Hasiera » arnasguneak » Babesarekin batera errefuxiatuei euskara ere emateko neurriak eskatu ditu UEMAk

Babesarekin batera errefuxiatuei euskara ere emateko neurriak eskatu ditu UEMAk

Siriatik ihes egindako milaka errefuxiatuei laguntzeko asmoz euskal herrietan sortzen ari diren babes ekimenen harira, UEMAk gutuna bidali die Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren herrietako alkateei eta ordezkariei, etorri berriei euskara ematea ere benetako harrera egiteko ezinbestekoa dela iritzita.

Errefuxiatuei babesa emateko ekimenak ugaritzen ari dira Euskal Herrian. Irudian, Azkoitia. Argazkia: Urola Kostako HITZA.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren hitzetan, “udalerri euskaldunak garen heinean, gure esku dago etorri berriei hizkuntza ere ematea, elikagaiekin, arropekin edo aterpearekin batera. Gure artean errotuko diren ehunka errefuxiatuei euskara ematea modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko. Ikastolak, eskolak eta euskaltegiak zabaltzeko ordua da, beraz. Era berean, erakunde publikoetatik bideratuko den laguntza euskara ikasteko ere izan dadin bermatzea dagokigu” . 

Horretarako, hainbat neurri proposatu ditu UEMAk, bertako kide diren eta errefuxiatuak hartuko dituzten udalerrietan kontuan hartzeko:

  • Errefuxiatuei hasieratik ezagutzera ematea gure herrietako errealitatea, hauetan erabat errotzeko euskara ikastearen garrantzia nabarmenduz.
  • Haur eta gazteen kasuan, eskolaratzea ahalik eta samurrena izan dadin, euskara ikasteko errefortzu ikastaroak bermatzea, herrietan horretarako baliabideak jarriz edo indartuz.
  • Helduen kasuan, doako euskalduntzea bermatzea, hala badagokio horretarako berariaz salbuespen neurriak onartuta.
  • Hau guztia posible izan dadin, aldez aurretik herriko euskaltegiekin biltzea eta lanerako protokoloa zehaztea, bai euskaltegiak horretarako prestatuz eta bai mintzalagun sareak indartuz.

Etorri berrien euskalduntzeak duen garrantziaz ohartuta, UEMAk bere baliabideak jarriko ditu udalen eskura, gai honen inguruko zalantzak argitzeko edota egin beharreko urratsetan laguntzeko.

UEMAko kide ez diren udalei dagokienez, berriz, UEMAk eskaera zuzena egiten die errefuxiatuen etorrera koordinatzen ari diren Euskal Herriko erakunde publikoei, errefuxiatuei euskara ematearen garrantziaz ohartu eta horretarako bitartekoak jar ditzaten lehen egunetik, “gure hizkuntza eskaintzea osasun arreta, aterpea eta elikagaiak ematea bezain beharrezkoa delako”.

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskararen babesa: UEMAren gutuna Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko alkate eta ordezkariei (PDFan. ).
· Bi xer hati. Ongi etorri (Urtzi Urrutikoetxea, Berria, 2015-09-05).
· Euskara eta errefuxiatuak (Urtzi Urrutikoetxea, zuzeu.eus, 2015-12-01).

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.