Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3an eta hori ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. Horrela, azaroaren 29an, larunbatean, ‘Berba eta Kafea: zer eman dizu euskarak? Eta zuk euskarari? Bermeoko berbak’ ekimena egingo da eta, igandean, azaroaren 30ean, 2013ko jaioberrien liburua aurkezteko jaia egingo da.
Horrez gain, abenduaren 2an, martitzenean, Jone Aboitiz bermeotarrak eta June Lauzirika lekeitiarrak herri bietan euskara eta gaztearen egoerari buruz egin duten ikerketaz berba egiteko, mahai-ingurua egingo da eta abenduaren 3an ikastetxeetan euskararen aldeko hainbat ekitaldi izango dira. Gainera, abenduaren 3an, Bermeoko Udalak .eus domeinua aktibatuko du eta abenduaren 4an, eguenean, Mikel Markezen kontzertua egongo da.
Egitarau zabal honen berri eman dute Josu Unanue alkateorde eta Euskara Saileko zinegotziak, Aitziber Gabikaetxebarria Udaleko Euskara teknikariak Amaia Astobiza Elhuyarko teknikariak prentsa agerraldian.
Unanuek Euskararen Nazioarteko Egunak euskara indartzeko balio behar digula azpimarratu du. “Horregatik, bada, urte osoan egiten dugun lanari bultzada berezia eman gura diogu egun honen bueltako ekintzen bitartez, herritarrekin batera”.
Hortaz, laugarren urtez, BERBA ETA KAFEA saioa antolatu dugu, zapatuan, azaroaren 29an Kafe Antzokian, 11:00-14:00 bitartean. Ekitaldi irekia izango da, gura duenak parte hartzeko aukera izango du eta Unanuek azaldu duenez, “oraingo honetan, Bermeoko euskararen balioa eta prestigioa azpimarratuko dugu eta saio emankorra, erakargarria eta arina izango da”.
Gai horri buruzko gogoetaren bitartez, Aitziber Gabikaetxebarriak adierazi duenez, helburu hirukoitza lortu gura da, Bermeoko euskarari prestigioa ematea, euskaraz bizi diren eta euskara bultzatzen duten herritarrak ezagutzea eta horri balioa ematea.
Horretarako, Bermeoko hainbat herritar ezagun gonbidatu dituzte Berba eta Kafera “gurekin batera hausnar dezaten eta haiek euskararekin duten harremanaren berri eman diezaguten”. Bermeoko kirolariak, idazleak, kazetariak, antzerkigileak, EHUko irakasleak, bertsolariak, zine zuzendaria, kanpotik etorritakoak eta herritik urrun bizi izan direnak…. gonbidatu dituztela adierazi du eta, jakina, herritar guztiak ere gonbidatuta daudela azpimarratu du
Amaia Astobiza Elhuyarko teknikariak azaldu duenez, galdera hauen bueltan arituko dira Kafe Antzokira hurreratuko direnak: zer eman dizu euskarak? Eta zuk euskarari? Bermeoko berbak. Galdera horien bitartez hausnarketa egingo da euskararen erabileraz, eta beste alde batetik, berba kuttunen bilduma osatuko dute-
“Zein dira zure berbarik gustukoenak? Noiz erabili zenuen, azkenekoz, amamari ikasitako esaera hura? Galdera hauei eta beste askori erantzuna emango diogu denon artean eta ziur aspaldian entzun gabeko hainbat eta hainbat berba eta esaera gogoratuko ditugula”, adierazi du Elhuyarko teknikariak.
Azaldu duenez, orain arte bezala, taldetan banatu eta hainbat dinamika egingo dituzte, kafea eta pastak lagun, goiz atsegina pasatu eta euskarari buruzko hausnarketari tartetxo bat egiteko.
Azkenik, saioan parte hartuko duen Xabi Ortuzar aktore bermeotarrak bere parte hartzearen zentzua adierazi du,:”hainbat arlotan euskaraz bizi garen bermeotarrok gure esperientzia eta bizipenak ekarriko ditugu Berba eta kafera eta pozgarria da herritar talde handi batekin esperientzia horiek partekatzeko aukera izatea” .
