Hasiera » arnasguneak » Mikel Irizar: “Nire planteamendua da UEMA indartzea”

Mikel Irizar: “Nire planteamendua da UEMA indartzea”

Kargua hartu zuenetik lehen elkarrizketa eman du Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, 1954). Tokikomek plazaratu ditu Irizarren adierazpenak, eta Txintxarri aldizkariak elkarrizketa idatziz ere argitaratu du gaur. Gipuzkoak hizkuntza politikan aitzindari eta berrikuntzaren laborategi izan behar duela nabarmentzeaz gain, UEMAz ere aritu da Irizar elkarrizketan zehar, euskalgintzarekin lotutako beste hainbat konturen artean.

 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari dagokionez, galdera zehatzari erantzun dio  Irizarrek, UEMAk arnasguneei eusteko egin duen lanaren harira Uemari buruz galdetuta. Honakoa da galdera, eta erantzuna, hitzez hitz transkribatuta:

Galdera (Eneko Garate, Goiena): Arnasguneetan UEMAk egin duen lana nabarmentzekoa da. Zein da Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzak UEMArekiko duen posizioa?

Erantzuna (Mikel Irizar): “Nik uste dut UEMAk oso lan ona egin duela leku horietan egoera hori indartzen. Leku horietan lehen esan dugun ikuspegitik Gipuzkoan erakunde batzuk bereziki euskaraz edo defektuz euskaraz egin behar dute lan hain zuzen ere oreka hori mantentzeko, eta alde horretatik UEMAk hori ahalbideratu du, orain arte udal txikienetan. Dena dela, azken legealdian udal handiagoak ere batu dira UEMAra: Tolosa, Zarautz edo Bergara bezalako udal ertainak, edo handi samarrak. Nire planteamendua da UEMA indartzea, eta baliatzea une honetan udal konposizioa aurreko legealdian baina politikoki orekatuagoa izate hori UEMA indartzeko, hain zuzen ere. Aurreko legealdian Gipuzkoan udal gehienak kolore batekoak ziren, eta UEMAn zeuden gehienak. Horrek gatazka politikorako erraztasuna ematen du edo beti dauka arrisku hori. Momentu honetan egoera askoz orekatuagoa da eta posible da UEMAn Gipuzkoako bi alderdi nagusiak parez pare edo gutxienez oreka egoera batean jardutea euskararen mesedetan. Hori izango da nik bultzatuko dudana”.

 

Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean diharduen erakunde publikoa da Uema. Gaur egun, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 73 udalerri biltzen ditu bere baitan, 220.000 biztanletik gorako lurraldea osatuz.

· · ·

Informazio osagarria:

· Mikel Irizarren elkarrizketa, osorik, Txintxarri aldizkariaren webgunean:
Mikel Irizar: “Ez nator lehendik ondo egindako ezer apurtzera”.

· Elkarrizketa, osorik, bideoan. Iturria: Tokikom.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.