Hasiera » komunikazioa » Arnasguneak: balioa eman, hausnartu eta erabaki

Arnasguneak: balioa eman, hausnartu eta erabaki

Orain gutxi eman zuen Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Mapa Soziolinguistikoak utzitako emaitzen berri. Bi egun geroago, Lurraldea eta Hizkuntza II. jardunaldian, Soziolinguistika Klusterraren eta Gaindegiaren eskutik egindako azterketak aurkeztu zituen UEMAk. Zehazki, EAEko udalerri euskaldunek izan duten bilakaera soziolinguistikoaren eta sozioekonomikoaren emaitzak eman genituen argitara.

Luzerako eman dezake azterketa egiteko erabili den metodologiaren inguruko eztabaidak; zenbaterainoko zehaztasuna ote duten emaitzek, beste hainbat elementu ere aztertu beharko liratekeela… Baina, azterketen emaitzak eta errealitatearen artean koska bat egon daitekeela onartuta ere, informazio baliotsua eskaintzen digute antzeko azterketek. Izan ere, gertatzen ari denaren berri ematen digute, zein norabidetan goazen deskribatu, joera bat erakutsi.

Adierazgarria da, bai Nafarroan, baita EAEn ere, joera berbera nabarmentzea. Bi hitzetan esateko,  gunerik erdaldunenetan aurreratu da gehien; euskararen arnasguneetan, berriz, atzerakada gertatu da. Gune erdaldunetan euskararen ezagutzak gora egin du, erabilerak ez horrenbeste. Eremu euskaldunean ezagutza jaitsi egin da, eta erabilera are gehiago.

Apal-apal maldan gora datoz eremu erdalduneko udalerriak. Maldatsuagoa da goitik behera doazenen aldapa. Azken hamar urteetan, gainera, bizkortu egin da udalerri euskaldunetan gertatzen ari den atzerakada. Bi muturrak, nola eremu erdalduna ala euskalduna, desagertzear daude. Eta horrela, konbergentziarako joera ikus daiteke. Errealitate soziolinguistikoaren homogeneziazio prozesu bat gertatzen ari da. Baina zein puntutan egingo dute topo goitik behera eta behetik gora doazenek? Eta hori ote da eraiki nahi dugun etorkizuna?

Mapa Soziolinguistikoan eta beste hainbat azterketetan herritarrengan ipintzen dugu begirada. Beren hizkuntza joerak dira aztergai. Eta batzuetan, badirudi euskaldunontzat nolabaiteko azterketa moduko bat ere bilakatzen direla. Sarri askotan, datuak aditzera ematen dituzten arduradun politikoek  gertatzen ari denaren ardura ia osoa herritarrengan ipintzen baitute. Datu positiboak hizkuntza politikaren lorpen gisara erakutsiz, eta elementu negatiboak herritarren ardurapean kokatuz,  euskaldunok egindako ahalegina gutxiesten dira. Baina, ez da justua  karga guztia herritarren bizkar ipintzea. Administrazio publikoak eta hizkuntza politikak eragin nabarmena dute herritarren joeretan ere.

Egindako azterketek zerbait agerian uztekotan, hizkuntza politikaren lorpen eta hutsuneak utzi dituzte. Udalerri euskaldunek ez dute trataera berezirik izan eta horrek bere ondorioak izan ditu atzerakadan. UEMAk ere, segur aski, egindakoa baino gehiago egin zezakeen horretan.  Ez da gai izan udalerri euskaldunek zituzten erronkei bere osotasunean erantzuteko. Helburuen artean udalerri euskaldunen garapen sozioekonomiko eta soziokulturalari dagokion xedea jarrita daukagun arren, ez dugu nahi hori praktikara eramateko gaitasunik izan. Baina ez genuke horretan gelditu nahi. Oso kezkatuta gaude udalerri euskaldunen bilakaeraren emaitzak ikusita, eta erreakzio bat egon dadin nahi genuke.

Euskarak, hiztun komunitateari esker, baditu arnasguneak. Eremu euskaldunenak hizkuntzaren normalizazioa lortzeko oinarri ederra eskaintzen digu, eta Euskal Herri euskalduna helburu dugunok, asmatu egin behar genuke aukera hori baliatzen.  Hizkuntzaren ikuspegitik oso baliotsuak diren udalerri horiek trataera berezia behar dute; aitortza ofiziala ez ezik, tresnak eta lan egiteko ziurtasun juridikoa ere ezinbestekoak dira.

UEMA saiatu da hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen. Urrats handiak eman ditugu administrazioa euskalduntzen. Euskarari balioa eman diogu, balorean jarri eta erabili egin dugu. Orain, udalerri euskaldunen garapena euskara politika orokorraren erdigunean kokatu nahi dugu. Eta horretan ari garelarik errekerimendu eta helegiteez josi dituzte UEMAko udalak. Finean, euskarari lehentasuna ematea da horretarako arrazoia. Egungo araudiak eta lege markoa ez daude euskara normalizatzeko  pentsatuta, ezta prestatuta ere. Eta, beraz, euskaraz biziko garela erabakita daukagunok, urrats praktikoak eman ahala lege mugekin egiten dugu topo. Eta legeak euskaldunon beharren neurrira egokitzen ez diren bitartean, horretan jarraituko dugu. 

 

Maren Belastegi (UEMAko lehendakaria)

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.