Hasiera » arnasguneak » Herri txikietan ere euskara ikasteko aukera bermatuko du UEMAk

Herri txikietan ere euskara ikasteko aukera bermatuko du UEMAk


[ argazkia: argia.eus ]

Ikasturte berriarekin batera, euskaltegiak hasi dira matrikulazio kanpainarekin. Udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean, funtsezkoa da euskaltegien lana, bai etorri-berrien formazioan eta baita aspaldidanik gure artean bizi arren oraindik euskararik ez dakitenen alfabetatzean ere. Herri txikietan, ordea, askotan ez dago euskaltegirik, eta bertako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera.

Horren aurrean, bi eratako laguntza eskaintzen du UEMAk herri txikietan, udalerri euskaldunak edo arnasguneak zaindu nahian. Batetik, herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egiten du, beti ere eskualdeko euskaltegiekin elkarlanean. Bestetik, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko laguntza ere ematen du.

Honela, herri txikien aldeko garapenean ere laguntzen du UEMAk, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez.
Era berean, euskalduntzeari ere ekarpena egiten dio, euskaltegien matrikulazio kanpainaren garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen ahaleginduz. 

Euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Besteak beste, Aduna, Arama, Altzaga, Altzo, Itsasondo, Segura, Zaldibia, Ikaztegieta, Lizartza, Berastegi, Alegi, Atxondo, Mañaria, Berriatua eta Gatikan UEMAk bideratuko ditu euskara ikasteko taldeak. Ohi bezala, gainera, udal horietako ia guztietan udalak euskara ikasi ahal izateko diru laguntzak ere ematen dizkie ikasleei.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Berriatuko Udalak eta UEMAk euskara ikasteko erraztasunak emango dizkiete berriatuarrei (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2015-09-17).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.