Zumarragako ospitalean erresonantzia unitate berria eratuko da. UEMAk eta hainbat udalek herritarrek euskaraz artatuak izateko daukaten eskubidea bermatzeko eskatu dute. Eta ama hizkuntza euskara duten, edo euskara lehenetsi duten pazienteen erresonantzien txostenak euskaraz idatzita eskaintzea.
Erresonantzia unitate berria aurrerapausoa izango da eskualdearentzat eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko balioko du zalantzarik gabe. Ideia horri lotuta, kalitatea hizkuntzari lotuta ere badagoela gogorarazi eta honetan hizkuntzaren gaia kontuan hartzeko eskatu dute UEMAk eta Mankomunitateko kide diren Goierri-Urola Garaiko eskualdeko udalek.
Maren Belastegi, UEMAko lehendakariak, eta hainbat alkatek OSATEKeko Zuzendari Kudeatzaileari bidalitako gutunean Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuaren hitzak ekarri dituzte gogora. “Osakidetzara doazen herritarrei erosoena eta errazena zaien hizkuntzan komunikatzeko aukera ziurtatzea funtsezkoa da osagile-paziente eta familiaren arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko.” Eta alkateak diotenez, “kalitateaz haratago, Osakidetzaren irudi korporatiboa eta erabiltzaileen gogobetetasuna hobetuko luke zalantzarik gabe.”
Kontuan izan behar da, Goierri-Urola Garaian oso euskaldunak diren herriak ditugula, horietako hamar, hain zuzen ere, UEMAko kide dira: Arama, Altzaga, Itsasondo, Zaldibi, Gaintza, Ezkio-Itsaso, Segura, Zerain, Azpeitia eta Beizama. Udal horien eta UEMAren helburua da herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea eta hori horrela izan dadin beharrezko neurriak hartzea. Mankomunitateko udalek esfortzu handia egin dute administrazioa euskaldundu eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeko, eta uste dute, goi adiministrazioak ere urratsak eman behar dituela norabide horretan.
Horregatik, herritarrek euskaraz artatuak izateko daukaten eskubidea bermatzeko eskatu dute. Eta ama hizkuntza euskara duten, edo euskara lehenetsi duten pazienteen erresonantzien txostenak euskaraz idatzita eskaintzea.