2013ko jaioberrien liburua
Bestalde, Josu Unanuek adierazi duenez, urtero moduan, Udaleko Euskara Sailak, Bermeon 2013an jaiotako umeen liburua argitaratu du eta domekan, azaroaren 30ean, aurkeztuko du Bermeoko Kafe Antzokian eguerdiko 12:00etan egingo den jai polit batean.
Euskara zinegotziak gogoratu duenez, 2002 urteaz geroztik, Bermeon jaio diren ume guztiei bertso-papera egiten zaie eta oraingoan, 2013an jaio diren 138 umeek eta euren familiek, bertsolariek beren-beregi egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere izango dute.
Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikariak xehetasunak eman ditu: Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da eta bertsoa kantatzeko doinua ere.
2013ko jaioberrien liburuaren jaia Agor Guenak aurkeztuko du eta bertan Patxin eta Potxin pailazoak ikuskizun polita eskainiko dute. Gurasoak, umeak eta familiak izango dira jaiaren protagonistak eta horretarako, guraso batzuek euren umearen bertsoa irakurriko dute”.
“Patxin eta Potxinen pailazoen ikuskizunaren ostean, liburua banatzeko ordua izango da eta alkatea eta ni neu han izango gara hurreratzen diren gurasoei liburua emateko”, azaldu du Unanuek. Amaitzeko, denek batera urteko argazkia aterako dugu eta egun hori gogoratzeko, libururako markatzailea egingo da eta etxean jasoko dute gurasoek. “Domekan une hunkigarria pasatzeko aukera izango dugu guztiok, 2013ko umeek, euren guraso eta familiek, beraz, gonbitea eginda dago”, azpimarratu du.
Horrez gain, abenduaren 30ean, domekan, Eleizalde ikastolak antolatuta Goiko plazatik Lamerara 13:10ean kalejira egingo da jai batekin bukatzeko.
‘Euskara eta gazteak’ mahai-ingurua
Bestalde, Euskara zinegotziak azaldu duenez, Jone Aboitiz bermeotarrak eta June Lauzirika lekeitiarrak Bermeon eta Lekeition gazteen eta euskararen egoerari buruzko ikerketa bat egin dute eta herri bien egoera alderatu dute. Horren berri emateko eta gaur egun gure herrietan gazte eta euskararen erabilerari buruzko hausnarketa bat egiteko mahai-ingurua egingo da abenduaren 2an, martitzenean, arratsaldeko 19:00etan Kabidxen, Goiko Plazan.
Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikariak azaldu duenez, “balio handikoa da era honetako ikerlanak egitea eta are gehiago, emaitzak zabaltzea. Ikerketa honen bidez ekarpen interesgarria egin dute, gazteek euskararenganako duten jarrera eta erabilera hobeto ezagutzeko”. “Gazteak gonbidatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera oso interesgarria izango delako”, adierazi du Euskara zinegotziak.
‘Ikastetxeetako ekintzak’
Bestalde, abenduaren 3an, eguaztenean, Bermeoko lau ikastetxeetan (institutuan, Ikastola, Sagrado Corazón ikastetxean eta Herri ikastetxean) antzerkiak, tailerrak, jokoak, ipuinak eta kultur ekintzak egingo dira, besteak beste, Euskararen Nazioarteko Egunean. Kalinpan ere ikastetxe guztietan ibiliko da euskara zabaltzen.
Euskararen Nazioarteko Egunean Bermeoko Udalak .eus domeinua aktibatuko du bere web gunean, euskara eta euskal komunitatearen Interneteko goi mailako domeinua, hain zuzen ere. Horrez gain, abenduaren 4an, eguenean, arratsaldeko 20:00etan Mikel Markezen ‘Indar bat dabil hor’ kontzertua izango dugu Bermeoko Kafe Antzokian.
Beraz, Josu Unanuek nabarmendu duenez, egitarau zabala prestatu dugu Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta guzti hauetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Halaber, Bermeoko Udalak euskararekin duen konpromisoa eta herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean euskararen aldeko lanean jarraitzeko duen asmo sendo berretsi du alkateorde eta Euskara zinegotziak.