Hasiera » komunikazioa » Udaletako aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat jo du Eusko Jaurlaritzak

Udaletako aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat jo du Eusko Jaurlaritzak

Gaur arratsaldean egin den HAKOBAren bileran aurkeztu du Patxi Baztarrikak udaletako aktak euskara hutsez egitea legezkoa dela argudiatzen duen txosten juridikoa. Hala ere, Jaurlaritzak ez du Urkijok udalen aurka jarritako helegiteen auzietan pertsonatzeko konpromisorik hartu. UEMAren ustez “euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen ari direnean, euskararen normalizazioaren eskumen nagusia duen erakundea, Eusko Jaurlaritza, da horren defentsa bururaino eramatea dagokiona.”

Oraingoan, Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko Udalek jaso dituzte helegiteak. Zehazki, aktak euskara hutsez bidaltzeagatik. Gaia landu eta aferari konponbidea bilatzeko, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak deituta HAKOBAren bilera egin dute,  gaur arratsaldean. 

Patxi Baztarrikak Espainiako Gobernu Ordezkaritzara aktak euskara hutsez bidali dituzten udalei babesa agertu die. Horretarako, jarduera hori legezkoa dela argudiatzen duen txosten juridikoa aurkeztu du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Eta gaineratu du, Jaurlaritzak proposatu duen udal lege berrian, hizkuntzari dagokion atalean, espresuki jasoko dela aktak euskaraz bidali daitezkeela.

Orain arte egin duen moduan, ahoz defendatu du aktak euskaraz bidaltzeagatik helegiteak jaso dituzten udalen jokabidea Baztarrikak. Eta argudiotegian sakontzeko 2568/1986ko errege dekretuan eta Erregioen eta Europako hizkuntza gutxituen kartan aipatzen diren hainbat artikulu aipatzen ditu.  Hala ere, Jaurlaritzak ez du Urkijok udalen aurka jarritako helegiteen auzietan pertsonatzeko konpromisorik hartu.

HAKOBAren bilera ostean UEMAk prentsa oharra plazaratu du. Irakurri osorik:

Gogorrak izaten ari dira azken bi urteak. Euskararen normalizazioan urrats sendoak eman nahian ari garen tokiko administrazioak EAEko Estatu ordezkaritzaren jo puntuan jarrita gaude. Bateko hizkuntza irizpideen aurka, besteko erabilera planen aurka, kontratazioetan hizkuntza irizpideak sartzearen aurka, diru-laguntzetan irizpideak jartzearen aurka, gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzearen aurka… Etenik gabeko erasoa pairatzen ari gara.

Dagoeneko esan dezakegu Espainiako Estatuak abiatu duen erasoa ez dela euskal erakundeok hartutako unean uneko erabaki batzuen aurkakoa, erasoa euskararen ofizialtasunaren aurkakoa da. Zalantzan jartzen ari da euskara bera aski ofiziala den erakundeon eguneroko premietarako, eginkizun administratiboak eta erakundeen funtzionamendua euskaraz egiterik ba ote dagoen.

Egoera horrek, UEMAren ustez, hausnarketa serio bat egiten hasteko beharra mahai gaineratzen du. Eta esan gabe doa, HAKOBAn biltzen garen instituzio ezberdinon elkarlana eta guztiok norabide berdinean lanean hasteko beharra dela, gure ustez, ezinbesteko abiapuntua.

Une honetan udalak ari dira euskara irizpideak epaitegietan babesten. Euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen ari direnean, euskararen normalizazioaren eskumen nagusia duen erakundea, Eusko Jaurlaritza, da horren defentsa bururaino eramatea dagokiona. Kontutan hartu behar da helegiteak jaso dituzten udal asko udal txikiak direla, eta ez dutela prozesu juridikoek dakartzaten kostu ekonomikoei aurre egiteko baliabiderik. Horregatik, behar beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak udalok praktikan babesteko jauzia ematea.

Abenduaren 18an aurkeztuko duen udal legean, hizkuntzari dagokion atalean, aktak euskaraz bidal daitezkeela espresuki jasotzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak. Eta horrekin bat egiten du UEMAk. Baina kontutan hartu behar da EAEn Espainiako Gobernuak duen ordezkariak euskararen aurka abiatua duen erasoaldia akten auzia baino zabalagoa dela. Eta oro har, udalak babes errealik gabe aurkitzen direla Urkijok ezarritako helegiteen aurrean.

Horregatik UEMAk Jaurlaritzari eta gainerako administrazioei udalerri euskaldunetan euskararen normalizazioan dagozkigun urratsak legalki eman ahal izateko iniziatiba legegile bat abiatzeko eskua luzatu nahi die, eta gaiak duen garrantzia kontuan izanda, kontuari behar bezalako seriotasunez heltzeko eskatu.

 

.  

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.