Azken mapa soziolinguistikoko datuak herri txikietarako oso fidagarriak ez direla iritzita,
Nafarroako eremu euskaldunenean azterketa berria egitea adostu dute euskara mankomunitateek.
Iturria: iparmank.eus (2015-07-13).
Testua: Berria
Euskararen egoera aztertuko dute Nafarroako mendialdean
Azken mapa soziolinguistikoko datuak ez dira oso fidagarriak herri txikietarako, eta azterketa egitea adostu dute euskara mankomunitateek.
Kezka eragin zuten azken mapa soziolinguistikoaren datuek Nafarroako eremu euskaldunean. Egoera portzentajetan azterturik, atzerakada agertu zuten datuek: euskal hiztunen ehunekoa duela hogei urte baino bi puntu txikiagoa (%58), eta etxeko erabilera, zazpi puntu apalagoa (%34). Jaitsiera hori aztertu nahian jardun dira azken hilabeteetan. Ikerketa sakonagoa egingo dute mendialdeko mankomunitateek: 12-16 urteko gaztetxo guztiekin inkesta bat egingo dute, eta beste bat 16 urte baino gutxiagoko seme-alabak dituzten gurasoekin. Egoeraren gakoak eskuratu nahi dituzte. …/…
Aurreko urteetako mapa soziolinguistikoen aldean, aldaketa bat badu azkenak: zentsu osoa ez, lagin bat erabili dute ikerketarako. Horregatik, fidagarritasuna ez da erabatekoa. Herri txikien kasuan, gainera, are handiagoa da akatserako arriskua —Nafarroako Gobernuak ez du daturik eman 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietarako—. Eremu euskalduneko herri gehienak dira txikiak. Horren ondorioz, herri horietako euskara zerbitzuetan datu zaharrak dituzte, 2001eko mapakoak.
Ikerketa, 46 herritan
Hutsune hori nola bete aztertzen aritu dira azken hilabeteetan eremu euskalduneko euskara mankomunitateak. Aukera bat zen inkesta soziolinguistiko osagarria egitea, datu zehatzak eskuratzeko. Dirua arazo zen, ordea. Gainera, horrelako ikerketa bat egina du Iñaki Iurrebasok Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuekin, Uemak eskatuta; oro har, atzerapausoa agertu da eremu euskaldunetan.
Bi inkesta egingo dituzte. Batetik, 12-16 urteko gaztetxoei, eskolan —adin horretako gazte guztiei, beraz—, gai hauen inguruan: etxeko erabilera, sare sozialak, hedabideak eta Internet. Bestetik, gurasoei, euskaldunei eta erdaldunei; euskararen transmisioari eta erabilerari buruz galdetuko diete.
Mendialdeko 46 herritan egingo dute inkesta, bost eremutan: Sakanan, Malerrekan, Bortzirietan, Baztanen eta Iparraldeko Euskara Mankomunitateari dagozkion herrietan —Araitz ibarrean eta Leitzaldean, adibidez—. Bi urteko proiektua da. Datozen asteetan argitaratuko dute lanak eskaintzeko prozedura. Aurrekontua 16.400 eurokoa da, eta mankomunitateek ordainduko dute guztia, printzipioz. 2016ko irailerako espero dituzte emaitzak.