150 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolatu duten “Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak” II. jardunaldietan. Bertan, azterketa sozioekonomiko eta soziolinguistikotik eratorritako datuak erakutsi, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna aurkeztu, bere aplikazioa Tolosaldean ezagutu eta Katalunia eta Balear Uhartetako egoerak aztertu dituzte, besteak beste. Hizkuntzaren biziraupenerako euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea helburu duten ekimenei aterki juridikoa ematea beharrezkoa dela ondorioztatu dute.
Hauek dira jardunaldien ondorio eta erronkak:
LEHENENGOA
Ondorioa: Udalerri euskaldunetan izandako aldaketa sozioekonomikoek eta soziokulturalek gune horietako egoera soziolinguistikoaren atzerakada eragin dute; besteak beste, lurralde-antolaketari eta –garapenari lotutako politikek ez diotelako erreparatu udalerri horien izaera linguistikoari.
- Erronka:
Udalerri euskaldunek hizkuntzaren normalizazioan duten estrategikotasuna kontuan hartuta, politika berezituak abiaraztea.
BIGARRENA
Ondorioa: Gaur egungo hizkuntza-politiketan aldaketak eman behar dira udalerri euskaldunetan euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetzeko, eta edozein politikak hizkuntzaren zeharlerrotasuna izan behar du.
Erronkak:
- Hizkuntza-askatasun hutsetik, berezko hizkuntzaren eremu funtzionalak indartzeko jauzia egitea.
- Hizkuntza-politika euskara zerbitzuetatik harago, hizkuntzan eragina duten politika publiko guztietara zabaltzea.
- Hizkuntza-politika lurralderatzeko jauzia ematea, lehentasunezko hizkuntza bihurtuz ohiko jardueretan.
HIRUGARRENA
Ondorioa: Egungo marko juridiko zurrunak elebitasuna helburu izanik, euskaraz jarduten duten udalei mugak ezartzen dizkie, tratamendu homogeneoa baitakar.
Erronkak:
2.1- Aurrera begirako eztabaidetan euskararen zentralitatea bermatzea:
Status juridiko eta politiko berriaren definizioan, euskarari zentralitatea ematea; lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko.
2.2- Eusko Legebiltzarrean Udal Legearen proposamena aztertzen ari diren alderdiei, ausardiaz eta erantzukizunez joka dezatela eskatzea.
Udalerri euskaldunei trataera berezia eskaintzea, euskarazko funtzionamendua babestu eta sutatzeko.
Eskumenaz harago, Udal Legeak betebeharrak ezarri beharko lizkieke udalei euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadin.
2.3. 10/1982 Legea berrikustea
Legea udalerri euskaldunetarako zurrunegia dela kontuan harturik, beharrezko aldaketak egitea.
LAUGARRENA
Ondorioa: Euskal komunitatea suspertuko duten parte-hartze dinamika eraldatzaileak martxan jartzea.
Erronka:
- Arazoa gizarteratzea eta herritarren kontzientzian eragitea.
BOSGARRENA
Ondorioa: Hizkuntza-ekologiaren paradigma barneratzea: Aniztasuna = aberastasuna
Erronka:
- Ekologiak baliatzen dituen tresnak, kontzeptuak, babes-teknikak eta eskuhartze-baliabideak hizkuntzaren berreskurapen zerbitzura ekartzea.
SEIGARRENA
Ondorioa: Lurralde-antolaketek eta hirigintza-planek hizkuntzaren egoeran eragina dute, baina, era berean, tresna eragingarriak izan daitezke hizkuntza biziberritzeko.
Erronkak:
- LAG-Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek udalerri euskaldunak berariaz jasotzea eta 17. atalean aipatzen den hizkuntza-eragina modu berezituan jorratzea eta loteslea izatea.
- Euskararen Lurralde Plan Sektoriala egitea.
- Oraindik egiteke dauden paisaia-katalogoetan hizkuntzaren gaia aintzat hartzea.
ZAZPIGARRENA
Ondorioa: Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresna baliagarria da hizkuntzan eragin negatiboak izan ditzaketen neurriak aurreikusteko.
Erronkak:
- Lurraldean eragina duen edozein proiektu zein planetan ELEren aplikazioa beharrezkoa izatea.
- Bertan jasotako neurri zuzentzaileak lotesleak izan daitezen marko juridikoa aldatzea.
ZORTZIGARRENA ETA KONPROMISOA
Batzorde Akademikoaren konpromisoa Eusko Jaurlaritzako talde desberdinei ondorio hauek aurkezteko.