Balantzea eta ondorioak aztertu, eta etorkizunaz hitz egin dute elkarteek, Udalak eta Ttur-tturrek:
Euskara Elkartera egitasmoan parte hartu duten elkarteek emaitza onak lortu dituzte. Oiartzungo elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko aurrerapausoak eman dituzte egitasmoko kide diren elkarte guztiek. Elkarteek konpromiso desberdinak hartu zituzten 2008an sinatutako Hitzarmen Zehatzetan euskararen erabilera areagotzeko, eta %68ko betetze maila lortu dute. Egitasmoko kide diren 29 elkarteetatik 24k dituzte Hitzarmen Zehatzak. Udaleko eta Ttur-tturreko ordezkariekin batera, elkarteetako kideek etorkizunari buruz gogoeta egin dute bilera batean. Elkarrekin, baina eskutik helduta joan gabe elkarlanean nola jarraitu aztertu dute.
29 elkartek sinatu zituzten Hitzarmen Zehatzak 2008an. Euren elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoak hartu zituzten Hitzarmen horietan; bakoitzak, berak aukeratutako konpromisoak, eta berak aukeratutako konpromiso kopurua. Hala, Hitzarmen Zehatz guztiak desberdinak izan dira, elkarte bakoitzak berea izan du.
Hitzarmen Zehatzen balantzetik ateratako datuak aurkeztu zituen Axun Erzibengoa Ttur-ttur Euskaltzaleon bilguneko suspertzaileak urriaren 30ean eginiko bileran. Egitasmoa Ttur-tturrek gauzatzen du, Oiartzungo Udalarekin duen Hitzarmenari esker. Elkarte bakoitzaren egoera eta abiapuntua desberdina izanik, eta bakoitzak eginiko bidea ere desberdina izanik, elkarte guztiek egindako lana azpimarratu zuen, “Guztiek eman dituzue pausoak aurrera. Garrantzi handiko lana egin duzue, ez dakit jabetzen zareten. Guk lagundu egin dizuegu, baina pausoak zuek eman dituzue”. Elkarteek egunerokoari aurre egiteko dituzten zailtasunak kontutan hartuta egindakoak duen garrantzia azpimarratu zuen.
Elkarte guztiek hartutako konpromisoak kontutan hartuz gero, %68ko betetze mailara iritsi dira. Bideratuta geratu diren konpromisoak %14 izan dira eta beste hainbeste bete gabe geratu direnak. Azkenik %4ren kasuan ez dakigu bete ote den. Elkarte bakoitzak, esan bezala, bere konpromiso kopurua izan du. Kopuru horri begiratuta, hartutako konpromisoetatik erdia edo gehiago bete dituzte 20 elkartek. Egitasmoko 29 elkarteetatik 24k dituzte Hitzarmen Zehatzak, eta horietatik atera dira balantze datuak. Beraz, 24 elkartetik 20k (%83,3) bete dituzte hartutako konpromisoen erdia edo gehiago.
Hitzarmenetan arlo desberdinak landu dira: Euskararen ezagutza, ahozko eta idatzizko irudi estatikoak, idatzizko irudi eta errotulazioa, ahozko barne harremanak, idatzizko barne harremanak, ahozko kanpo harremanak eta idatzizko kanpo harremanak. Arlo horietako datuak ere biltzen dira balantzean. Arlo horietako bakoitzean betetze maila %60koa edo handiagoa da.
Etorkizunari begira
Irati Etxebeste Euskara zinegotziak nabarmendu zuen elkarteek herritarren Aisialdian duten garrantzia. Horretaz jabetuta erabaki zuen Udalak bere garaian esparru horretan indarra
Oiartzungo Udala Euskara Zerbitzuajartzea. “Emaitzek erakusten digute bazegoela zeregina, eta aurreratu dugula”. Etorkizunari begira, egitasmoak jarraitzea garrantzitsua dela adierazi zuen zinegotziak, baina elkarteek badutela gaitasuna euren kabuz ere aurrera egiteko, eta beraz, aurrerantzean elkarlan hori nolakoa izango den aztertu behar dela. Ildo beretik, Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak adierazi zuen, elkarlanari eustea garrantzitsua dela, eta aurrera egindako pausoetan atzera ez egitea. “Eskutik helduta joan gabe, baina elkarrekin joateko zein formula topa genezakeen aztertu behar dugu”, adierazi zuen.
Gogoeta horien inguruan hitz egin zuten elkarteetako ordezkariek bileran. Jasotako ideiak bildu eta proposamen zehatza egiteko konpromisoa hartu zuten Udalak eta Ttur-tturrek.
Euskara Elkartera egitasmoa 2006an sortu zen. Herriko elkarteekin harremanetan jarri eta ordutik hainbat pauso eman ditu: 2007an Hitzarmen Orokorrak; 2008an Hitzarmen Zehatzak; 2009tik aurrera Hitzarmen Zehatzak betetzeko hainbat ekintza egin dituzte elkarteek, batzuk taldeka, eta besteak bakarka.