Hasiera » komunikazioa » Maren Belastegi: “Bigarren mailako herritarrak ez izateko lanean segituko dugu”

Maren Belastegi: “Bigarren mailako herritarrak ez izateko lanean segituko dugu”

UEMAko lehendakari Maren Belastegi Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur eguerdian solasean. Gaur irailaren lehen eguna izaki, ikasturte berriari begiratu, eta hurrengo aste eta hilabeteotan UEMAk izango dituen lan-ildoak eta erronkak izan ditu hizpide Belastegik.

Esteka honetan edota irudiaren gainean klik eginda entzun daitezke adierazpenak.

MarenInfo7

Testua, berriz, honakoa da:

“Heldu da iraila, eta irailarekin batera, ohi bezala, ikasturte berrirako asmoak, ideiak, erronkak, helburuak eta gainerakoak zehazten hasiko gara denok, arlo guztietan. Maila pertsonalean, etxean, eskoletan, lantokian, udaletan, eta baita bateko edo besteko erakundeetan ere.

Erakunde askorentzat, gainera, ikasturtea ez ezik, legegintzaldi berria ere orain hasten da benetan, bai udako etenaldia eta bai hasierako lehen hiru hilabeteen mugarria igarota. Udalek, udal elkarte berriek, EAEko foru aldundiek edota Nafarroako Foru Gobernuak lanerako ordua dute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean ere ikasturteari ekin diogu. Beste leku askotan bezala, gainera, aldaketekin datorkigu udazkena. Urrian egingo dugu batzar orokorra, eta ordudanik udal hautetsi berriek osatuko dute UEMAren zuzendaritza batzordea.

Lanerako ildoak eta jorratu beharreko bideak, ordea, zehaztuta daude. Batean eta bestean, euskararen egoera hobea ala okerragoa izanda ere, bada hamaika lan egiteko. Batetik, ezinbestekoak diren ohiko hiru ildoetan lanean jarraituko du UEMAk.

Lehenik, udalerrien euskalduntze osoari dagokionez, hainbat lan dugu esku artean, aurrerantzean ere euskal hiztunok bigarren mailako herritarrak sentitu ez gaitezen: udaletako planak eta erabilera planak, udal langile eta ordezkarientzako trebakuntza saioak, euskararekin zerikusia duten gaien inguruko aholkularitza juridikoa, merkataritza, euskalduntze-alfabetatzea, etorri-berrien inguruko kanpainak, beste administrazioetan eragiteko lana, harremanak euskaraz berma daitezen hornitzaileekin egiten den lanketa, eta abar luzea.

Bigarrenik, herritarren sentsibilizazioari eta ahalduntzeari dagokionez, arnasguneei buruzko tailerrak eskaintzen ditu UEMAk, erakusketa ibiltaria ere badu, eta hezkuntza proiektuaz edo kanpaina zehatzez gain, hitzaldiak ere ematen ditu herriek eskatu ahala, udalerri euskaldunetan gertatzen dena ezagutarazteko.

Hirugarrenik, udalerri euskaldunen eta arnasguneen zaintzari ezinbestekoa iritzita, eragin linguistikoa ebaluatzeko tresnak ere garatzen ditu, ikerketak egiteaz gain.

Ohiko ildoak dira horiek guztiak, eta barne mailan nolabait UEMAren hiru blokeak direla esaten dugu.

Ikasturte berriarekin batera, hala ere, badira oso kontuan hartzeko zenbait eremu, euskararen ikuspegitik ezinbestean zaindu beharko ditugunak, euskaldunok gure herrian eskubide osoz bizi ahal izateko. Bi aipatuko ditut.

Jakina da azken hauteskundeek aldaketa ekarri dutela Nafarroara. Aldaketa nonbait ikusiko baldin bada, vascuencearen legea alde batera utzi eta euskararen lege berri bat onartzearekin ikusiko da. Zonifikazioarekin eta napartheidarekin amaitu eta Leitzako eta Cadreitako euskaldunek eskubide bera izan dezatela euskaraz bizitzeko, edozein esparrutan, izan irakaskuntzan, administrazioan, osasungintzan eta abar. Adostu, onartu, eta horretarako bitartekoak jarri.

Oso adi jarraitu beharreko beste eremua EAEko Udal Legea da. Irailaren erdialdean izango da eztabaida legebiltzarrean. Hasierako zirriborroak ez zituen betetzen euskaldunon eskubideak: derrigortasunik ez zekarren legeak, eta gaztelania hutsean jardun nahi zuten udalek horretarako aukera zuten, besteak beste. Lehen zirriborro hark aldaketak izan ditu. Beste esparruetatik bezala, euskalgintzatik ere zuzenketak egin zaizkio legeari, eta behin betiko testuan norabidea zuzenduko den esperantza dugu behintzat, udalerri euskaldunek euskaraz aritzeko dugun eskubidearen gainean etengabe dugun ezpata zorrotzaz babesten ez gaituen arren.
Udalerri euskaldunetan ohiko lanetan segitzea, oztopoei aurre egitea eta aukera berriak zabaltzea. Irailaren lehen egunerako, ez da gutxi udazkenari eta ikasturte berriari begira jarrita. Laster arte, beraz”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.