Hasiera » komunikazioa » Euskararen balio ofiziala defendatu eta euskara sustatzeko neurriak babesteko eskatu dio UEMAk Jaurlaritzari

Euskararen balio ofiziala defendatu eta euskara sustatzeko neurriak babesteko eskatu dio UEMAk Jaurlaritzari

IMG_7124UEMAk eskatuta, bilera egin dute Jaurlaritza eta UEMAko ordezkariek, gaur arratsaldean. Besteak beste, euskara sustatzeagatik Urkijok udalen aurka jarritako helegiteak izan dituzte hizpide bi erakundeotako ordezkariek. UEMAk bertako udalen eskaera ofizialak entregatu dizkio Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeari. Udalerri euskaldunek dituzten beharrei erantzun positiboa eman eta elkarlanean aritzeko borondatea agertu du UEMAk. 

Argazkian, bileran parte hartu duten UEMAko ordezkari politikoak: Maren Belastegi UEMAko lehendakaria, Mikel Ansotegi Aulestiko alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.

UEMAk Jaurlaritzari egindako eskaerak:

–         Aktak euskaraz bidaltzeagatik helegiteak jaso dituzten udalei babes osoa eskaintzea. Duela bi hilabete UEMAk akten auzien pertsonatzeko eskaeraren ondotik Beizamako udalaren auzian pertsonatu da Jaurlaritza. Beizamako kasuan abiatutako bidean, udal guztien auziak modu orokorrean hartuta UEMA eta Jaurlaritzaren artean estrategia juridikoa koordinatzea.

–         Askotarikoak dira Urkijok udalen aurka jotzeko erabili dituen arrazoiak: kontratazioetan hizkuntza irizpideak, diru-laguntzetako hizkuntza irizpideak, udala euskalduntzeko planak, UEMA sartzeko erabakiak… UEMAko udalak euskara  sustatzeko hartzen ari diren erabakiak babestea. Udalei euskaraz aritzeko baliabideak eta babes juridikoa eskaintzea, Jaurlaritzak abiatu duen udal lege proiektua baliatuz.  

–         UEMAK egindako udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa eta sozioekonomikoaren  azterketak utzitako datu kezkagarrien berri eman dio UEMAK Jaurlaritzari. Euskararen arnasguneei dagokien garrantzia eman eta arnasgune horiek indartu nahiz zabaltzea lortzeko politikak abian jartzeko lan mahaia osatzeko proposamena egin dio UEMAk Jaurlaritzari.

Bi erakundeen artean egindako bilera modu adeitsuan joan da. UEMAk bileraren balorazio positiboa egin du. Eta Jaurlaritzako ordezkariek erakutsitako jarrera baikorraren ondotik, epe motzean, udalak babesteko urrats berriak espero ditu. Ulertzen dugu hizkuntza politikaren eskumen nagusia Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela eta badagokiola udalek jasaten ari diren jazarpenaren aurrean inplikatzea. Izan ere, egoera larria bizi dute Urkijok susmopean jarri dituen udalek. Espainiako Gobernuaren Ordezkaria hainbat udal euskara sustatzeko egiteko ari diren lana baldintzatzen ari da. Horregatik, UEMAk urrats sendoak eta neurri eraginkorrak eskatzen ditu.

Uste dugu denok batera joko bagenu nahikoa indar izango genukeela oztopo horiei eta etor daitezkeenei aurre egiteko. Horregatik, euskararen arnasguneak indartu eta zabaltzeko ahaleginean elkarlanari lotu nahi gatzaizkio. Bide horretan, eskertu nahi dugu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eskaini digun babesa, eta bereziki, oztopoen gainetik euskaraz biziko garela aldarrikatu duten milaka herritarren bultzada.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.