Bihar, goizeko 11:00etan, Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza, Jusitizia eta Barne saileko batzordean agerraldia egingo du UEMAk. EHBildu eta NaBai talde parlamentarioek eskatuta, eta UEMAri ezarritako betoa gaindituta, Nafarroako osasun etxe eta liburutegietan gertatzen den hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa gainditzeko proposamena egingo du, UEMAk. Zehazki, plantilla organikoa aldatzeko eskatuko du.
Orain urtebete, Nafarroako udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietan gertatzen denaren diagnostikoa egin zuen, UEMAk. Egindako azterketaren emaitzek argi erakusten dute Nafar Gobernuak udalerri euskaldunetan eskaintzen dituen zerbitzuetan ez dela euskararik bermatzen. Eta ondotik, herritarren hizkuntza eskubideak sistematikoki urratuak izaten ari direla.
Errealitate hori gainditu nahirik ahalegin berezia egiten ari da UEMA. Horrela, hainbat eragile eta instituziorekin harremanetan jarri da aferari konponbidea bilatzeko. Pasa den urteko azaroaren 19an, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza eta Kulturako lan saio banatan parte hartu zuten UEMAk. Lan saio horietan, egindako diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta egoera gainditzeko proposamenak egin zituzten Eneka Maiz eta Jon Abril UEMAko zuzendaritza batzordeko kideek. Baina, UEMAren proposamenek ez zuten aurrea egiteko babesik. EHBildu eta NaBai talde parlamentarioek aurkeztutako mozioak ere erantzun berbera jaso zuen beste talde parlamentarioen aldetik, ezezkoa.
Herritarren eskaerak
Bitartean, egoerak bere horretan jarraitzen du Nafarroako Udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietan. Legeak zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea aitortzen badie ere, Nafar Gobernuak ez du hori betetzen. Eta horregatik, eskubide horiek aldarrikatu eta mediku nahiz pediatra euskalduna lortzeko, hainbat herritarrek eskaera pertsonalak bideratu dizkiote Osasunbideari.
Leitzan Areson eta Goizuetan pediatra euskalduna eskatzeko 171 eskaera jaso zituzten. Baztanen 65 eskaera bideratu ziren orotara, eta Basaburuan ere erizain euskalduna eskatzeko hainbat eskaera bideratu dituzte. Eskaera egindakoei iritsi zaie erantzuna, guztiek jaso dute ezezkoa, plantilla organikoan dagoela arazoa argudiatuz.