Hasiera » komunikazioa » Urkijok helegiteak jarri arren aktak euskaraz bidaltzen jarraituko du UEMAk

Urkijok helegiteak jarri arren aktak euskaraz bidaltzen jarraituko du UEMAk

IMG_6815Espainiako Gobernuaren ordezkariak gidatuta gauzatzen ari den erasoaldiak bete betean harrapatu gaitu UEMA eta bertako udalak. Kontratazioetako hizkuntza irizpideak, diru-laguntzetarako hizkuntza irizpideak, udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak susmopean jarri dituzte. Azken asteetan, 13 udalek jaso dituzte helegiteak gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzeagatik. Horrela, euskara sustatu nahi dugunon lana baldintzatzen ari dira. Eta garai ilunenetan bezala, orain euskaraz aritzea baimentzen badigute ere, erdara erabiltzera behartu nahi gaituzte.

Egoera larria da. Euskararen ofizialtasuna bera ari dira zalantzan ipintzen. Teorian euskara zein gaztelania hizkuntza ofizialak dira Euskal Erkidego Autonomoan. Baina, praktikan euskarak, erdara erabili ezean, ez duela balio ofizialik esaten digute helegiteok.

Eusko Jaurlaritzari dagokio euskararen ofizialtasuna defendatzea. Eta horregatik, afera horren aurrean babesa eskatu diogu. Jaurlaritzak legezkoa dela irizten dio aktak euskaraz bidaltzea eta hori argudiatzen duen txosten juridikoa igorri du udaletara. Urgentziaz, urtarrilaren 2an igorri genuen ofizialki Jaurlaritzara bilera bat egiteko eskaera. UEMAren asmoa zen, eman beharreko urratsak Jaurlaritzarekin adostu eta bat eginda urratsak ematea. Ez dugu erantzunik jaso eta helegiteei erantzuteko epeak betetzear diren honetan, erabaki bat hartu beharrean gara, ezinbestean.

UEMAko udalak ataka zailean daude. Urte hauetan guztietan egindako bidean atzera egin beharra larria litzateke. Eta akten auziari lotuta, helegiteen aferan aurrera eginez gero; UEMAren aholkulari juridikoen arabera, ez daukagu epaia irabaziko denaren ziurtasunik. Kasu horretan, prozesu juridikoaren gastuei egin beharko diete aurre. UEMAko hainbat udal txikiak dira ez dute horretarako baliabide ekonomikorik. Atzera eginez gero berriz; euskaraz sortutako dokumentuen itzulpen gastuak jasan beharko dituzte aurrerantzean. 

Egoera horren aurrean, hauxe da UEMAren Batzar Nagusiak aho batez hartutako erabakiak:

–          Amaitu berri dugun UEMAren Batzar Nagusian Zerain UEMAko kide izatea onartu dugu. Zerain onartuta, lau herrialdeetako 73 udalerri bilduko ditu UEMAK. Jakin badakigu, Espainiako Gobernuaren ordezkariak helegitea jarri diola Zeraingo udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiari. Baina, hala eta guztiz ere, Zeraingo udalak euskara sustatzeko hartutako konpromisoari atxikiz, onartu dugu Zerain UEMAko kide izatea. Bihartik aurrera, elkarlanean ariko gara udalak euskaldundu eta euskararen arnasguneak sendotzeko. 

–          Aktak euskaraz bidaltzen jarraitzea erabaki duten udalak babestuko ditu UEMAk.  Aduna, Arama, Antzuola, Bergara, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalek aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dute eta helegiteei aurre egiteko bideari ekingo diote epaitegietan. UEMAren aholkularitza juridikoa baliatuko dute udalek horretarako. Eta Eusko Jaurlaritzak aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat joaz udaletara bidalitako txosten juridikoa izango  da defentsarako oinarria.

–          Bat eginda erantzun behar diogu euskararen aurkako erasoaldi honi. UEMA instituzio eta eragileekin harremanean ari da erantzun hori antolatu nahian. Eta ahalegin berezia egingo dugu erantzun hori afera honi eman beharreko soluziobideekin lotzen. Izan ere, ez da nahikoa udalei babesa adieraztea. Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean. Baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere.

–          UEMAk 2015ko egitasmoa onartu du, gaur, Zumaian, egindako Batzar Nagusian. Erasoei ikuspegi eraikitzaile batetik erantzuteko konpromisoa hartu dugu. Udalerri euskaldunak, euskararen arnasguneak indartzeko, politika eraginkorrak abian jartzen saiatuko gara; hizkuntza politika euskara departamentutik harago eraman, eta euskararen arnasguneak duten garrantzia aintzat hartuta, politika orokorraren erdigunean kokatzen saiatuz. 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.