Hasiera » udalerriak » Zarautzen libre geratu den mediku lanpostua betetzeko euskara jakitea ez da beharrezkoa izango

Zarautzen libre geratu den mediku lanpostua betetzeko euskara jakitea ez da beharrezkoa izango

UEMA, Zarauzko Udala, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz, LAB Urola Kosta, Zarauzko AEK eta Zarauzko Ikastolak desadostasuna adierazi diote Osakidetzari. Bi izan dira ezinegona sortu duten arrazoiak. Zarauzko osasun zentroko mediku bat jubilatu ostean, Osakidetzaren euskara planak jasotzen duenaren aurka, lanpostu horri ez zaio euskara ikasteko derrigortasun-datarik jarri. Ondorioz, lanpostua betetzeko euskararen ezagutza egiaztatzea ez da beharrezkoa izango. Eta hori gutxi ez balitz, baja hartu duen emaginaren ordez, erdalduna ekarri dute.

UEMA, Zarauzko Udala, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz, LAB Urola Kosta, Zarauzko AEK eta Zarauzko Ikastolak sinatutako prentsa oharra osorik:

Behean sinatzen dugun eragileok gure desadostasuna adierazi nahi diogu Osakidetzari Zarauzko osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena izango duen, eta, ondorioz, Zarauztarroi zuzenean eragingo digun erabakiak hartu dituelako.

Bi izan dira ezinegona sortu diguten erabakiak. Zarauzko osasun zentroan lan egiten zuen mediku batek jubilazioa hartu zuen maiatzean. Titularrik gabe dagoen postu horri, Osakidetzaren euskara planak jasotzen duenaren aurka, ez zaio euskara ikasteko derrigortasun-datarik jarri eta lanpostua betetzeko barne prozesua abiatu du Gipuzkoa Eskualdeak. Ondorioz, lanpostua betetzeko euskararen ezagutza egiaztatzea ez da beharrezkoa izango. Eta hori gutxi ez balitz, baja hartu duen emaginaren ordez, erdalduna ekarri dute. Horiek horrela, zarauztarroi euskaraz artatuak izateko zailtasunak areagotuko zaizkigu aurrerantzean.

Hainbat arrazoirengatik iruditzen zaigu kezkagarria Osakidetzak hartu duen erabakia:

– Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin eginda, Zarauzko herritarron hizkuntza eskubideak urratuko ditu Osakidetzak.

– Osakidetzak ez ditu kontutan hartu Zarauzko herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere.

– Zarauzko euskararen arnasgunean erdara nagusi den eremu bat sortuko du Osakidetzak, bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez. Bertako herritarren %70ek daki euskaraz, eta %17k euskara ulertzen du. Euskara nagusi izanik, euskararen arnasgune indartsua da gure herria.

– Kalitatea da Osakidetzaren helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan hizkuntzari lotuta dago. Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi zuen moduan, osagile eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da. Kontraensakorra, beraz, hartutako erabakiekin.

Arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere.

Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz, trataera berezia behar dute; bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntzari dagokionean ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira.

Egoera honen aurrean gure kezka eta ezinegona adierazi nahi dugu. Hori horrela, orain arteko prozedura berrikusi, eta lanpostuari derrigortasun data jar diezaioten eskatu nahi diegu Osakidetzako arduradunei. Zarauzko herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu, eta beraz, zor zaigun begirune eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.