Hasiera » Zehaztu gabe » Arnasgune prekarioak: Orioren adibidea

Arnasgune prekarioak: Orioren adibidea

oriogauez_contentJabier Zabaleta euskara teknikariak, oro har,  arnasguneen bikaeraren inguruan, eta zehazki, Orioko bilakaera soziolingusitikoari buruz idatzi du Karkararen webgunean. “Orio Euskal Herriko herri euskaldunenetakoa da eta herritarrek ahalegin handia egin dute, urtetan, euskararen egoera hobetzeko. Ahalegin horri esker asko aurreratu dugun arren, euskararen egoera oso prekarioa da oraindik, bilakaera soziolinguistikoaren datuek erakusten digutenez.”

Soziolinguistika Klusterreko Iñaki Iurrebasok udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoari buruzko txostena egin du, 1981-2011 aldiko datuak aztertuz. Donostian otsailean egingo den LURRALDEA & HIZKUNTZA 2. jardunaldian aurkeztuko da txosten hori; baina, aurretik, UEMAko herrietako euskara teknikariok aukera izan dugu edukiaren berri jasotzeko egilearen beraren ahotik.

Iñaki Iurrebasok EAEko herri euskaldunenak aztertu ditu eta arretaz erreparatu dio 30 urteko tartean izan duten bilakaera soziolinguistikoari. Azterketaren emaitzak alarma pizteko modukoak dira, begien bistan jartzen baitigute egia deseroso bat: Euskal Herriaren birika eta arnasgune diren herriotan euskararen egoerak okerrera egin du adierazle gehien-gehienetan; batez ere, azken hamarkadan.

Txostenak sortuko du —sortu behar luke— zeresana, publiko egiten denean; eta hizkuntza politikaren alorrean ardurak dituztenek ere esan beharko dute zerbait, emaitzek zalantzarako tarte gutxi lagatzen dute-eta: EAEn azken 33 urteotan aplikatu den hizkuntza politikak, esparru askotan aurrera egiteko baliagarria izan bada ere, ez du balio izan euskararen arnasguneak sendotzeko. Urteak daramatzagu esaten arnasguneok zaindu eta mimatu egin behar ditugula, berebiziko garrantzia dutelako euskara biziberritzeko; baina ez dugu asmatu esandakoa egiten, eta hara hor ondorioa, gordin: EAEko herri euskaldunenetan ere prekarioa da oso euskararen egoera.

Orioko arnasgunea

Gipuzkoan herriz herriko datuen azterketa ere egina dauka Soziolinguistika Klusterrak, Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren eskariz, eta banakako txostenak guztien eskura daude hemen 2014ko uztailaz geroztik:

Gipuzkoako udalerrien bilakaera soziolinguistikoa

Oriori dagokion 47 orrialdeko txosten mardula aztertuta, garbi dago gurean ere, euskararen egoeraren bilakaerari erreparatuta, baditugula, datu positiboekin batera, kezkatzeko motiboak ere. Txosten horretatik entresaka eginda, datu hauek nabarmenduko nituzke:

  • Euskaraz ondo dakitenen portzentajeak behera egin du Orion azken 25 urteotan: oriotarren %81 zen euskalduna 1986an. Gaur egun (2011ko datua) euskaldunak %76 dira. Orioko haur guztiak euskaldun irteten dira eskolatik joan deneko 25etik gora urtetan; baina euskaldunen portzentajea jaitsi egin da, hala ere, 5 puntu. Hori, batez ere, gertatu da kanpoko jendea etorri delako herrira bizitzera, atzerritik zein Euskal Herriko beste toki batzuetatik: 1986an 4.290 bizilagun ziren Orion, eta 2011n, berriz, 5.372 (2015eko urtarrilean, 5.800 inguru dira). Lotuta dauden bi faktore nagusik eragin dute biztanleen hazkuntza (eta, beraz, ezagutza-indizearen jaitsiera): batetik, etxe berri asko eraiki dira herrian azken hamar urteotan eta, bestetik, immigrazio handiko urteak izan dira. Ikusteko dago, bi faktore horiek indarra galdu duten honetan, zer bilakaera izango duen ezagutzaren datuak aurrerantzean.
  • Euskaraz ezer ez dakitenen portzentajea %10ekoa zen 1986an, eta %7raino jaitsi zen 1996an. Geroztik, hazi egin da berriro eta 2011n %10ekoa zen ostera.
  • Jaioterria EAEtik kanpo duten bizilagunen artean %20k daki ondo euskaraz (hor dago, pentsatzekoa denez, Nafarroatik edo Ipar Euskal Herritik etorritako euskaldun jendea ere) eta %30 da ia-euskaldun. Erdia-edo da euskaraz ezer ez dakiena. Uste baino gehiagok ikasten du euskara, neurri batean bada ere.
  • Haur eta gazteen artean euskararen ezagutza ia erabatekoa da, eta erabilera ere oso altua: %90 ingurukoa (Euskara Zerbitzuak egindako kale-neurketen arabera).
  • Etxeko hizkuntzari dagokion indizean jaitsiera nabarmenena gertatu da: euskara oriotarren %52rentzat zen ‘etxeko hizkuntza’ 2011n. Portzentaje hori 21 puntu altuagoa zen (!) 1986an: %73. Datu hori bat dator Udal Euskara Zerbitzuak 2014an LH4, LH5 eta LH6ko haur eta gurasoekin egin zuen galdetegiaren emaitzekin.

Oriotarrok ahalegin handia egin dugu azken urteotan euskara berreskuratu, normalizatu, biziberritu edo sustatzeko —garaian garaiko terminologiaren arabera—eta aurrerapen handiak egin ditugu hainbat alorretan: irakaskuntzan, komunikabideetan, administrazioan, kirolean, kulturan, merkataritzan… Ez dago gutxiesterik lortutakoa, handia izan baita. Gainera, gazteen erabileraren datu ona oinarri sendoa da itxaropentsu izateko aurrera begira.

Hala ere, ezagutzaren datuek eta, batez ere, etxeko hizkuntzari buruzkoek garbi erakusten digute gure aurrerapen eta ahalegin guztiak ez direla nahiko, bilakaera positiboa bermatzeko eta, ondorioz, euskararen egoerak oso prekarioa izaten segitzen duela Orion, Euskal Herriko toki euskaldunenetako batean.

Benetan sinesten badugu arnasguneon garrantzia funtsezkoa dela euskararen etorkizuna bermatzeko, uste dut iritsi zaigula garaia zerbait berririk saiatzeko, orain arteko bidearen gabeziak nabarmen ageri dira-eta, zoritxarrez.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.