskara hutsean bidaltzen dituzte aktak eta erabakiak Gobernu Ordezkaritzara, eta horren aurka jo zuen azken honek. Orain plazaratutako epaia, ordea, argia da, Amezketako eta Gaintzako udalen aldekoa, EAEko Euskararen Legeak horretarako eskubidea ematen diela nabarmenduz. Gainera, abokatu eta prokuradoreen ordain-sarien kostak ere ordaintzera zigortu du Espainiako Gobernu Ordezkaritza. Epaia errekurritzeko aukera du honek hurrengo egunetan.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren udal gehienak, UEMA bera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urola Kostako Udal Elkartea auzibidean jomugan jarri zituen aurreko legealdian Carlos Urquijok, Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkariak. Sei multzotan banatzen dira auzibidean jarritako udalen aurkako errekerimenduak eta helegiteak: UEMAko kide izatea, hizkuntza irizpideak, euskararen erabilera plana, kontratazio irizpideak, diru laguntzak, eta aktak zein erabakiak euskara hutsean bidaltzea.
Azken multzo honi dagozkion epaiak dira orain jakinarazi direnak. Izan ere, legez, erabaki guztiak Espainiako Gobernu Ordezkaritzara bidaltzera derrigortuta daude udalak, eta erabaki horiek euskaraz hartzen eta idazten dituztenez udal askok, barne dokumentuak direnez, euskara hutsean bidaltzen dituzte, itzuli gabe. Erabaki horiek EAEn ofizialak diren bi hizkuntzatan bidaltzera derrigortu nahi ditu Gobernu Ordezkaritzak udalak, eta horregatik eraman ditu dozenaka udal epaitegitara. Orain, Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaiak, bidea zabal diezaieke ataka berean dauden gainerako udalei ere.
Gobernu Ordezkaritzaren oztopoak salatzeko eta euskararen arnasguneak diren udalerrietako udalek hartutako erabakiak babesteko, manifestazioa deitu zuten Kontseiluak eta UEMAk Donostian otsailaren 28an, ‘Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!’ lelopean, eta milaka lagun atera zen kalera. Eusko Jaurlaritzak ere aktak euskara hutsean bidaltzea legezkoa dela dioen txosten juridikoa bideratu zuen EAEko udaletara, eta Udal Legearen proiektuaren bitartez jarduera hori babesteko borondatea agertu du.
Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaia ez da aktak euskara hutsean bidaltzeagatik heltzen den lehena. Pasa den urtean, Lekeitioko Udalaren aurka jarritako epaia ere heldu zen, baina kasu hartan aurkakoa izan zen epaia. Gai honetan aritzen diren abokatuen arabera, Euskararen Legeak duen anbiguotasunari heltzen diote epaileek, irakurketa zurrunagoa edo malguagoa egiteko. Gerta daiteke auzitegi batek kontu bat erabakitzea, eta beste auzitegi batek kontrakoa. Areago joanda, auzitegi berean areto batean edo bestean ezberdinak izatea gai beraren inguruko epaiak. Horren aurrean, udalerri euskaldunek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatuko duen lege-babesa aldarrikatu du UEMAk azken hilabeteotan, etengabeko oztopoei aurre egin ahal izateko.
Miren Segurola UEMAko koordinatzailearen hitzetan, “albiste pozgarria da oraingoan epaitegietatik heldu dena. Gustura gaude, euskara hutsean bizitzeko eskubidea dugula argi nabarmentzen duelako, baina ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan duen zalantzan ibili, kezkaz. Lege-babesa behar dugu, eta ezinbestekoa da EAEko Udal Legea izango denak hori bermatzea eta behin betiko blindatzea euskara hutsean bizi ahal izateko eskubidea”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunak jomugan. Euskaraz bai, baina ondoan gaztelania badu (Onintza Irureta, Argia astekaria, 2015-03-01).
· Euskarazko akten auzian pertsonatzen hasi da Jaurlaritza (Garikoitz Goikoetxea, Berria, 2015-03-02).
· Urkijok helegiteak jarri arren aktak euskaraz bidaltzen jarraituko du UEMAk (uema.eus, 2015-01-17).
· Aktak euskaraz bidaltzeko baimena eman die auzitegiak Amezketako eta Gaintzako udalei (Garikoitz Goikoetxea, Berria, 2015-09-16).
· Determinazioz eta ozen aldarrikatu dute Donostian “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara” (kontseilua.eus, 2015-02-28).
Biharamunekoa: albisteak hedabideetan izan duen oihartzuna:
· Epaileak Urkijori azaldu dio “erabat” legezkoa dela aktak euskaraz igortzea (Garikoitz Goikoetxea, Berria, 2015-09-17).
· Gaintzako eta Amezketako udalen aldeko epaia: aktak euskaraz bidali ahalko dituzte (Argia.eus, 2015-09-16).
· Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaia, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik (naiz.info, 2015-09-16).
· Amezketako eta Gaintzako udalen aldeko epaia eman du epaileak, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik (Europa Press, 2015-09-16).
· Aktak euskaraz bidaltzea onartu die epaileak Amezketari eta Gaintzari (eitb.eus, 2015-09-17).