‘Euskara, bestela ez gara’ IV. hitzaldi zikloa hilaren 18an hastekoa bazen ere, halabeharrez atzeratu egin da, eta datorren hastean asteazkenean hasiko da Josu Waliñoren hitzaldiarekin. Izan ere, Zumaian izatekoa zen Iñaki Iurrebasoren osasun arazoak medio, hitzaldia atzeratu egingo da martxoaren 17ra.
Hitzaldiak:
Aurten ere 4 hitzaldiz osatutako zikloa emango da otsailean eta martxoan Zumaiako Udaleko Euskara Sailaren eskutik.
Lehenengo hitzaldia, otsailaren 25ean izango da, Josu Waliño zumaiarrakPuntuEUS domeinua: abizen egokiaren garrantzia izeneko saioa eskainiko du.
Urte askotako lanaren ondoren 2014ko Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldu zen .EUS domeinua mundu guztiarentzat. PuntuEUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Interneteko ohiko domeinuek ez bezala, PuntuEUS domeinuak berezko esanahia duelako: Euskara eta euskal kulturaren komunitatea Interneten ordezkatu eta indartuko duen abizen egokia. Finean, .EUS horixe baita: Interneten bereizten gaituen puntua.
Martxoaren 4an Lorea Agirre etorriko da Zumaiara Hizkuntza eta kulturaren garraio, bidegorriak izenburuarekin bere hitzaldia eskaintzera:
Egoera minorizatuan dagoen hizkuntza eta kulturako bateko kide gara. Normalizazio bideak urratzen ari dena. Hori da dena. Horrek markatzen du abiapuntua erantzun bila joateko. Baina aurretik galderak egin behar dizkiogu geure buruari: Gu ere minorizatuta ote gaude horratio? Ba al gara nor? Baina nor gara? Euskal, vasco, basque? Zer esan nahi dugu euskara diogunean? Ze ari gara esaten euskaraz ari garenean? Zertarako halako tema hizkuntzarekin? Eta erdigunean jarriko bagenu, zer? Eta nor izan? Eta nor izateko pentsamendua eta praktika landuko bagenitu? Eta zergatik? Eta nola?
Hirugarren hitzaldia, martxoaren 11n, iñaki Markoren eskutik “Ekolingua saioa Zumaian” hitzaldia eta mahai-ingurua izango da.
Otsailaren 11n Ekolingua izeneko jokoaren saio bat egin zen Zumaiako Marina Berri jatetxean. Joko horren nondik norakoak azalduko ditu Markok, nola sortu zen, nondik datorren, non egin diren esperientziak… eta sarrera txiki baten ondoren Zumaiako saioan dinamizatzaile izan zirenekin mahai-inguru bat egingo da eta bertan Zumaian egindako saioaren berri emango da.
Azken hitzaldia, Iñaki Iurrebasok emango du, martxoaren 17an, “Herri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa EAEn, 1981-2011.”
EUSTATen datuetan oinarrituta, udalerri euskaldunetan azken 30 urteotan izandako bilakaera soziolinguistikoa aztertuko da, joera orokorrak deskribatuz. Era berean, datu horiek Zumaiako bilakaerari buruz zer dioten ere aztertuko du.
Hitzaldi guztiak arratsaldeko 18:30ean izango dira Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan.