UEMAko ordezkariek agerian utzi dute hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela Nafarroan. “Legeakdioena Nafarroako Gobernuak ez du betetzen. Hor dira Behatokiaren, Arartekoaren edota Europako Kontseiluaren txosten ugari. Bistan da Nafarroako Gobernuak Legearen irakurketa murritza eta atzerakoia egiten duela. Dekretu bidez legearen garapena murriztu nahi izan da, eta erabakiak bultzada politiko bati erantzuten dio, eta ez inolako irizpide teknikori.”
Jon Abrilek gogora ekarri du UNESCOREN mapan euskararen egoera “zaurgarria” dela. Udalerri euskaldunek ikuspegi soziolinguistikotik daukaten “garrantzia” nabarmendu du. “Arnasguneak babesa eta diskriminazio positiboa behar dute. Gure herriak (Bera, Leitza…) behar beharrezkoak dira Nafarroako euskara gal ez dadin. Hori bermatzea dagokigu. Nafarroan, ordea, kontrakoa egiten da.”
Egoera hau gainditzeko, eskualde euskaldunenetan lanpostuguztiak elebidunak izan daitezen eskatu dute UEMAko ordezkariek. “Lehentasun eman behar zaie herri euskaldunenetako osasungintzako langile eta liburuzainei: jendaurrean dauden mediku eta pediatrak, Emakumeen Arretarako Zentroetako profesionalak, eta liburuzainak.”
Eneka Maizen arabera, gainontzeko eskualdeetan lanpostuei hizkuntza eskakizuna ezarri behar zaie progresiboki. Gaur egun ez da hori gertatzen. Gainera, “zerbitzu guztietan zirkuitu elebidunak ezarri behar dira. Dagoeneko Administrazioan lanean ditugun langile elebidunak zirkuitu elebidunetan antolatzea lehentasunezkoa da, zerbitzu bakoitzak gutxienez berea izan dezan, eta edozein herritarren hizkuntza eskubidea bermatua egon dadin.”
Langileen kudeaketari dagokionez ere badago zer hobetu Maizen ustez. “Baliabideak alferrik galdu ez daitezen, formaziorako irizpideak ezarri behar dira. Finean formatutakoak zerbitzu publikoa elebiz emateko gaitzea izan behar du helburua. Izan ere, administrazioak euskaldundu direnen kudeaketa egin behar du ezinbestean.”
UEMAko ordezkariek aditzera eman dutenez, Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko badira, aditu taldeen laguntza teknikoa ere baliatu beharko luke Gobernuak. “Aholkularitza tekniko interdisziplinarra sortu eta administrazioa euskalduntzeko plangintza egin behar da. Plantilla organikoko hizkuntza perfilak berritu eta progresio plan bat egiteko.” Euskararen legeak hala eskatzen du.
Hitzartzea bukatzeko, UEMAren izenean, egindako proposamena gauzatze bidean elkarlanean aritzeko borondatea agertu dute, bi ordezkariek. “Euskarak Nafarroan ez du koofizialtasun disfuntzional eta regresiborik merezi. D ereduak muga geografikorik merezi ez duen moduan, Nafar euskaldunok ere ez dugu apartheid linguistikorik merezi. Eta hori da gobernu honen hizkuntza politika gaur egun. Mesedez, egin dezagun elkarlana gure hizkuntza ondarea indartzearren, eta denon hizkuntza eskubideak bermatzearren. Horretarako, elkarlanerako, geure burua eskaintzen dugu.”