Hitzarmena sinatu dugu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta ARGIAk. Bi erakundeetako lehendakariek sinatu dute, Bego Zuza Zabalegi Komunikazio Biziagoa S.A.L.ko lehendakariak eta Maren Belastegi Guridi UEMAko lehendakariak. Helburua herritarren artean euskarazko hedabideen irakurzaletasuna indartzea eta ARGIA herritarren artean ezagutaraztea da. Horretarako, batetik, udalerri hauetan udalak kudeatzen dituen guneetan euskarazko prentsa eta ARGIA aldizkariaren presentzia bermatuko da.
Ekimen honekin bat egin izana eskertzeko, UEMAko kide diren herrietako udal zein herritarrak, aldizkarira harpidetzen badira edo ekarpen ekonomikoren bat egiten badute ekainaren 30a aurretik, Europako Herrien Mapa ere jasoko dute. Udalen kasuan, gainera, honez gero harpidedun diren udal zein zerbitzuek ere izango dute berau jasotzeko aukera gurekin harremanetan jarrita.
ARGIAtik bide berriak zabaltzen ari gara azken hilabeteotan. Hausnarketa estrategiko baten ostean, gure jarduera ardazten duten balioak berdefinitu ditugu (euskalduntasuna, feminismoa, memoria historikoa, iraunkortasuna…). Herrigintza ikuspegiz ari gara beraz eta gure baloreak dira gure balio. Euskarazko astekari nazional bakarra izanda, lurraldetasuna dugu oinarrizko ezaugarri. Euskal Herriaren imaginario kolektiboa elikatzen dugu, zazpi lurraldetako herritarrak jartzen ditugu elkarrizketan errealitate beraren bueltan.
Prentsa euskalduna egiten dugu, baina are gehiago; euskaraz bizitzearekin konprometituta gauden komunikabidea gara. Euskalgintzan eragile ere bagara. Eta sinesten dugu, euskaraz bizitzea bermatzeko, euskalgintzatik eta herrigintzatik oro har, euskarazko komunikazioaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela. ARGIAtik apustua egin nahi dugu Euskal Herri guztira zabaltzeko, harpidetzak egin eta gure komunitatea trinkotzeko. Eta horretarako, bide lagun izan daitezkeen eragileekin elkarlana sakontzea berebiziko ikusten dugu. Udalerri euskaldunen mankomunitatea, helburu horiek erdiesteko elkarlanerako eragile garrantzitsua izan daitekeela uste dugu.
UEMA euskaraz bizi diren udalerrien bilgune den heinean, mundu mailan euskara normalizatzeko eragile garrantzitsuenetako bat da: “Euskaraz egiten dugu nagusiki gure artean eta euskaraz bizitzeko baliabideak sortzen eta indartzen ari gara. Baina zein hizkuntzatan informatzen gara? Ze komunikabide kontsumitzen da gure herrietan? Zer egiten dugu gure udaletatik hau sustatzeko? Euskaraz bizitzeak, euskaraz hitz egitea baino gehiago esan nahi baitu. Kontsumitzen ditugun hedabideek gure mundu ikuskera baldintzatzen duten era berean eragiten baitu informatzeko aukeratzen dugun hizkuntzak. Euskaldunok ez badugu euskal prentsa kontsumitzen, nork egingo du?”