Hasiera » hizkuntza politika » UEMAk oso larritzat jo du Nafarroako eremu euskalduneko lanpostuei hizkuntza eskakizunak jartzeko helburuz aurkeztutako mozioa atzera bota izana

UEMAk oso larritzat jo du Nafarroako eremu euskalduneko lanpostuei hizkuntza eskakizunak jartzeko helburuz aurkeztutako mozioa atzera bota izana

Pasa den astean, administrazio publikoko lanpostuei hizkuntza eskakizuna ezartzeko eskatu zuen UEMAk Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza, Jusitizia eta Barne Saileko batzordean egindako agerraldian. Gaur, Bildu eta Aralar-NaBai taldeek aurkeztuta, UEMAren eskaerak jasotzen zituen mozioa eztabaidatu dute Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran.  Baina zoritxarrez, ez du nahikoa babesik jaso.  

UEMAk oso larritzat jo du Nafarroako udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko funtzio publikoan plantilla organikoak aldatu, eta eremu euskalduneko profesionalei hizkuntza eskakizunak jartzeko helburuz Bildu eta Aralar-NaBai taldeek aurkeztutako mozioa atzera bota izana. Mozioak proposamena aurkeztu duten taldeen babesaz gain, I-E eta Geroa Bairen babesa jaso badu ere, ez da nahikoa izan aurrera ateratzeko. Parlamentuak, beste behin, entzungor egin dio herritarren eskaerei, eta udalerri euskaldunek proposatutako neurriak ez ditu aintzat hartu.  Ondorioz, Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzen jarraituko du, eta Nafarroako euskaldunak babesik gabe utzi.

UEMAk udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietako egoeraren gainean egindako azterketek argi erakutsi dute zer nolakoa den Nafarroako egoera. Agerian gelditu  da Nafarroako Gobernuak sistematikoki urratzen dituela legeak herritarrei aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak. Baina, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran argi ikusi denez, nahiago dute euskara desagerrarazteko helburua duen hizkuntza politika bultzatzen jarraitzea, eta hankamotza suertatuta ere, indarrean dagoen euskararen legea bera ere garatzeko eta betetzeko ez dutela inolako borondate politikorik, ez UPNk, ez PPk, eta ezta PSNk ere. Gaurko Osoko Bilkurak agerian utzi du, beste behin, Nafarroak bestelako hizkuntza politika bat behar duela, integratzailea, herritar guztien hizkuntza eskubideak aintzat hartuko dituena, eta hizkuntzaren iraupenerako, garapenerako eta zabalkunderako baliagarria izanen dena.

Errealitate honen aurrean, lehenik eta behin, egoeraren larritasuna azaleratu nahi du UEMAk. Baina, etsipenean erori gabe, herritarrei dei egin nahi die legez dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatu eta exijitzen jarraitzeko. Bide horretan, UEMAren eta UEMAko kide diren udalen babes osoa izango dute. Eta jakinarazi nahi dugu UEMAK euskara sustatzeko lanean jarraituko duela, euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzen, herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea oinarri hartuta.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.