Nafarroako Gobernuak Baztango Udalaren euskara plana inpugnatu duela eta, Garbine Elizegi Baztango alkatea, Maitane Maritorena Baztango zinegotzia, Maren Belastegi UEMAko lehendakaria eta Eneka Maiz UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kidea “kezkatua” agertu dira hedabideen aurrean. Beraien esanetan “Baztangoa ez da eraso isolatu bat. Euskal Autonomia Erkidegoan Urkijoren eskutik euskararen aurka abiatutako erasoaldia indartzera dator Nafarroako Gobernua.” Gauzak horrela, UEMA eragileekin harremanetan ari da euskararen aurkako erasoei erantzun bateratua emateko.
Agerraldiko testua osorik:
Baztango Udal Gobernua:
“Larria da Nafarroan euskararekin gertatzen dena. Eta benetan kezkatuta gaude. Nafarroako Gobernuak, euskara sustatzeko neurriak ekiditeko egiten ari den ibilbidean urrats berri bat eman du oraingoan. Baztango Udala herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko egiten ari den ahalegina desitxuratu nahi dute. Euskaldunon hizkuntza eskubideak sistematikoki zanpatzen dituzten bitartean, errealitate hori ezkutatu eta erdaldun elebakarrak baztertu eta zokoratzen ari garenaren gezurra zabaldu nahi dute.
Nafarroako Gobernuari esan nahi diogu, euskarari dagokionez, eta Baztango Udalaren kontuetan muturra sartu aurretik, baduela arreragoko zer eginik. Gogora ekarri nahi dugu, Gobernuak Baztanen eskaintzen dituen zerbitzu ugari gaztelania hutsean eskaintzen dituela. Eta horrela, ez dituela ez errespetatu ezta aintzat hartu ere egiten herritarren hizkuntza eskubideak.
Jakin badakigu, hainbat herritarrek modu ofizialean eskatu izan duela zerbitzu horiek euskaraz jaso nahi dituztela. Osasun zerbitzuei dagokionez, pasa den urteko martxoan, 65 herritarrek eskatu zuten mediku-pediatra euskalduna. Baina, egoerak bere horretan jarraitzen du. Administrazioak eskaintzen dituen zerbitzuak euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea aitortzen die euskararen legeak “zonalde euskalduneko” herritarrei. Baina, Nafarroako Gobernuak ez ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen, eta hori, oso larria da.
Egoera honen aurrean, Baztango Udaletik berretsi nahi dugu euskara bultzatzeko hartua dugun konpromisoa. Legegintzaldi honetan, UEMAko kide eginda, pauso ugari eman ditugu udala euskalduntzeko. Baina oraindik ere baditugu hutsuneak, eta hutsune horiek betez, euskarari bidea irekitzen jarraituko dugu. Euskararen normalizazioa dugu helburu, eta bide horretan, herritarren eskubideak errespetatuko ditugu. Baztanetik harago ere, bidea erraztu eta euskara normalizatzeko lan egin dezaten eskatu nahi Nafarroako beste instituzioei.”
UEMA
“UEMAk babes osoa agertu nahi dio Baztango udalari. Baita, UEMAko kide diren 73 udalen berotasuna ere.
Baztango Udalari euskara sustatzeagatik ezarritako helegite hau euskararen aurkako erasoa dela salatu nahi dugu. Gainera, Baztangoa ez da eraso isolatu bat. Udal asko izan dira hizkuntza irizpideengatik errekerimendu eta helegiteak jaso dituztenak. Azken hilabetean, aktak euskaraz bidaltzeagatik 14 udali helegitea ezarri die Urkijok, Berastegi eta Zeraingo udalen aurka jo dute UEMAn sartzeagatik… Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan Urkijoren eskutik euskararen aurka abiatutako erasoaldia indartzera dator Nafarroako Gobernua. Eta horrela, euskara sustatu nahi dugunon lana baldintzatzen ari dira.
UEMAko udalek ahalegin berezia egin dute administrazioa euskalduntzeko. Frogatu dugu administrazio publikoan ere euskaraz funtziona daitekeela. Eta gaur egun, euskarazko zerbitzuak bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzten instituzio bakarretakoak UEMAko udalak dira. Eta horregatik, ez da onargarria udalok susmopean ipintzea.
UEMAk hainbat ahalegin egin ditu Nafarroako Gobernuak udalerri euskaldunetan eskaintzen dituen zerbitzuak euskaraz eman daitezen bermatzeko. Nafarroako Parlamentuko hainbat lan saiotan parte hartu dugu proposamen zehatzak eginez, Osasunbideako Zuzendari kudeatzailearekin izandako harremanetan elkarlanerako borondatea agertu genion… Baina Nafar Gobernuak jarrera oztopatzailea agertu du.
UEMAk Nafar Gobernuaren jarrera itxiari eta euskararen aurkako erasoei ikuspegi eraikitzaile batetik erantzuteko erabakia hartua du. Udalerri euskaldunak, euskararen arnasguneak indartzeko, politika eraginkorrak abian jartzen saiatuko gara. Izan ere, udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik eta trataera berezia eman behar zaie. Euskararen arnasguneek ekarpen ezin hobea egin dezakete euskararen normalizaziorako eta hori baliatu behar da.
Horretarako, ordea, baliabideak behar ditugu; beste instituzioen inplikazioa eta lege babesa. Eta Nafarroako kasuan, gaur egun, ez daukagu ez bat ez bestea. Nafarroako Gobernuak entzungor egiten die udalerri euskaldunen beharrei, eta 1986ko Euskararen Legeak bera ere traba bilakatu da arnasguneek behar dituzten hizkuntza politika garatzeko.
Euskara sustatu nahian gabiltzan eragileok elkarlanean ireki behar diogu bide euskarari. Bat eginda erantzun behar diogu euskararen aurkako erasoaldi honi. UEMA instituzio eta eragileekin harremanetan ari da erantzun hori antolatu nahian. Egoera oso larria da eta tamainako erantzuna ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Horregatik, eragileekin harremanetan hari gara; egoeraren berri eman eta ahalik eta euskararen aurkako erasoei erantzun bateratua emateko. “